Musika

Ihintza Orbegozo

2016.10.03

Ihintza Orbegozo

Disko kritika: ‘Dramatik-Thlon’ (Estricalla)

estricalla

Musika azkar eta gordina gogoko dutenentzako proposamen aparta dakarkigu Estricalla taldeak, beste behin ere, euren ibilbide osoan ezaugarri izan duten hardcorea jaun eta jabe baita Dramatik-Thlon disko berrian ere.

2009. urtean Corazon de Sapo eta Kuraia taldeetan aritutako Fer Apoa-k eta Torrelavegako Kloakao taldeko kideek lagunartean sortutako bandak hasiera batean sei abestiz osatutako binilozko maxi bat argitaratu zuen —gerora baita CD formatuan ere— kontzertuak emateko inongo asmorik gabe. Gaur egun, zazpi urteren ondoren, taldekide baten aldaketa, lau disko eta hasieran espero gabeko hamaika kontzerturen ostean, Euskal Herrian dagoen hardcore talderik egonkor, sendo eta indartsuenetako bat dela esan dezakegu ozen; estilo honetako erreferente bihurtzeko bidean daudela, inguruko lurretan geroz eta sona gehiago lortzen diharduten bitartean.

Onartu beharra daukat nire bizitzan izugarrizko garrantzia izan zuen —eta oraindik daukan— Kuraia taldearekiko nostalgiak bultzatuta entzun nuela lehen aldiz Estricalla, zein doinu aurkituko nuen jakin gabe baina horrenbeste gustatzen zaidan Fernando Apoaren ahots bereziaz berriro gozatuko nuelakoaz ziur. Gaur, lehen aipatu zazpi urteak, lau diskoak eta hamaika kontzertuak pasatuta, eta, noizean behin oraindik Kuraiaren nostalgia hori ageri bazait ere, Bati, Pano, Hodei, Erik eta Apoaren musika entzuteko grinaz ipintzen ditut euren diskoak. Hala hartu dut Dramatik-Thlon taldearen bosgarren lana ere, hardcore doinuak entzuteko irrikaz, eta ez didate hutsik egin beste behin ere. Arnasa hartzeko ia astirik gabe pasatzen zaigu diskoak irauten duen orduerdi pasa, amaiera emateko Sokamothor”-en eta ezinbestean azkena izan behar zuen Zaldiko Maldi-K.O” instrumentalean erritmoa baretu —ez intentsitatea, ordea— eta melodikoagoak gertatzen diren arren. Ezin aipatu gabe utzi X-izpia” kantako aldaketa nabarmena, bizkortasuna alde batera utzi eta gitarra pisutsuak ageri baitzaizkigu oihu kirrinkari batzuekin. Ziztu bizian doaz beste guztiak, hasierako Aterkills” eta batez ere minutu batera heltzen ez den XXXPrinter(Hautsa)” kasurako. 1980ko hamarkadako gitarra, baxu eta bateria azkarrak, askok lagunartean tupatutupa izenez deskribatzen dituzten horietakoak, baina era berean barruraino sartzen diren melodia itsaskorrez beteak, musika mota honen zaleontzat konbinazio ezin hobea.

Hitzak ere taldearen izaera gogorrarekin bat datoz —estricalla hitzak suntsipena edo hondamendia esan nahi du aragoieraz— telebistari kritika Karniborous TB”-n, iraultzarako deia Konbergger”-en edota gizarteari salaketa Lurrunkor”-en. 

Taldearen jarraitzaileak gustura utziko dituen lan borobila plazaratu dute Estricallako mutilek, eta, zuzenekoetan duten energia ezagututa, taula gainean ikustea besterik ez zaigu falta.

(Berria egunkarian, 2016ko urriaren 2an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:BerriaDisko KritikakDiskoakEstricallaHemerotekaKuraia