Musika

Asier Perez Karkamo

2017.09.15

Asier Perez Karkamo

Deabru berri bat jaio da Hondarribian

Deabru berri baten jaiotza, hori da Velozet talde hondarribiarraren estreinako diskoa. Odei Barrondo (bateria), Xabier Calvo (gitarra), Miliko Velozet (gitarra, koruak), Xabi Perez Bull (baxua, koruak) eta Mikel Tife (ahotsa) dira taldeko kideak eta, bestelako estiloetatik ere edaten duten arren, batez ere rock and rolla eta stonerra egiteko elkartu dira: “Rock and rolla batez ere —zehaztu du Tife abeslariak—, punk rocka eta stoner pixka bat ere, baina rockaren barruan edozer”. Ostiralean aurkeztuko dute diskoa Lezon, eta larunbatean  etxean joko dute, Psilocybenean, norekin eta Supersuckersekin.

velozet

Velozet taldeko kideak rock and rolla egiteko elkartu dira.

Haien hitzetan, “infernutik ateratako soinua” da Velozeten ekarpena, eta infernuari lotutako erreferentzia ugari aurkitu daitezke Berako Mik estudioan grabatu duten  Deabru berri baten jaiotza diskoko bederatzi abestien letretan. Zinematik hartu dituzte ideiak: “Kultuzko zinema eta B seriea gustatu izan zaigu betidanik, eta pelikula horietan ikus daitezkeen istorioez hitz egiten dugu”. Letra horiek, gitarra garratz, bateria bortitz eta ahots indartsuz jantzi dituzte euren estreinako lanean.

Lehen diskoa kaleratu dutenerako zaleak zain zituzten, are gehiago, lehenago espero zuten diskoa. Izan ere bada urtebete taldearen logodun itsasgarriak herriko (eta inguruetako) faroletan, zuhaitzetan, tabernetako komunetan, eta beste hainbat lekutan azaltzen hasi zirela, eta ikus-min handia eragin zuen horrek. Baina lasai hartu dute, eta horrek taldeari soinua definitzen lagundu diola onartu dute: “Rock zaleak gara, eta horrek elkartu gaitu taldean, baina taldekide berri bakoitzak bere ekarpena egin du, eta denen artean sortutako soinua da gelditu zaiguna”, adierazi du Milikok.

Egunotan diskoa aurkezten ari da Velozet. Elkarrekin ateratzen duten lehen lana da, baina ezin da esan eskarmenturik gabeko taldea denik. Tife, Luz de Putas taldeko frontmana izan da orain gutxi taldeak loaldia hasi duen arte; Bull, Inadaptats banda katalaneko kidea izan zen; Miliko, Blood Seekers bandarekin ibilitakoa da; Barrondok, Tripimonstersen astindu izan ditu atabalak…

Mitoen telonero
Deabru berri baten jaiotza entzun nahi duenak  Velozeten bandcamp orrian aurkituko du, debalde. Aldiz, CD formatuan nahiago duenak, taldearen zuzenekoetan izango du erosteko aukera.

Lehen kontzertua ostiralean eskainiko dute Lezoko Txerrimuño baserrian, Santakrutz festen barruan. Eta larunbatean etxekoen aurrean estreinatuko dira Velozetekoak, Psilocybenea aretoan, 22:00etan. Eta, a zer nolako estreinaldia! Musika entzuten hasi zirenetik gertutik jarraitu duten banda baten ondoan arituko baitira, Supersuckers talde estatubatuar mitikoaren aurretik. “Aukera handi bat da guretzat Supersuckers bezalako talde batekin jotzea. Gainera, gaztetatik entzun dugun taldea da, eta guri asko eragin digun taldeetako bat”. Ametsa egi bihurtuko da Mendeluko aretoan, deabru berriak deabru zaharrarekin eszenatokia konpartitzen duenean.

Arizonako taldea 1988tik ari da okerkeria zabaltzen, beren hitzetan “munduko rock and roll banda onena” bilakatzeraino. Lemmy Kilmister zenak honakoa bota zuen behin: “Ez badituzu Supersuckers maite, ez duzu rock and rolla maite”. Eta ez baduzu rock and rolla maite, ez duzu zertan larunbateko kontzertutik agertu. Bestela bai!

Gainezka omen dagoelako ezingo dute infernuan bertan egin, eta Psilocybenean azaleratuko dira Supersuckers eta Velozet. Gauza bat argi dago, emanaldi ezin beroagoa izango dela. Dagoeneko suhiltzaileak abisatuta daude, badaezpada.

(Bidasoko Hitza egunkarian, 2017ko irailaren 14an argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:HondarribiaLuz de PutasPsilocybeneaVelozet