2017.06.14
Lur labainkorretan mugitzen da Iker Lauroba bakarkako bigarren disko honetan. Askotan pop estandarretik, besteetan rock leunetik eta batzuetan folketik hurbil dagoen balada sorta da disko honetan topa daitekeena, kantu gehienetan, gainera, oso nabarmena da emakumezko laguntzaileen ahotsa, kasik dueto moduan burututa baitaude kantuetako batzuk. Apustu latza da Laurobak egin duena. Donostiarrak, ordea, badu nahikoa eskarmentu enbidotik onik ateratzeko, eta hori nabarmentzen da hitz esanguratsu eta irudimentsuetan, melodia gehienei, uneren batean edo bestean, darien pop zapore argitsuan eta belarriak gozo-gozo uzten dizkizun kantaera marrantatuan. Bihotzaren bentrikuluren batean dago Laurobaren lubakia.
(Berria egunkarian, 2017ko ekainaren 11n argitaratutako kritika)