Musika

Disko kritika: ‘Delient’ (Delient)

Delient azala berria

Urola ibaiak herri asko lotzen ditu, lehortu gabe. Aldiz, lehorrean badira kostako kresala antzematen ez duten taldeak. Horietako bat da Azpeitiko Delient. Rock idor eta indartsuaren bidez gorpuztu dute izen bereko lehen lan luzea. Joan den astean aurkeztu zuten etxean, Willis Drummond hirukoarekin. Aldiz, lau musikarik osatzen dute banda azpeitiarra. Mondocane, Ezinean eta Neü desagertuetan ibilitakoak dira, eta horien esentzia nabari da duela bi urte abiaturiko abentura berri honetan.

Zuri-beltzeko entsegu lokaletik aritu dira informatzen. Sormenean murgildurik, entseatzen, izerditan… Horrela aurreratu zituzten bi kantu, eta horietako bat estreinako diskoan ere jaso dute. Stoner rocka oinarri gisara, horma trinkoa osatu dute. Doom, psikodelia eta metal doinuekin batera eraiki dute. Zutik irauteko riff ilun eta gordinak dituzte, ahots garbi eta urratuagoarekin batera. Finean, zazpi abesti; zuriak eta beltzak.

Entzumena fintzeko gomendioarekin hasten da diskoa. Aritz Mutiozabal kazetariaren hitzei musika jarri die laukoak “Gorren dantzalekuan”. Maiz esan ohi da doinu gordinek belarri sentikorrak mintzen dituztela. Tapoien erabilera ere areagotu da dezibel askoko kontzertuetan. Hain zuzen ere, sentitu beharrekoak dira horrelako doinuak. Bizi behar dira estimatzeko. Bestela, oinarrian denok izan gaitezke itsu, mutu eta gor.

Erritmoak azkartuz eta lausotuz doaz gainerako abestietan. Stoner kabalkada bat da Lortuko dugu”, pixkanaka aurrera doan baporezko trena bezala. Gitarra riffak dira erregaia. Horrelako batean bizitzen dute martxa Azkarregi” abestiarekin, atsedenik gabe etenaldiak eginez. “Harean” murgiltzen dira segidan, hasierako erritmoa hartzeko. Iraganeko rockaren atmosfera azaleratzen da orduan, baina biziberrituta.

Sormena aprobetxatu behar delako, 2017an aurkeztu zuten Automata” kantua berreskuratu dute diskorako. Hori bai, soinu hobearekin eta txukunduta. Azken txanparako utzi dituzte melodikoenak, akaso. Aurrekoen ildo berekoa da “Inoi ez” izenekoa, erritmo bereizgarri horrekin. Eraiki duten hormaren ezaugarriak ditu ahots irisgarriagoarekin. Dena dela, Nora eza” azken kantua da goxoena, psikodelikoena, balada gisara hartu daitekeena. Eta ezin aipatu gabe utzi Havalina taldearen garai jakin bat gogora ekartzen duela. Diskoari bukaera emateko altxorra da.

Gurean rock-and-rollak dirurik ematen ez badu ere, taldeak bizi dira eta bizirik mantentzen dute sormena. Delient gipuzkoarrek urte hasierari ekarpen interesgarria egin diote, gorra ez denak entzun beharrekoa.

ETIKETAK:DelientDisko KritikakDiskoakEzineanMondocaneNeü