Musika

Antton Iturbe

2017.05.04

Antton Iturbe

Disko kritika: Paddy Rekalde & Itsua (Paddy Rekalde & Itsua)

Portada_Paddy-&-Itsua_WEB

“Spray” doinuan, Kulturaren merkantilizazioaren inguruan Paddy Rekaldek botatzen dituen salaketak musika estilo garaikideago, dantzagarriago, gazteago, “kaletarrago” eta ziztatzaileagoz jantzita bota zitezkeela argudiatu dezakegu. Baita metafora eta hitz joku aldrebesago eta koloretsuagoz esan zitezkeela ere, edo autotuneren lifting pittin bat erabil zezakeela, guztion sakelakoak eta ipurdiak astintzen dituen zorioneko trap estilora gerturatu eta entzulego gaztearen belarrietara ailegatzeko ahalegin handiagoa eginez. Eta onartuko dut gainera, estreinako aldiz entzun nuenean lau abestiko disko hau hori guztia bota nuela faltan, eta une batez asmo oneko baina emaitza zaharkitu eta aspergarri samarreko lantzat hartu nuela.

Baina enegarren aldiz entzun dut ordudanik eta, erabat katigatu nauela, geroz eta garbiago eta ederrago azaldu zait barnean gordetzen duen egia. Hori baita hemen gakoa. Egiazkoa al litzateke Paddy, bere ibilbide luzeari begira, C Tangana edo antzeko besteko inoren ubera jarraituko balu? Ezta gutxiago ere, eta lehenengo ezustekoaren ondoren disko gogorrean galduta geratuko litzateke betirako. Itsua eta Paddy Rekalderen unibertsoa, 70eko hamarkadako funk, soul eta old school rap doinuek osatzen dute, blaxploitation filmek, zinema beltzak eta rock istorio ilunek. Gil Scott-Heron-en dotoreziaz blaitutako spoken word-a (edo slam poetry-a) da Paddyren hizkuntza, eta maisuki barreiatzen du bere mezua, flow sakon eta hipnotiko batez baliatuz. Eta hasiera batean kontrakoa iruditu arren, berriz entzutera bultzatzen zaituen bildumatxo polita eraiki dute bion artean.

ETIKETAK:Beat SaladDisko KritikakDiskoakPaddy Rekalde & Itsua