Musika

Antton Iturbe

2017.05.30

Antton Iturbe

Disko kritika: ‘Kontsumo produkto’ (Paxkal Irigoyen)

Azala_Badok

 

Ipar Euskal Herriko hainbat proiektutan aritutakoa da Paxkal Irigoien, haien artean Zezenaren Taldea, Bilau edota Elirare antzerki taldea. Nik iaz Bilau laukotearekin plazaratu zuen estreinako diskoaren bitartez ezagutu nuen bere musikaren lirismoa eta intentsitate bortitza. Disko irregularra, inperfektua, arantzatsua eta pittin bat deserosoa suertatu arren (edo agian arrazoi guzti horiengatik, hain zuzen ere) ahobete hortz utzi ninduen une askotan. Barnera begiratu eta zintzotasun osoz baina aldi berean anbizio artistiko handiz, bertako mamu, desira eta atsekabeak espresatzen dituzten musikariek bakarrik eragiten duten modu intimo horretan ukitu ninduen disko hark. Une batzuetan erabat hunkituta, beste batzuetan energiaren poderioz ahituta, eta besteetan auzo lotsa puntu bat sentituz bukatzen nuen entzunaldi bakoitza.

Oraingoan eta bakarkako disko honetan, sentsazio berbera izan dut. Edo hobe esan, sentsazioa areagotu egin dela ere. Nolabait adierazteko, Kontsumo produkto-k Paxkal Irigoienen gaitasun musikalen katalogo gisa funtzionatzen duela dirudi. Horrek dauzkan alde onekin eta ez hain onekin, azken finean. Alde batetik, diskoaren irekierako “Zorionak!” eta “Obsoleszentzia” kantuetan Paxkalen alderdi folk (edo ganbarako folk, agian, egokiago) dotorea eta lirismo zoragarriz betetakoa aurkitzen dugu. Itxuraz behintzat, eta nire belarrietara, Paxkal erosoen sentitzen den eremua da, emaitza bikainak ahalbidetzen dizkiona. Baina esan bezala, anbiziozko artista dugu Paxkal, baita ausarta eta zintzoa ere, eta hortik aurrera kantuak norabide anitzetan sakabanatzen dira: landako grabaketen arteko “a cappella” esperimentazio bitxiak, Lisabören ekaitz katartikoetara gerturatzen diren pasarte benetan bortitzak, eta techno-pop erritmora moldatutako doinu bat. Pertsonalki, aurpegi batzuk beste batzuk baino gustukoagoak ditut baina Paxkalen ausardia da txalogarria eta miragarria iruditzen zaidana eta goraipatu nahi nukeena. Bere bidea beldurrik gabe bilatzen duen artista da, eta, pixkanaka aurkitu ahala, doinu ahaztezin asko eskainiko dizkigula ziur nago.

Hitzetan ikusten diot ahulezia edo desoreka handiena diskoari. Kezka sozial, politiko eta ekonomikoak dituen pertsona da Paxkal, eta horren adierazpen bihurtu nahi du diskoa, Kontsumo produkto izenburuak iradokitzen duen moduan. Asmo on hori oso begi bistakoak diren bertsoetan gauzatzen da pasarte batzuetan, eta hor, tamalez, musika-hitz multzoak indarra galtzen du. Beste batzuetan ordea, hitzen sinpletasunak musikaren kemenarekin ezin hobeto bat egiten du eta erabat liluratu eta gatibatzen nau. Halakoa da Paxkal: sailkaezina, zirraragarria, harrigarria eta hunkigarria. Artista.

ETIKETAK:BilauDisko KritikakDiskoakLisaböPaxkal IrigoienZezenaren Taldea