2018.01.29
Rocka elkartzeko arrazoi on bat da. Zumaiako Marlik bandak ondo daki hori. Estilo desberdinetatik datozen lau musikarik sustraietara jo dute blues eta rock and roll doinuak euskaraz kantatzeko. Maialen Velarderen ahotsak oihartzuna sortzen du. Azken denboran kantaera berezia duten emakume abeslariak agertu dira euskal kantagintzan. Velardek gogora ekar ditzake Lide Hernando (Liher), Izaro Andres eta Eneritz Furyak, besteak beste. Bakoitzak du berea, ordea. Urola Kostako bandak bezala. Hamar kantuko estreinako disko ona aurkeztu zuten pasa den urte bukaeran. Erritmo ibiltariak —“Zuri”, “Mayo garlik” eta “Sua”— eta pausatuagoak —“Aldaketa”, “Gautxori blues” eta “Tim Burton”— tartekatzen dituzte. Euskarazko rocka bizi da.
(Berria egunkarian, 2018ko urtarrilaren 28an argitaratutako kritika)