Musika

Mikel Lizarralde

2019.06.29

Mikel Lizarralde

Bidea egin nahi duen musika

Eguzkia eta ekaitza, argia eta iluntasuna, egunaren esnatzea eta amaiera. 2016an lehen pausoak eman zituenetik, kontrasteetan aurkitu du bere lekua Alba boskoteak. Betiere musika emozionala egitea helburu izanda, eta horretarako, oraingoz, hitzaren sostengua izan gabe. «Guztiok pentsatzen dugu musikaren bitartez pasatzen ahal direla emozioak», azaldu du Mikel Perez (bateria, teklatua) taldekideak. «Hitzik gabe, musikak uzten du tokia giro batean sartzeko. Entzuleari ez diogu esaten zer pentsatu, eta bakoitzak egin dezake bere istorioa». Perezekin batera, Peio Irigoien (gitarra), Mattin Oltzomendi (gitarra), Allande Etxeberri (baxua) eta Xalbat Bordak (bateria) osatzen dute Alba. Boskoteak orain dela hilabete pare bat kaleratu du bere lehendabiziko lana, lau pieza luzez osatutako diskoa, Anomia (Bidehuts), eta gaur Euskal Herria Zuzenean jaialdian aurkeztuko du.

ALBA

Alba taldeak garapen luzeko lau kantu instrumental bildu ditu Anomia bere lehen diskoan. (Matiuzalem)

Irigoien eta Oltzomendi aspaldi hasi ziren elkarrekin jotzen, eta euren azkeneko proiektua amaitu zenean, Perezekin harremanetan jarri eta Alba jarri zuten abian. Gerora batuko ziren Etxeberri eta Oihan Delavigne baterian, eta ondoren Bordak hartu zuen azken horren lekua. Ia hasieratik bi bateriarekin lan egitea erabaki baitzuten. «Nik aipatu nuen aukera hori, maite dudalako horrek taldeari ematen dion indarra». Taldea sortu aurretik buruan zuten ideiatik, ordea, dezente mugitu da taldea: «Gauza zinez lasai bat egin nahi genuen, trip hop estilokoa, makinekin, baina biziki gozoa. Baina, bigarren bateria erabiltzen hasi ginenez gero, hor, ezinbestean, rock aldera egin dugu gehiago, nahiz eta pasarte lasaiak ere izan gure musikan. Baina soinu naturalagoa du».

Hastapenetako ideia hura, nolabait, Portishead taldeak Rock en Scene jaialdian emandako kontzertu batean mamitu zen. Perez, Etxeberri eta Oltzomendi han izan ziren. «Sortu gabe zegoen taldea, baina sekulako kontzertua izan zen, eta hasieran estilo horretara jo nahi izan genuen. Azkenean ez dugu halakorik egin, baina ez gaude itxiak».

Izan ere, Albaren musikak harreman estuagoa du garapen luzeetako post-rockarekin, edo Perezek dioen bezala, «rock progresiboarekin». Mogwai taldearen izena azaldu da elkarrizketan, Albarengan eragina izan duen galdetuta: «Mattinek asko entzun izan du Mogwai; nik ez hainbeste. Baina badira talde txikiak elkarrekin ezagutu ditugunak eta izugarriak direnak. Adibidez, Shora, Suitzako talde bat. Izugarrizko musika egiten du, eta guretzat eredu bilakatu da». Badira guztiek gustuko dituzten beste artistak batzuk ere: «Radiohead, Portishead bera, Lisabö…»

Prozesu luzea
Hazparneko (Lapurdi) Ttattola gaztetxean entseatzen du taldeak; han garatzen ditu arnas luzekoak diren piezak. Lelorik gabe, garapenean baitute ardatza: «Batzuetan, riff batetik abiatzen gara», jakinarazi du Perezek, baina ez dute formula zehatzik: «Beste batzuetan, ideia nagusi bat daukagu, hortik bateria bat ateratzen da, gero gitarrak… baina saiatzen gara ez errepikatzen». Kantuen egitura elkarrekin idazten dute, eta hori zehaztuta, inprobisazioari ere lekua uzten diote, «baina jakinda tresna bakoitza noiz sartu behar den».

“Gauza zinez lasai bat egin nahi genuen, trip hop estilokoa, makinekin. Baina bigarren bateriarekin, ezinbestean, rock aldera egin dugu gehiago”

Orain arte lau pieza besterik ez dituzte osatuak —Anomia diskoan bildutakoak—, eta bosgarrenarekin aritu dira, EHZn aurkezteko itxaropenarekin. «Baina lana eskatzen digu kantuak egiteak. Denbora hartzen dugu, garapena behar dutelako, luzeak direlako eta bakoitzak bere bidea aurkitu behar duelako. Prozesu aski luzea izaten da».

Diskoa “Alba” kantuarekin hasten da, goxo eta poliki-poliki: «Egunaren eta diskoaren hasiera da Alba. Taldearen lehen diskoko lehen kantua da, eta baita idatzi genuen lehenengoa ere. Denaren hasiera da». “Piaroa”-k bide lasaitik segitzen du, tronpeta bat lagun duela, eta “Lerrozuzena askatzen”-ek, berriz, lehen kolpe bortitzak jaurtitzen ditu, Lisabören soinura hurbilduz.

Hain zuzen ere, Anomia joan den udan grabatu zuten Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa), Karlos Osinaga Irungo taldeko kide eta soinu teknikariarekin. «Mattinek ezagutzen zuen, eta oso egokia iruditzen zitzaigun; are gehiago kontuan izanda bi bateriarekin grabatu behar genuela». Harreman horrek ahalbidetu du, bestalde, diskoa Bidehutsen markapean argitaratzea: «Euskal Herrian ez genuen beste aukerarik ikusten; gainera izugarrizko taldeak daude hor. Diskoa prest zelarik, baietz esan ziguten».

ETIKETAK:ALBAAllande EtxeberriBidehutsJulen EtxeberriKarlos OsinagaLisaböMattin OltzomendiMikel PerezOihan DelavignePeio irigoienXalbat Borda