Musika

Julen Azpitarte

2017.01.23

Julen Azpitarte

Disko kritika: ‘Industrial Sunbath’ (Killerkume)

killerkume azala

Iazko urtearen hondarretan izan nuen disko honen berri, taldekideetako batek eskura eman zidanean, LP formatuan. Hortaz, ez nuen astirik izan nire 2016ko disko kutunen artean sartzeko, iaz entzundako lan interesgarrienetarikoa izan bada ere. Halere, aitortu behar dut azken boladan ez dudala mota honetako musika askorik entzuten.

Joxean Rivas (perkusioa) eta Mikel Vega (gitarra) bikote bilbotarraren egitasmo instrumentala da Killerkume, bai eta Euskal Herriko proposamen originalenetakoa ere. Erritmo angeluarretatik hasita, jazz kutsuko tarte aske eta zaratatsuetara iristen dira, gitarra arantzadunak eta bateria bihurriak erabiliz. Antton Iturbe kazetariaren aburuz, «Killerkume entzuteak aldez aurretiko jarrera eskatzen du, sekulako saria jasotzeko. Bertako edo nonahiko oso talde gutxi dira beren artearen hain jabe, apartak, hain dira imitaezinak eta ezinbestekoak!».

Bada, taldeak orain arte plazaratu duen lanik ausartena eta aberatsena da bigarren hau. Taldekideen esanetan, «tarte inprobisatu edo jazz zaleak sartu izanak bestelako izaera bat ematen dio, aurreko diskoarekin alderatuz. Bat-batekotasun horrek puntu fresko bat eman diezaieke kantuei».

Hala, Killerkumek nahi duena egin du Bainu industrial honetan. Rock eskemetatik inoiz baino gehiago urrunduz, zaratan jarduten duen musikari jazz zale baten gisara dihardu bikoteak, askatasun osoz, inprobisatzen, ehundurak eraikitzen, giroak sortzen… Batzuetan, badirudi doinua galdu egingo dela, haustear dagoela, baina ustezko ordenarik gabeko zurrunbilo horretan denak hartzen du zentzua, eta pieza borobiltzen da, soinu-kaosetik sortutako magia izango balitz bezala, lilura hori sortzeko gaitasuna duten bi musikari handi baitira, bi munstro, zuzenean edo bideoan ikustea baino ez duzue.

Billy Bao musikariaren proposamenekin aldera daiteke bikotearen egitasmoa, baina Killerkumeren jarioa aberatsagoa da, ez hain zaratatsua, iradokitzeko ahalmen handiagoa du; horren erakusle, apenas distortsiorik gabeko uneak gordetzen dituen Harrapakina” edo Cheated By Kepler (Impro track)” girotzailea. Billy Baoko Mattin musikariarekin, hain justu, lan berri bat grabatu dute, laster argitaratuko dena. Horretaz gainera, bigarren inprobisazio-lana ere prest dute kaleratzeko, «giro erabat industrialean grabatua». Azkenik, Rivas eta Vegak Orbain Unit free-jazz proiektuan ere parte hartzen dute, Akauzazte edo La Hora del Primateko kideekin batera, besteak beste.

Ez nau bi musikarion aktibitate frenetiko eta ipurterre horrek harritzen, izugarrizko talentu eta sormena baitaukate. Musika, gainera, bestelako jarrera eta bitartekoekin moldatzen dute, entzulea beren oinetara ekarri arte. Killerkumek, gainera, deserosotasunetik eta inkonformismotik abiatuta daki hori guztia egiten. Eta, beste kasu askotan ez bezala, entzuleak ez ditu dozena bat entzunaldi behar lan hau laudorioz aitortzeko, musikarion handitasuna agerikoa baita.

(Berria egunkarian, 2017ko urtarrilaren 22an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakKillerkume