2021.10.17
Gitarra bukle batek irekitzen du diskoko lehenengo kantua. Haren ingurunea poliki-poliki hazten doa; zaratak, sinteak… «Gure datuak eta bizitza enpresei eman dizkiegu…», errezitatu/kantatzen du ahotsak. Ongi etorri Irazoki jaunaren diskorik apokaliptikoenera. Kantuak, erritmo ertain hipnotikoari eutsiz, gora egiten du, noiz iritsiko den ez dakizun klimax baten bila bezala. Baxu eta bateria matxakoiek gidatzen dute, erritmo sinkopatu eta hautsiekin, eta aurrera egiten du etengabe. Baina, ez dago leherketarik. Buklean jarraitzen du gitarrak, baita zaratek ere. Eta gora bezala, kantuak behera egingo du bukaeraren bila. Agertu bezala desagertuko dira bestelako elementuak, perkusio elektronikoak bakarrik lagunduko du ahotsa… «Gure datuak eta bizitza gailuei eman dizkiegu», esan du ahotsak amaitzeko. Tartean ia bost minutu igaro dira.
Indarrean hasten da “Etorkizuneko nostalgia”, diskoko bigarrena. Baina eskema berbera da, elektrikoago nahi bada, baina erritmo hautsiak agintzen du, aurrekoa baino melodikoagoa gertatu arren. Gitarrak aurrekoan ez zeukan protagonismoa hartuko du, baina nahiko modu inpresionistan, melodia indartu beharrean, base erritmikoarekin elkar hartuta. Bukaeran pixka bat irekiko da kantua, baina hori izango da melodiari egiten zaion salbuespen bakarra. Ez dago leherketa elektrikorik, ez dago burrunbarik, ez dago garrasirik. Kantuek tren baten moduan egiten dute, behin abiatuta, ez dira gelditzen hurrengo geltokira iritsi arte.
Dinamika bera errepikatuko da beste zazpi kantuetan. Baina ez modu berean. Adibidez, melodiak presentzia gehiago dauka “Gizaki dependentea”-n, ia lelo moduko bat ere badagoela esan daiteke. Ageriago geratzen da “Jackiek dio”-n, non plazerez dastatu daitekeen Irazokiren kantaera pertsonala. Kantu ederra, inondik inora. Gitarreroagoak dira “Oro”, “Ikusezina” eta “Sikarioa” afterrean; rockeroagoak, modu sinplean deskribatzeko. “Egia eta gezurra”-n eta “Polibiolentzia”-n, kantatu baino errezitatu egiten du Irazokik, mitin baten moduan, erritmo kutxak eta giro zanpatzaileak bultzatuta.
Noski, Irazoki jaunak eta lagunek ez dituzte errazkeriak maite, koherenteak dira, eta guk estimatzen diegu eragiten diguten ahalegina, badakigulako hasierako itxitasunaren ondoren, zabaldu egingo direla kantuak, eta musikariek utziko digutela haien munduan sartzen. Krautrockak, Canterburyko soinuak, King Crimsonek eta rock indieak kantoi berean topo egin dutela ematen du, eta aipagarria da punkak lotsagabekeriaz eraitsitako molde horiek zer-nolako oihartzuna lortzen ari diren punkien seme-alaben eta biloben artean. Bejondeiela.