Musika

Andoni Tolosa

2017.03.13

Andoni Tolosa

Disko kritika: ‘Metamorfosia’ (Pantxix Bidart-Alexis Therain)

azala1

Horrelako disko baten aurrean jarrita, balizko adituok, badugu sailkaezinetan kokatzeko tentazioa. Horrek ez dio mesederik egiten diskoari, baina, neurri batean, ase egiten du musikaz idazten dugunok klasifikazioak, kategoriak, kutxa estankoak sortzeko dugun behar gaixotia. Sailkaezin horrekin izenpetzen dugu, nolanahi ere, ohiko moldeetatik irteten den lana dela, lan ausarta, ezerosoa merkatuarentzat, komunikabideontzat, deskribatzen zaila dena. Irrati formuletatik kanpo geratzen dena. Eta ez gabiltza oker, baina, era berean, hori egindakoan, hor gora, sekula entzuten ez dituzun disko bitxienapalera kondenatzen duzu horrelako kantu sorta ederra. Eta ez da justua.

Ez nuke esango disko berritzailea denik, Metamorfosia hau aurrerapauso bat baino ez baita Pantxix Bidarten ibilbide hain koherentean. Diskoan bat egiten dute kantariaren ohiko langaiak; poesia garaikidea eta langarik gabeko esparru musikal pertsonal hori, non euskal tradizioak, esperimentazioak, flamenkoak, free-jazzak jolas egiten duten, erraietara zuzenean doazen kantu/errezitatu/letania forma hartu arte. Azpimarratzeko da, hari horretatik tiraka, disko honek 1970ko hamarkadako euskal folk ausartenarekin (Urria, Laboa esperimentalena, Beñat Axiari…) eraikitzen duen zubia, pozgarria benetan, 2017an euskal musika ohiko bideetatik kanpo ere badela ziurtatzea.

Maiatz argitaletxean plazaratutako Jos Roy poetaren Balea liburuko testuak musikatu ditu Bidartek, oraingo honetan Alexis Therain jazz gitarra jotzailearen laguntzarekin. Barealdi melodikotik garrasiaren ekaitzera, horrela dabiltza diskoko bederatzi kantuak, eta kantu bakarrean igaro daitezke paisaia horiek guztiak, rock bortitzenaren indarrarekin edo folk gozoenaren xuxurlarekin. Horretarako, gitarra akustiko bat eta ahotsa baino ez dira behar. “Ene jatorrizko mintzaira” kantua izan daiteke horren adibiderik garbienetakoa. Kantu ezin hobea kantariaren ahotsaren gaitasunarekin harritzeko, haren erregistro aniztasunarekin gozatzeko. Gitarrak sortzen dituen sare melodiko askotarikoekin liluratzeko.

«Zenbat lan originalak izaten, gure originaltasuna inpunitate guztiarekin ezabatu dutenean», kantatzen du Bidartek, Pako Aristiren poemarekin osatutako “Heziketaren historia” kantuan, eta laburpen polita izan daiteke sugarra darion disko honentzako. Originaltasuna ez baita dohaina, mugetatik harantzago begiratu, eta bidea egitearen arriskua hartzen dutenen abizena baizik, eta Pantxix Bidart horietakoa da. Eskerrik asko.

(Berria egunkarian, 2017ko martxoaren 12an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Alexix TherainBeñat AxiariDisko KritikakDiskoakJos RoyMaiatzMikel LaboaPako AristiPantxix BidartUrria