Musika

Antton Iturbe

2016.12.19

Antton Iturbe

Disko kritika: ‘Oro bat’ (Asier L.I.)

Oro bat azala

Zein ederra den Asier L.I. bezalako artista bat aurkitzea eta, Oro bat bere estreinako lana ez dela jabetzean, gozamena eta lilura luzatzeko aukera disko horretara mugatzen ez dela sentitzea. Baina aldi berean, zein zaila den Oro bat bezalako obra bat deskribatzea eta eragiten duen lilura nolabait azaltzea, eta batipat, jendea entzutera animatze aldera, beste edozein musika ezagunarekiko loturaren bat bilatzea. Oro bat ez da edozein egunetan entzuten den “beste” disko bat, baina saiatu, behintzat, saiatuko naiz…

Bere ahots eta pianoaz gain, Iñaki Telleriaren perkusio ukitu leun batzuk eta Fredi Pelaez ekoizlearen Hammond organoa baliatu ditu Asierrek diskoko abesti guztiak grabatzeko. Intimitatea eta goxotasuna bilatu duela pentsa daiteke beraz, eta, bide horretatik, gau giroa epeltzen duten jazz estandarreko doinu sentsualak irudika ditzakegu, edo biziki hunkituko gaituzten pop kutsuko balada autokonfesional dotore batzuk. Era horretako etxekotasunaren arrastorik ez da hemen. Ilargi betearen eta jazz klubetako karrikaren erromantizismoa baino, Ipar poloko aurora boreal baten distira bitxi, arrotz eta hipnotikoa dakusat nik hemen. Janzkera elektronikoa izango balu, agian James Blake lekarke gogora, baina ez, Oro bat ez da disko familiarra, ez da erraza, ezta goxoa ere. Disko zaila da, ezberdina, eta une askotan deserosoa suerta daiteke.

Batetik, Asierren ahots bikaina dago, lehenengo planoan, gordin, ia batere erreberberaziorik edo bestelako efektu gozagarririk gabe aurkeztua; bestetik, doinuen egitura, etereoa batzuetan, aldrebesa besteetan, inoiz ez errazki atxikigarria; eta azkenik, hitzen konplexutasun pitin bat kriptikoa. Horrek guztiak, geruza babesle bat ezartzen du Asierren abestien inguruan. Muranoko kristaleen dotorezia liluragarriz osatuta bailegoen, ederra da eta aldi berean ukitzeko beldurra eragiten digu. Asierren musikaren lirismo zoragarria bere etsairik handiena bilaka daiteke, entzuleak dagokion denbora eta patxada eskaintzen ez badio. Zentzu horretan, eta egungo euskal musikaren barnean, ganbarako musikaren nolabaiteko zabaltze horretan, Neighbor bikotearekin paralelismo bat ezartzea bidezkoa da. Baina Maite Larburu eta Josh Cheatham-en doinuek pop ukitu nabarmenagoa dutela esango nuke. Asier L.I.-k helduleku gutxiago eskaintzen dizkio entzuleari, ausardia puntu bat eskatzen du (Asierrek berak argitaratzeko izan duenaren zatitxo bat), kristala apurtu eta aurrean irekitzen den amildegi intimo horretara begiratu eta zeure burua bertara erortzen uzteko. Hor bai, hor azaltzen du diskoak bere intimitatea, bere aitormen hunkigarriak, bere goxotasuna eta bere benetako edertasuna.

ETIKETAK:Asier L.I.Fredi PelaezIñaki TelleriaJosh CheathamMaite LarburuNeighbor