Musika

Antton Iturbe

2017.06.29

Antton Iturbe

Disko kritika: “100% Oion” (Mursego)

100 OION azala

Mursego konpositore, interprete eta performerrak etengabe liluratu eta harritu gaitu azken urteetan. Bere pauso bakoitza gertakari baten moduan bizi izan dugu eta asmakizunen erritmo bizi eta txundigarrira nekez moldatu ahal izan gara. Eta behin, gutxi gorabehera Mursego artistaren profila adierazteko eta “sailkatzeko” gai garela pentsatu dugun une berean, beste aurrerapauso erraldoi bat eman du Maite Arroitajauregik. Eta hor gara kazetari-entzule-fan gaixook, ahobete hortz berriz ere, bere azken mutazio hau ezin “sailkaturik”.

100% Oion ekintza kolektibo baten emaitza da. Emaitza bikaina eta arras gozagarria, gainera. Kolektibotasun horren eragile, koordinatzaile eta zutabe nagusia izan da Maite, eta alderdi berri honetan iaioa dela erakutsi digu, nola ez? Horri izen bat ematerik ba al dagoen eta euskal musikaren munduan zein leku dagokion ez dakit, baina garbi dago oso goian izan beharra daukala.

100% Oion da diskoaren izenburua, Oion herrian eta Oiongo biztanleen ekarpenez egina baitago. Baina bere irismen eta izaera erabat unibertsalak dira. Oion herriko aniztasun kulturalaren ospakizun eta aldarrikapena da diskoa, eta bide batez, Euskal Herriko herri eta hiri guztietakoa. 100% Oion-en jota doinuak, Saharako kantuak, hip-hopa edo folka aurki daitezke, baita herritarren aitorpen eta aldarrikapenak, umeek kantatutako abestiak eta kultura eta hizkuntz askotako abeslarien ekarpenak ere, eta, dena josiz eta koherentzia izugarria emanez, Maite Arroitajauregiren ahotsa eta esperimentazio bitxienari ere pop kutsu erakargarria emateko duen gaitasun txundigarria. Baina hala izanda ere, kantuen hitzak goraipatu nahi nituzke bereziki. Aldarrikapen sozial eta politiko zorrotz eta zuzenez beteta egonik ere, ez dira inoiz panfletoaren tranpan erortzen. Idoia Zabaletaren laguntzaz, Mursegok, hainbeste miresten duen Gloria Fuertesen itzalean, itxura jostagarri eta umetiarra duten hitz joko, kontakizun eta metafora zoragarriz eraiki ditu abestiak, eta era horretan eragin subjektibo askoz sakonago eta iraunkorragoa dute gugan.

Hain aniztasun musikal handiko disko batek, nahitaez, gorabeherak izan behar ditu eta diskoko abesti guztiak ez dira agian erabat borobilak edo berritzaile eta apurtzaileak, baina bost axola, aurkikuntza eta une ederrak nagusi dira, nire ustez. Azken batean, kontzeptu orokorra da hemen benetako gakoa. Eta alde horretatik, eragozpenik txikiena ere ez dago jartzerik.

ETIKETAK:Maite ArroitajauregiMursego