Musika

Iñigo Astiz

2016.11.30

Iñigo Astiz

Bukaeraren ostean datorrena

Udako azken kontzertua egin, eta zalantza egin zuen Anari Alberdi musikariak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1970): gustura zebilen Zure aurrekari penalak diskoko unibertso eta giroarekin, eta bueltaka zerabilen disko hartarako grabatu baina bukaeran diskotik kanpo gelditu zen kanta bat ere. Eta hor sortu zitzaion dilema; hari horri segitu ala ez segitu zen kontua. Azkenean, tiraka jarraitzea erabaki, abuztuan kantak osatzen hasi, irailean taldearekin Andoaingo Garate estudiora sartu, eta sei kantako diskoa kaleratu du orain. Aurreko diskoaren hiztegi bera darabilte abestiek, eta aurreko diskoaren giro parekotsua dute; horregatik izenburua: Epilogo bat (Bidehuts). Batuketa moduko bat da proposamena, Anarik berak azaldu duenez: «Lagun batek esan zidan oso disko motza zela, eta nik esan nion ez zela disko motza; denera, 15 abestiko obra oso bat bezala kontatzen du».

Anari_musikaria_Bilbon,_'Epilogo_bat'_diskoaren_aurkezpenean

Anari Alberdik Bilboko Biba aretoan egin zuen ‘Epilogo bat’ diskoaren aurkezpena. (Marisol Ramirez / Argazki Press)

Hain zuzen ere, Epilogoa” izeneko abestia izan da Epilogo bat diskoaren ernamuina. Hori da aurreko diskotik zintzilik gelditu zitzaion doinua. Estudioraino heldu zen kanta, eta grabatu ere, grabatu zuten, baina tempo motelegia hautatu zutela azaldu du Anarik, eta diskotik kanpo uztea erabaki zutela, azkenean. Ezin erabat ahaztu, ordea, eta hortik hasita hazi da diskoa. «Abesti horren hariari tiraka erabaki nuen idazten jarraitzea».

Musikariak azaldu duenez, askotan utzi behar izan ditu abestiak diskoetatik kanpo. «Disko bat egiterakoan, nik behintzat, nola lau edo bost urte behar izaten ditudan, maketa asko grabatuta eta asko idatzita heltzen naiz disko hori egitera». Hautatu egin behar, beraz, eta hautaketa prozesu horretan kanpoan geratu ohi dira kantetariko batzuk. Hor geratzen dira normalean, edo hor geratu dira orain arte. Baina oraingoan berreskuratu eta landu egin nahi izan ditu zirriborro haietariko batzuk, eta lan horren emaitza da Epilogo bat diskoa. «Erakargarri egiten zitzaidan aurrez egindako lan hari beste zerbait eransteko ideia hori».

Hitzetan jarri zuen pisua Zure aurrekari penalak diskoan musikariak, eta hitzetan jarri du enfasia oraingoan ere. Aurreko lanaren kontzeptu beren bueltan dabil horregatik lan berria. «Epilogo usaina duen garai batean egindako epilogo bat da», zehaztu du. Baina ibilbide moduko bat ere proposatzen du diskoak, musikariak azaldu duenez. «Elizako kanta zoragarri baten bertsio instrumental batekin hasten da diskoa, eta antsiolitikoen, terapiaren eta tristuraren industriaren giro horrekin bukatzen da: gurutzea utzi, eta Orfidal-a hartu. Pixka bat, ideia hori dago atzean. Kontzeptu hori bazegoen Zure aurrekari penalak diskoan; bazegoen ideia hori, eta oraingoan gehiago tiratu diot horri».

“Gurutzea utzi, eta Orfidala hartu. Kontzeptu hori bazegoen ‘Zure aurrekari penalak diskoan, eta oraingoan gehiago tiratu diot horri”

Anariren kantak bereak egin dituzten entzuleentzako «opari bat» ere bada diskoa, kantariaren hitzetan, eta pozik gelditu da emaitzarekin. «Asko gozatu dut prozesuan: idazten, taldearekin prestatzen, grabatzen… Eta ez zait beti pasatzen asko gozatzearena». Libre aritu nahi zuela azaldu du, eta horregatik erabaki zuela diskoa egiten ari zenik ere ez esatea. «Ez genuen nahi inork ezer espero zezan, ze inork ezer espero ez duenean bestela hartzen dira gauzak».

Gustura geratu da diskoaren luzerarekin ere. Aitortu du: erakargarri zaio formatu laburra. «Hamar abestiko disko batek eskatzen dizu beste puntu batetik eustea diskoari, eta pentsatu dut igual lau urtean behin hamar kantuko diskoak egin beharrean orain hasiko naizela bi urtean behin bostekoak egiten, edo urtean behin bikoak egiten». Umore tanta batez bota du ideia musikariak, baina umore tanta batez bakarrik. «Agian aldatu da zerbait musikan, eta gu gara diskoa bederatzi, hamar, hamaika kantuko obra modura planteatzen dugunok; beste garai baten epilogoa horretan ere».

Bi hamarkada oso
Hogei urte beteko dira datorren urtean Anarik bere lehen diskoa kaleratu zuenetik, eta gogoan izan du datua musikariak diskoaren aurkezpenean. Umorez. «Kaki Arkarazorekin grabatu genituen lehen disko haiek, eta azken bietan Martxel Arkarazo semea egon da. Horrek esaten du zerbait denborari buruz eta bideari buruz». Arkarazorekin batera, Karlos Osinagak lagundu ditu grabazioetan, eta Jonan Ordorikak egin ditu masterizazio lanak. Ohiko taldea izan du alboan estudioan. Mikel Abregok jo du bateria, Mariano Hurtado aritu da teklatuetan, Borja Iglesias gitarrarekin, eta Xabier Olazabal Drake-k jo du baxua.

Ohiko taldearekin batera, ordea, diskoan parte hartu dute Ruben Garateak (Audience), Joseba Irazokik (Atom Rhumba…), Ager Isunzak (Audience), Ander Mujikak (Napoka Iria), Joaquin Pascualek, Beñardo Goietxek (Morau, Mugaldekoak) eta Karlos Osinagak ere. Aurrez ere Anarirekin aritutakoak dira haietariko asko, eta, musikariaren hitzetan, badago hautaketa horretarako motiborik: «Garrantzitsua zen guretzat musikalki ere aurreko lanarekiko lotura bat egotea».

Oraingoz, Durangoko Azokan jarriko dute diskoa salgai, eta gero helduko da dendetara. Zehaztu dutenez, ez dute asmorik aurkezpen bira berezirik egiteko, baina salbuespen bat egingo dute. Kontzertu berezia emango dute bihar Donostiako Bukowski tabernan, eta diskoko sei kantak jotzea da asmoa.

ETIKETAK:Ager InsunzaAnariAnder MujikaAudienceBeñardo GoietxeBidehutsBorja IglesiasJoseba IrazokiKaki ArkarazoKarlos OsinagaMariano HurtadoMartxel ArkarazoMikel AbregoMorauMugaldekoakNapoka IriaRuben GarateaXabier Olazabal 'Drake'