2016.06.13
Irazoki eta Lagunak-ek binilozko single berria plazaratu dute Acuarela diskoetxe indie ezagunaren bitartez. Zazpi hazbetekoak bi kantu biltzen ditu. A aldeko “Irudipena” doinuaren hitzak Xabier Gantzarainen testu batean oinarritzen dira, eta Captain Beefhearten blues kubistaren pareko erritmoekin hasten da, pasarte espazialetan zabaltzeko, eta txaloekin amaitzeko, tarteka haize moldaketa surrealistak entzuten diren bitartean. Zoratzeko modukoa. B aldeko “Udaberriko eguzki” kantuaren letrak, berriz, Beñardo Goietxek idatzi ditu, eta Josebaren ohiko estilotik gertuago dago: folk, post-rock eta izpi psikodelikoak. Berakoak asmatu egin du kantuen aukeraketan, bi aldeen arteko sinbiosi elektrifikatua aproposa baita.
(Berria egunkarian, 2016ko ekainaren 12an argitaratutako kritika)