2017.10.29
Hirugarren kantua diskoan bildutako harribitxietako bat da, Ruper Ordorikak eta Rory McLeodek egindako “Ez da posible” kantu ezagunaren bertsio gordina, blues kutsukoa, harmonikak bultzatua.
Laugarren kantua Zea Mays eta Belakoko Cris Lizarragaren arteko elkarlana da. 2007an Zea Mays taldeak grabatutako “Hondarretik Ondarroara” kantuaren bertsioa, jatorrizkoa baina post-punk zaleagoa, ilunagoa eta dantzagarriagoa, Crisen ahots iradokitzailearen ekarpenarekin, zeina bikain uztartzen den Aioraren manerekin.
Bosgarren doinua diskoaren gailurra da, Txuma Murugarrenek, Pettik eta Rafa Ruedak grabatutako Nick Caveren “Babe, I’m on fire” kantuaren moldaketa bikaina, “Sutan nago”. Txumaren ahotsarekin hasten da kantua, gogotsu eta amorratu, baina kantuaren bigarren zatian Pettiren ahots sakona azaleratzen da, sendo, eta gitarren lana basatia da. Euskarazko hitzak ezin hobe txertatu dira, eta horrek guztiak moldaketa biribila egiten du.
Seigarren kantua, “Soluzioa”, Hedoi Etxarteren biolinak apaindutako trap politikoa da, Maisha MC-ren aldarri sozialistak zabaltzeko: «Jatekorik ez baduzu / aberatsari lapurtu / sozialismoa / soluzioa da». Zazpigarrena, Washington hiriko Dischord zigilu independenteak 1990eko hamarkadan plazaratutako Jawbox taldearen “Savory” kantu ezagun eta ederraren moldaketa da, PiL.T. eta JP Lohianen eskutik; ez du nobedade handirik erakusten, ahotsekin eta gitarrekin lan polita egin duten arren.
Irratiko langileen ahotsekin eta Xabi Aburruzagaren musikariaren instrumentuekin ondutako “Gora Gu eta Gutarrak” kantuarekin amaitzen da diskoa; musika Josu Zabalarena da. Abesti gehienak Xanpe teknikariak grabatu ditu eta Josu Zabala, halaber, koordinazioan aritu da. Diskoa datorren asteartean aurkeztuko dute, Bilboko Kafe Antzokian, 19:30ean.