2017.04.02
Hamar urte baino gehiago daramatzate musikan Zain taldeko mutilek, baina 2010. urtean Gaztearen Maketa Lehiaketa irabaztean argitaratu zuten euren lehen lan luzea. Ordutik, hirugarren diskoa dute Homoaskeak, hamabi abestiz osatutako punk eta rock doinuz betetakoa.
Berriztarren ibilbide musikala ezagutzen dutenek nabarituko dute aurreko bi lanen ildo beretik doala oraingo hau ere, eta taldekideek azken hau borobilagoa dela esan arren, gauza bera diote. Aurrekoak baino profesionalagoa dela esan dezakegu, soinua landuagoa baita, grabaketa prozesua inoiz baino gehiago zaindu dutelako, eta abestiek hasierakoen indar eta freskura izaten jarraitzen dute. Musika mota hau Euskal Herrian ez da jarraitzaileak masan izaten dituen horietakoa, baina badago hardcore melodiko estilo honen zale den publiko fidel bat, eta horiei esker handik eta hemendik jo, eta ezagunak egitera iritsi dira urte hauetan. Ez dakarte berritzailea den ezer, baina lehen aipatu euren estiloaren zale horiek gustura asetzeko moduko diskoa da.
Ohikoa duten moduan, abesti luzeegirik ez dago, hiru minutu eta erditik beherakoak baitira guztiak, bateria erritmo bizkorrekin, eta gitarra eta ahots melodikoek entzunerraz egiten dute; “Tomorrow!” abestian, gainera, Worth It hardcore ez hain melodikoko partaide den Odei Arrizabalagaren parte hartzea izan dute. Prozesua lasaitasunez hartu dutela diote, ez direla urduritasunak harrapatzen dituen horietakoak, eta lehen aldiz instrumentu guztiak banaka grabatu dituzte, prozesu osoan bi teknikarirekin lan eginez. Hori izan liteke, taldekideen arteko harreman estuarekin batera, inoizko diskorik onena egin izanaren arrazoia, euren zuzenekoetako indarra transmititzera heldu eta ia-ia biziaraztera heltzen dena.
Mikel Keixetak egin ditu diskoko hitz guztiak, eta gaur egungo gizartearen hainbat esparru jorratu ditu horietan, izan hausnarketa, lanaren izen bereko “Homoaskea”-n bezala: «Askatasunaren bila daramatzagu urte ugari hilak, barreneko mezua libre esaterik ez sentimenak gordez»; izan kritika, “Desastrearen tratu”, kasurako: «Onartzea ostatu, etxe gabe geratu, desastrearen kasu…»; edo izan galdera-erantzun formatuan, “Zer da bizitza?” abestian lez: «Zer da bizitza? Irri arrantza, esperantzaren hizkuntza, ametsen saltsa (…) Zer da hiltzea? Duden katea, datorrenaren legea, askapen lorea». Hitzak eta soinua ez ezik, irudia ere zaindu dute honako honetan, baina hala ere, Zain laukotearen benetako indargunea zuzenekoak direla diote. Aprobetxa dezagun, beraz, argitaratu berri duten lan honen aurkezpen kontzertuetakoren batera gerturatu, eta izerdi pixka bat botatzeko. Bitartean, bozgorailuetako bolumena igo, eta etxean, kalean edo autoan dantzan jarriko gaituenaz gozatuko dugu. Segi dezatela berriztarrek daramaten bidea, ez baititugu bistatik galduko, bejondeiela!