Musika

Julen Azpitarte

2016.11.14

Julen Azpitarte

Disko kritika: ‘Fumut’ (Fumut)

fumut azala

Hasteko, atal honetako kide Inaxio Esnaolaren esparru espezializatuan sartuko naiz iruzkin honen bidez, baimenik eskatu gabe, gainera. Hortaz, hemendik aurrera irakurriko duzuna popero baten kronika hard-rockzalea baino ez da.

Lanean jaso dut Lazkaoko (Gipuzkoa) Fumut taldearen diskoa. Ohi den moduan, diskoa ordenagailuan sartu, eta albistea egiteari ekin diot: «Fumut taldeak hard-rock, stoner, hardcore eta bestelako osagai pisutsuak bildu ditu bete estreinako lanean…», baina, diskoak aurrera egin ahala, erabaki dut aste honetarako pentsatuta neukan Nick Waterhouseren Never Twice disko berriaren testua abandonatzea.

Aspalditik ez ditut entzuten estilo horretako diskoak, Hellacopters eta bestelakoek Eskandinaviatik ekarritako olatua itzali baino lehendik, hain justu; baina lau lagun hauek —Xabik (ahotsa), Agerrek (baxua), Igorrek (gitarra) eta Imanolek (bateria)— porlanezko hariaz josi duten grabazioak berriz piztu dit erabat itzalita neukan estilo gogorrekiko zirrara.

Diskoak euskaraz abestutako zortzi doinu biltzen ditu, eta soinua, Karlos Osinaga Txap-ek prestatua, brutala da; baxuen indarra, nabarmena, eta gitarra soloen presentzia, handia. Taldearen jarioa, halaber, sonoritate nabarmenen inguruan ardazten bada ere —lehen aipatutako stoner, hard-rock, eta abar—, ez da batere aspergarria, eta antzeko taldeek erakutsi ohi duten ibilbide monolitikoaren aztarnarik ez da nabaritzen. Eta uste dut, hain zuzen ere, aniztasun horrek harrapatu nauela: “Ospa” doinuaren kutsu psikodelikoak, wah-wah gitarra efektuarekin jantzia, baxu basatiekin apaindua eta ageriko joera melodikoarekin; Enbata”-ren hard-rock klasikoa, diskoko harribitxi ezkutua, 1970eko riff klasikoekin marraztutako pieza instrumentala, laburra eta dinamikoa, minutu eta erdiko iraupena duena; Zuloan” abestiaren hardcore usaia; edo Erroak” diskoaren azken kantuan nabaritzen den Black Sabbathen itzala (luzeegia, esan beharra daukat, mota honetako taldeetan).

Horrekin batera, badirudi taldeak estudioan ondo pasatu duela, eta esperimentu txikietan ere murgildu dela; esaterako, hardcore estiloko Ez” kantuan entzuten diren gitarra soloen geruzak eta bere amaiera originala. Bestalde, Xabi abeslariaren ahotsa ere nabarmenduko nuke, fin ibili baita euskarazko bertsoak riff gogorren artean sartzen.

Finean, Dut, Kuraia, Black Sabbath, Kyuss edo Fumanchu (taldearen promozio-orritik kopiatzen ari naiz) taldeen zaleek gozatu egingo dute lazkaotarren proposamenarekin. Taldekideen esanetan, «disko azkarra, zuzena eta entzun erraza da», baina hori baino gehiago gordetzen du bere gordintasunean, eta ziur naiz jarraitzaileak ez direla batere aspertuko, ezuste txikiekin ondutako lana baita.

(Berria egunkarian, 2016ko azaroaren 13an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakDutFumutKarlos OsinagaKuraia