Musika

Jon Urzelai

2017.06.16

Jon Urzelai

Disko kritika: ‘II’ (Sofa)

Sofa azala

Badira jada urte batzuk Euskal Herrian rock instrumentalak anomalia bat izateari utzi ziola. Geroz eta ugariagoak dira abeslaririk ez duten taldeak eta, zorionez, beste hautu normalizatu bat bilakatzen ari da, nahiz eta oraindik badagoen ezaugarri hori gabezia gisa ikusten duenik ere. Bakoitzak ikusiko du. Dena dela, gurean ohikoagoak diren aldaera  malenkoniatsu eta atmosferikoak landu beharrean, Zumaia eta Zarauzko Sofa hirukoteak duela pare bat urte kaleratu zuen bere lehen diskoaren bidez, bestelako bide bati ekin zion. Berea gauza jostalariagoa baita, groove-a du, flow-a. Swag-a ere bai, zergatik ez. Erritmodun musika da, indartsua, zuzenekoetan izerdia botatzeko egokiagoa etxean barnera begira bakardadean entzuteko baino.

Etiketek askotan ezer askorik esateko balio ez duten arren, math-rock-a egiten dutela esatea esanguratsua da honakoan: konplexutasun handiko abestiak dira, oso teknikoak baina ez horregatik hotz eta karratuak. Are gehiago, “Guartakerre”, “Tope Zatopek” edo “Correcaminos”, esaterako, kontrakoaren adierazle dira, dantza espasmikoak sorrarazteko moduko erritmo hautsiak eta burutik kendu ezinezko pasarte itsaskorrak dituzten kantuak baitira. Bihurgune goxoak infinitu lerro zuzenez osatu ahal direla frogatzen duten horietakoak. Halere, LParen A aldea ixten duen “Ponto” nabarmenduko nuke agian, lehen diskoko bapatekotasunetik harago, bestelako territorio berrien bila egindako bilaketaren seinale iruditzen baitzait, bestelako sosegu eta lanketa bat duena. Formula konplexuak erabiltzen dituzte, bai, baina inongo momentutan teknika erakustaldi huts izan gabe, eta beti abestiaren mesedetan.

Garuna eta giharrak kitzikatzeko moduko abestiak dira, beraz, Sofarenak. Estilo desberdinetan aritutako musikariak izaki, badakite handik eta hemendik beharrezko baliabide egokiak hartu eta era pertsonalean uztartzen. Lehenengo diskoan osagai fresko eta anitzeko errezeta ondu zuten eta oraingoan oinarria mantenduz haratago joan dira, aniztasun eta detaile gehiago txertatuz. Emaitza mila zati txikiz osatutako egitura poliedrikoa izanagatik, oraindik ere osotasun atsegin eta beroa da agian talde hau berezi egiten duena.

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakKritikakSofa