2016.10.04
Bitxia badirudi ere, aurten entzun dudan euskal talde interesgarrienaren diskoa kasete formatuan argitaratu da; ehun ale baino ez dira ekoitzi. Donostiako Arrotzak talde gazteak zortzi doinu bildu ditu formatu analogiko horretan. Euskaraz eta gaztelaniaz abestuak, kantuok melodia ilunekin, ahots urratuekin eta reverb efektudun gitarra zorrotzekin josiak daude. Emaitza Wipersen klasikotasunetik eta Suediako talde garaikideen malenkonia nihilistatik (No Hope for the Kids, Masshysteri, Gorilla Angreb…) edaten duten bat-bateko ereserki itzaltsuak dira. Kantutzarrak dira, goxoak beren garraztasunean. Punk-rock zaleentzako albiste bikaina da grabazio hau; nik, behintzat, izugarrizko ezustea hartu dut.
(Berria egunkarian, 2016ko urriaren 2an argitaratutako kritika)