Musika

Bost urte eta hamar hariko soka dantza

“Nire garairik punkienetan ere ez nuen hain azkar grabatzen diskoa. Estudioa tortura makina bat da niretzat, eta, horregatik, oso pozik nago grabaketa honekin, hiru egunean bukatu dugulako dena. Lehendabiziko egunean oinarriak grabatu genituen, bigarrengoan sokak, eta hirugarrengoan ahotsak. Nire marka guztiak hautsi ditut». Xabier Montoiak (Gasteiz, 1955), parkinean kazetariarekin elkartu denean.

XABIER_MONTOIA

Xabier Montoia eta Ibon Rodriguez Pottoko estudioan, diskoa grabatzen. (Andoni Canellada / Argazki Press)

Hantxe dago Pottoko Studio hau, tailer arteko labirintoan eskaileretan gora hartuta. Atea ireki orduko sumatzen da ahotsen festa giroa. Ibon Rodriguez (Sestao, Bizkaia, 1978) ari da kristalaren bestaldean, kabinan Montoiaren ahotsetik entzuten den «zutaz oroit/ muero porque no muero» mantrari behetik boza eransten. «Avilako Teresaren bertsoak dira, bai», Montoiak. Alferrik esango du ezetz. «Eta hemen Itziarren ahotsa goitik kantatzen sartuko bagenu?». Itziar Lertxundi (Donostia, 1976) txelo jotzailearen txanda, beraz. Kristalaz bestaldeko paisaia aldatu da, Fredi Pelaezek kontrolatzen duen grabazio mahaiko ordenagailuaren pantailakoa ere bai.

Sei urte joan dira Bidehutsekin Montoiaren mundu miresgarria lanak argia ikusi zuela. Hamar kanta ziren disko hartan; hamar kanta izango dira honetan ere. Hartan, Maite Arroitajauregirekin osatu zuten hirukoa Montoiak eta Rodriguezek; honetan, Itziar Lertxundirekin. Ez dira bakarrak, baina. Lertxundik Xabier Zeberio —lehen biolina—, Leire Pikabea —bigarren biolina— eta Monika Peirorekin —biola— osatutako soka laukotea da disko honetako hamar kanta-hariak josten dituena.

«Hasiera batean, diskoa orkestra batekin egitea zen gure ametsa, baina ezinezkoa zela ikusi genuen, eta, azkenean, soka laukote batekin grabatu dugu». Montoiak. «Montoiari hamahiru kanta grabatu nizkion, eta hamar aukeratu eta orkestrarako prestatzeko eskatu zidan». Rodriguezek. Erronka gisa hartu omen zuen eskaera. Erronka handi gisa: «Musika idazten ikasi behar izan dut disko honetarako. Oso prozesu aberasgarria izan da. Ez nekien gauza asko ikasi dut». Bigarren erronka bat ere etorri zitzaion, gainera: orkestrarako pentsatutakoa soka laukote baterako egokitzea. «Beldur pixka bat ere ematen zidan ea moldatuko ote nintzen, ea grabatzerakoan nola geratuko ote zen. Gustura nago emaitzarekin. Sonoritate honen bila aritu naiz lanean». Orkestrarako pentsatutakoaren airea gordetzen du, Rodriguezen ustez, estudioko bozgorailuetatik oraintxe bertan entzuten denak. Ados da berarekin Montoia: «Grabatzen hasi aurreko astean egin genuen lehendabiziko entsegua laukotearekin, eta gustura atera ginen denok handik. Ibonek bere lana deseraiki behar izan du, %80 bat hustu, soka laukotera egokitzeko. Bost urteren ondoren, poztu naiz».

Pixka bat goragotik kantatzeko eskatu dio Rodriguezek Lertxundiri. Montoia, bitartean, bere buruan bakarrik dagoen bateria bati kolpeka ari zaio, grabazio mahai atzeko sofan eserita. «Beti ari naiz bateriak entzuten, eta bakarra ere ez dago disko osoan». Kazetariari, barre txikiarekin, begira daukala ikusi duenean.

