2016.10.24
Ez dira kantu asko behar disko batek ahogozo ona uzteko. Horixe da gertatzen dena Belarmiñak taldearen 10 hatzbeteko honekin. Formatuaren originaltasuna alde batera utzirik, aspaldi ez genuen horrelakorik ikusten gurean. Pop-rock jakintsuenaren adibide diren lau kantu bikainak dira, eta, entzundakoan, airean uzten dute «Eta gehiago noiz?» galdera. Ez, ez dira hasiberriak, ez Joxi Ubeda eta ez Iki Poliki ere, eta, hainbat saiakeraren ondoren, kantuei gorpuzkera egokia ematen asmatu dutela esan daiteke, gitarreo eta leloetan irekitzen diren melodia hermetikoen artean, baxu eta bateria oso eraginkorren bultzadapean. “Izena eta izana” harribitxiaren modukoak. Hamaika aldiz entzunda ere nekatzen ez duten kantu horietakoak dira; beraz, barka daiteke, tarte batean bederen, lau bakarrik izatea.
(Berria egunkarian, 2016ko urriaren 23an argitaratutako kritika)