2016.06.20
Joseba Baleztena beratar gitarra jotzaileak —Joseba B. Lenoir gisa ezagutzen denak— disko berria argitaratu du: Eguzkiari begietara so. Gogoan daukat Ameba haien Iluntze berri baten bila-k engantxatu, eta jada Sexty Sexers izenarekin zuzenean ikusi nuen lehenengo aldian Euskal Herriko gitarra jotzailerik onena izendatu nuen hura. Pasatu dira urte batzuk ordutik, eta eboluzionatu dugu guztiok, baina oraindik ere izugarriak iruditzen zaizkit musika egiteko eta jotzeko duen ahalmena eta teknika. Sexty-ren ibilbidea amaitu eta bakarkako bideari ekin zion, poliki-poliki hainbat lan grabatuz, baina Tenpesta izan zen 2013ko abendutik aurrera Euskal Herri osoan ezagutarazi zuena. Gelditu gabe dabil ordutik, han-hemenka kontzertu ugari ematen, eta atsedenik ere hartu gabe ekin dio maiatzean plazaratutako lan luzea konposatu eta grabatzeari.
Hasieran bakarka aritzen bazen ere, zuzenekoak talde formatuan ematen hasi, eta lagunartean Gang formatua ezagun egin du Willis Drummond-en kide dituen Felix Buff eta Xan Bidegain, eta Napoka Iria-ko Ander Mujika eta Miren Narbaiza ez nolanahiko musikariekin. Horiek izan ditu lagun lehen aldiz grabazio estudioetan ere, eta bederatzi abestiz osatutako lan bikaina borobildu dute. Indarra eman die abestiei lehen zuzenekoekin egin bezala, baina betiere Joseba B. Lenoir denaren esentzia mantenduz. Ohituta gauzkan rocka da nagusi bertan, Route 66-ko paraje desertikoetatik pasatzean ageri zaigun eszena bateko soinu banda baterako egoki. Dena den, eta lehen aipatu taldeak ematen dion ukituagatik ziurrenik, aurrekoetan baino biziagoak dira hemengo kantak; diskoa entzuten hasteaz bat konturatzen gara horretaz, “Erredura II (Supernauzu)” horretako lehen akordeek esaten baitigute Joseba B. Lenoir dela bai, baina ez datorrela bakarrik oraingoan. Gauza bera gertatzen da jarraipena ematen dion “Su haren inguruan”-ekin ere —disko osoa pasa nezake, nabarmena baita beste musikariekin grabatu izanaren eragina—; koroetan, Mirenen emakume ahotsaren presentziak ere badu zerikusia horrekin, eta onerako izan da, nire ustez. “Gaur ere”, “Erredura I” eta “Hamabi lagun hilkor” abestiak dira agian orain arte bakarka egindako lanetara gehien gerturatzen direnak, ederrak horiek guztiak ere, Josebaren ahots berezia gitarra melodia motelez lagunduta.
Joseba B. Lenoir Gang zuzenean ikusteko aukera izan dugunok badakigu izugarrizko giro ona dagoela taldekideen artean —hortik, taldea Gang izendatzea—, eta, noski, grabaketan ere antzematen da halakorik. Garbi gelditu da Joseba B.Lenoir entzuten ari garela, lehendik zale ginenok zale izaten jarraitzeko eta asetzeko moduko lana baita, baina ezin da ukatu oraingoan ez datorrela bakarrik, eta zale berriak erakartzeko bezain disko borobila egin duela euren laguntzarekin. Aurtengo euskal ezinbestekoen zerrendan goiko postuetan egotekoa, inongo dudarik gabe.
(Berria egunkarian, 2016ko ekainaren 19an argitaratutako kritika)