Musika

Andoni Tolosa

2016.10.10

Andoni Tolosa

Disko kritika: ‘Hau’ (Neighbor)

HAU_NeighborCDPort

Neighborren lehen lana goxoki zaporetsua zen, gozoa, kolore ederrekoa eta azukre gehiegikeriak ez hondatutakoa; ahoan sartu bezain laster freskotasuna barreiatzen duten horietakoa. Lehen zurrupada emanez gero, harrapatzen zaituen horietakoa. Adiktiboa eta zuzena. Mendazkoa. Baina, gozozaleak ongi dakien moduan, goxoki mota asko dago, eta ez da beti hain agerikoa izaten dastatzearen plazera. Adibidez, Neighborren bigarren lana ere, Hau, goxoki bat da. Baina pinaziak dituzten goxoki horietako bat, fruitu lehorraren ertzak sumatzen dituzun gozoki horietako bat, zakarragoa hasieran, zurrupatu ahala, ertzak leundu eta pinazi zatiak irentsita, zaporerik borobilena erakusten duena. Gozotasunaren eta mikaztasunaren arteko zubian eramaten zaituena, eta, azkenik, ahoa apur bat lehor uzten dizun goxoki horietako bat. Konplexuagoa, beteagoa.

Halaxe da, folk progresiboaren uretan (barka etiketa, baina ezin hoberik bururatu) bete-betean sartu dira Maite Larburu eta Josh Cheatham, eta puzzle itxura hartzen duen kantu sorta paratu dute. Aurrekoan bezala, folka eta jazza dira bi iturri nagusiak, baina, horietaz gain, nabarmen agertzen da, jauzi melodikoetan eta moldaketetan batez ere, musika garaikidearen eragina. Hortxe daude Maiteren mundu naif eta era berean maltzur hori (non gauzak ez diren diruditena) eta egunerokotasunaren gainean eraikitzen den umore sotila. Begi handiekin ikusten du mundua. Baina istorioei ere aurrekoan baino mikaztasun handiagoa dariela esango genuke. Agian horregatik dira konplexuagoak konposizioak, bihurriagoak melodiak, agertzen dira txinpartak hemen eta han, ustekabean. Adi eta behin baino gehiagotan entzuteko diskoa ondu dute, eta hori beti izan ohi da apustu konplexuagoa, ohiko bideetatik ateratzea, alegia.

“Konplexuagoak dira disko honetakoak konposizioak, bihurriagoak melodiak, agertzen dira txinpartak hemen eta han, ustekabean”

Baina hor dago Maiteren ahotsa, guztia josten, diskoari zentzua ematen, dena borobiltzen. Presentzia nagusia da harena. Aurrekoan erakutsitako gaitasuna, gustua eta naturaltasuna hamar aldiz biderkatu ditu disko honetan, eta maila izugarriko kantaria dela baieztatu du, melodia hautsien gainean jolasteko gai, gozo eta indartsu, ageriko eta ezkutu. Ahotsarekin norabide askotara jo eta, ahaleginik gabe bezala, itzultzeko gaitasuna du. Kantua nora ezetik berreskuratzen du, melodiaren hurrengo bihurgunean berriro galtzeko. Eta ez da erraz kantatzeko disko horietako bat.

«Entzuten baduzu hau, ez nago bakarrik», kantatzen du diskoa irekitzen duen kantuan, eta aitormen sinple horrek azal dezake Neighborren imajinarioa, misterioa ez baitago urruneko lurralde horietan, egunerokotasunean baizik. Eta instrumentazio oso oinarrizkoarekin posiblea delako hainbeste koloretako kantuak egitea. Entzulea ez dagoelako munduaren beste aldean, egongelako alboko aulkian baizik, kafe bero bat eskuetan. Horrelakoxea da Hau bigarren diskoa, zaila agerian, eskuzabala eta emankorra, azala pixka bat urratzeko lana hartuz gero. Aski zuten aurrekoaren formula errepikatuta, baina ez, arriskatu egin dute, handinahirik gabe, zarata handirik egin gabe, baina hor dago kantu sorta hau. Eskerrik asko.

(Berria egunkarian, 2016ko urriaren 9an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakGaztelupeko HotsakHemerotekaNeighbor