Musika

badok

2017.10.24

badok

Bilbo Hiria irratiak 20. urtemuga ospatzeko diskoa kaleratuko du

Bilboko Kafe Antzokiaren altzoan Zenbat Gara elkarteak sorturiko Bilbo Hiria irratiak 20 urte egin ditu eta urtemuga ospatzeko disko berezi bat argitaratuko du datorren astean. Hainbat musikarik kantu baten moldaketa berri bat grabatu dute gonbidatu baten laguntzaz. Esaterako, Xabi Aburruzagak Gu ta Gutarrak taldearen “Gora gu ta gutarrak” abestiaren bertsioa egin du Bilbo Hiria irratiko lagunekin. Hemen entzun dezakezu.

Bilbo Hiria irratia. 20 urtez euskal taupada izenburua du bildumak, izan ere, euskara hutsezko irratia da Bilbo Hiria, euskara eta euskal kultura sustatzea du helburu, eta berebiziko garrantzia ematen dio musikari bere programazioan.

Azala-a

Bilbo Hiri irratiaren 20. urtemuga ospatzeko diskoaren azala.

Guztira zortzi dira diskoak biltzen dituen kolaborazioak. Anje Duhaldek “Ama Euskal Herria” grabatu du Aire AhizpekinRuper Ordorikak bere abesti klasikoetako bat berreskuratu du, “Ez da posible”, eta Rory McLeodekin eman du; Mikel Urdangarinek Izaro gonbidatu du “Egun argian” elkarrekin abestera, eta beste horrenbeste egin du Zea Maysek Belako taldeko Cris Lizarragarekin “Hondarretik Ondarroara” abestian.

Nazioarteko pare bat abestiren bertsioak ere jasotzen ditu bildumak. Alde batetik, Txuma MurugarrenekRafa Ruedak eta Pettik euskarara ekarri dute “Babe, I’m on Fire”, Nick Cave australiarraren abestia, “Sutan nago” izenburupean. Bestetik, Jawbox taldearen “Savory” abestia moldatu dute Pi.L.T. taldeak eta JP Lohianek.

Azkenik, Hedoi Etxarte idazleak eta Maisha MCk “Soluzioa” abestiarekin hartu dute parte diskoan.

Bilbo Hiria irratia. 20 urtez euskal taupada urriaren 31n aurkeztuko dute Bilboko Kafe Antzokian.

ETIKETAK:Aire AhizpakAnje DuhaldeBelakoBilbo Hiria irratiaCris LizarragaHedoi EtxarteIzaroJawboxJP LohianKafe AntzokiaMaisha MCMikel UrdangarinNick CavePettiPiL.T.Rafa RuedaRory McLeodRuper Ordorikatxuma MurugarrenZea Mays