2017.03.14
“Joder”. Hori izan zen Hedoi Etxarte idazlearen lehenengo erreakzioa Nizuri Tazuneriren lehenengo diskoa entzuterakoan. “Freedom for the TRAP Country!” aldarrikatu zuen txio berean. Trap musika euskarara heldu da. Edo hobeto esanda, euskara heldu da trap musikara.
Baina zer da trap-a? Nik ez dizut kontatuko. Deskubritu behar den musika estiloa da. Batzuentzat, bizimodua. Londresetik oso hurbil bizi naiz pasa den urtetik, eta bertako klubetan gehien entzuten den musika, modan dagoena, hori da. Baxu potenteak, clap-en errepikapena, rapa slow motion-en.
Aritz Sound Systemek —Selektah Kolektiboa lehenengo rap taldearen izena asmatu zuena, portzierto— bere zuzeneko batera gonbidatu ninduen 2007an. Pau Lee-rekin konpartitu nuen eszenatokia, eta lehenengo aldiz emakume bat euskaraz rapeatzen ikusi (eta gozatu) nuen. 2014. urtean, Fani gipuzkoarrak bere euskarazko lehenengo kantak grabatu zituen Nizuri Tazuneriren street album-en. Orain Fani da, nire uste apalean, euskarazko rap abeslaririk onena. Inork ez ditu bere flow-a, melodiak eta ahots ederra. Eta Norzzone? Euskal Herriko (ez bakarrik euskarazko) raparen Lionel Messi dugu. Extralurtarra da: ahots ozena, beltza, flow eta skill paregabeak. Fani eta Norzzonek osatzen dute Nizuri Tazuneri. Zuria eta beltza. Yin eta yang. La bella y la bestia.
Musika ala hil euskarazko diskorik modernoena da, gaur arte. Trap-a da nagusi, iluntasuna, emozioa. Orokorrean maila ezinhobea da, eta zaila da aukeratzea abesti onenak: “Japaiera”, “Gustuko”, “Neresuku”… “Hikatazuka”-rekin benetan emozionatu naiz. Eta 80ko hamarkadako nostalgikoentzat, “Gizaki” aukeratuko nuke.
Disko honek 11 abesti ditu. Bat bera ere ez duzu Gaztea irratian entzungo. Euskarazko kaleko musikaren heriotzaren kolaboratzaileak… Baina erraz duzu disko hau entzutea. Fermin Muguruza ere SGAE den Euskal Herri honetan, lehenengo trap diskoa creative commons lizentziapean argitaratu izan delako. Kultura librearen bultzatzaile modernoak ditugu Nizuri Tazuneri. Disko osoa doan deskargatu dezakezu Taupaka elkartearen web atarian.
Selektah Kolektiboa, M.A.K., 121 Krew, Norte Apache edo 2ziorekin euskarazko rapa gozatu ez baduzu… zure momentua da. Aukera paregabea duzu Nizuri Tazuneriren diskoarekin. Euskal Hiriaren, eta zehazki, Euskal Auzoaren bozgorailuak zure aurrean dituzu. Beraiek argi uzten dizute: musika ala hil.