Insomnearen kanta entzuten da orain, loari etortzeko eskatzen. «Gero eta gehiago gara lo egin ezinean egoten garenak, ala?». Baietz, egunerokotik baduela diskoak. Badira pare bat kantu denboraren iragaiteaz, esaterako, eta maitasunaz eta desamodioaz. «Eta sei hilabetean behin bisitatzen dudan Mikel Antza lagunaz». “Reau” abestiaz ari da, hura preso dagoen kartzelaren izena daukanaz. «Hitzak eta musika etxean sortzen ditut, gitarrarekin aurkezten dizkiet taldekoei, eta hortik abiatzen gara. Hauek duela bost urte sortu nituen, eta orain grabatu ahal izan ditut».

Musikari eta idazle
Duela bost urtekoak orain grabatu dituenak hemendik bost urterakoak sortuta ote dituen galdetuta, ezezko borobilarekin erantzuten du: «Ez, ez, ez. Gauzak bururatzen zaizkit, baina neure burua zentsuratzen dut, oraindik ere baditudalako hainbat kanta grabatzeko. Nobela bat idazten ere aritu naiz, bitartean, eta ez neukan denerako indarrik». Horixe du idazlea musikari eta musikaria idazle izateak. Eta musikari rolean sartzen denean, idazlea bigarren mailara pasatzen denean: «Niri, benetan, musika gustatzen zait. Azkeneko lana izaten dut hitzak idaztea. Beti. Hitzak idaztea atsegin banu, poesia idatziko nuke». Poesia idazteari utzi diola ulertu dio kazetariak; kantatzeari utzi nahi liokeela esan dio musikariak: «Nire ametsa da beste norbaitek kantatzea nire kantak. Inork kantatzen ez dituenez, bada, neuk kantatzen ditut».

“Niri, benetan, musika gustatzen zait. Azkeneko lana izaten dut hitzak idaztea. Beti. Hitzak idaztea atsegin banu, poesia idatziko nuke”

Itziar Lertxundi grabazio kabinatik atera da. Jengibre ura behar duela esan du sofarako bidean. Hasiberria sentitzen omen da, neurri batean, halako grabazio lanetan: «Grabaketa askotan aritu naiz, baina inoiz ez hain sartuta talde batean, erabakiak hartzen eta ahotsak egiten. Azken hori erabat berria da niretzat».

Disko honetan osatu duten soka laukotea ere berria da, bai Xabi Zeberiorekin, bai Leire Pikabearekin, bai Monika Peirorekin bakarka aritua bazen ere.

Montoia-Rodriguez-Lertxundi hirukoteak urtarrilean Tabakaleran eskaini zuen No English Please emanaldia ekarri du gogora Lertxundik. Han hasi omen zen inprobisatzeari zion beldurra galtzen. «Armairutik ateratzen», Montoiaren esanetan. Ikuskizun hartako bi pieza grabatu dituzte disko honetan. Gorraizea izena edukiko omen duen disko honetan. «Neu ere pixka bat gorra nago, eta indar handiko hitza iruditzen zait». Montoiak.

Diskoetxea aldatuta emango du argitara lan berria. Gaztelupeko Hotsak-ekin. Aurrekoa Bidehutsekin atera zuen. «Autogestioa zoragarria da, eta Bidehutsen proiektua izugarri ederra dela pentsatzen dut orain ere, baina alferra naiz, eta aurreko nire diskoaren kaxa mordoa daukat oraindik ere etxean, eta ez dut kaxa gehiago pilatu nahi. Ez dut ideologiaz aldatu, baina horretarako indarrik ez daukat». Bigarren aldia du indarra aipatzen. «Ondo» neurtu beharra sentitzen omen du, ez daukalako sobera. «Nahiago dut daukadan indarra idaztera bideratu».

Indarrez entzuten dira ahotsak estudioko sofatik. Lana badute egiteko, baina, eta hobe inongo kazetariren galderak erantzuten denbora galdu gabe bukatzea. Rodriguez Pelaezekin ari da ahotsak errepasatzen. Jengibre termoaren bila joan da Lertxundi. Berak bakarrik ikusten duen bateria jotzen geratu da musikari idazle eta idazle musikaria.

(Berria egunkarian, 2017ko abuztuaren 8an argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:BidehutsGaztelupeko HotsakIbon RodriguezItziar LertxundiXabier Montoia