Musika

Ane Eslava

2018.11.29

Ane Eslava

Bidaia bat pop planetetara

Baobabs Will Destroy Your Planet Iruñeko taldeak bigarren diskoan bidaia bat egin du poparen planetetan barna. 1960ko hamarkadatik 1990ekora bitarteko estiloetan nabigatuz, eta estudioko lan sakonago batekin, beren soinua bilatzen saiatu dira Argiaren abiadura izeneko lanean. Baita aurkitu ere, haien hitzetan: «Lortu dugu geure nortasuna sortzea». Gogoberrituta eta taldekide berriekin ekin diote aurkezpen birari. Gaur Gasteizen joko dute, Jimmy Jazz aretoan.

Baobabs_18

Eneko Reketibate + Amaia Zalbide + Txemi Losada + Eymard Uberetagoena = Baobabs Will Destroy Your Planet.

Baobabs Will Destroy Your Planet 2014an jaio zen. Izen ingelesa badute ere, euskara hutsean kantatzen dute, eta musika estilo berezia dute: poparen, rockaren eta indie-aren artean mugitzen dira. Jatorriz hiru kidek osatzen zuten taldea: Eymard Uberetagoena abeslari eta gitarra jotzaileak, Darina Sadchicova teklatu jotzaileak eta Eneko Reketibate bateria jotzaileak. Indartsu hasi ziren: elkar ezagutu eta lau hilabetera, maketa bat grabatua zuten, baita bideoklip bat ere. 2015ean, Gaztea Maketa Lehiaketako sari berezia irabazi eta Bilboko Kafe Antzokian jotzeko aukera izan zuten. Horri esker, hainbat kontzertu egin zituzten, eta taldearen izena zabalduz joan zen.

Bultzada hori baliatuz, 2016an diskoa grabatzea erabaki zuten. Ez edozein tokitan: Londresera joan ziren, eta Abbey Road estudioetan grabatu zuten. Izen handiko artista askok grabatu dute han; besteak beste, Michael Jacksonek, Amy Winehousek, The Beatlesek eta Freddie Mercuryk. Uberetagoena, Sadchicova eta Reketibate izan ziren, ordea, han euskaraz grabatu zuten lehenbiziko musikariak. Horrek indar handia eman zien, Uberetagoenaren esanetan: «Abbey Roaden grabatzeak oihartzun mediatikoa izan zuen, eta kontzertu dezente eman genituen, irratietan eta telebistetan gure musika entzuten zen…».

Lehenbiziko lanaren arrakastak eta beren izaera finkatzeko beharrak eraman dituzte bigarren disko bat sortzera. Bidean, baina, gorabeherak izan dituzte: lan berrian pentsatzen hasi zirenean, Sadchicovak taldea utzi behar izan zuen. Beste bi kideek ez zuten ordezkorik aurkitzen, eta haiek bakarrik aurrera egitea erabaki zuten. Orduan, diskoaren abestiak lantzen ari zirela, Amaia Zalbiderekin topo egin zuten, eta hirurek elkartzea erabaki zuten. Horren ostean, Txemi Losada gitarra jotzaileak ere taldearekin bat egin zuen.

Bi partaide berrirekin espazio-ontzia beteta, irailean Lizarrara (Nafarroa) abiatu ziren, Aberin estudioetara. Nafarroan grabatzeak ahalbidetu zien estudioko lan sakonagoa egitea. «Sentsazio eta esperientzia berriak bilatzen genituen: estudioan denbora gehiago egotea, zerbait sortu eta zakarrontzira botatzea… Ikastea», adierazi du bateria jotzaileak. Abbey Roadeko esperientziarekin zerikusirik izan ez duela erantsi du abeslariak: «Londreskoa itzela izan zen, baina disko osoa egun bakarrean grabatu behar izan genuen. Lizarran, berriz, hainbat egun pasatu ditugu, eta kantak lasaitasunez grabatu ditugu…».

Estudioan denbora gehiago igaro badute ere, grabazioa erlojupean egin behar izan dute, taldekide berriak sartzeak atzeratu baititu hasieran aurreikusten zituzten epeak. Horrez gain, sintetizadoreak eta gitarra erantsi dituztenez, moldatu behar izan dituzte jada sortuak zituzten kanta batzuk. Horregatik, hain zuzen, deitu diote diskoari Argiaren abiadura. Iñaki Llarenak eta Leire Arangurenek ekoitzi dute.

Lehenbiziko lanarekin alderatuta, Argiaren abiadura-n erritmoek eta ahots melodiek indarra hartu dute, eta kantetan popa, rocka eta ukitu indie-ak bildu diuzte. «Poparen hamarkadetatik» mugitu dira, abeslariaren hitzetan: «Alde batetik, 1960ko hamarkadako melodiak daude, entzuteko errazagoak direnak, The Beatlesengandik hartutakoak. Baina badaude 1980koak ere, The Cure bezalako taldeetatik hartutakoak, baita 1990eko erreferentziak ere: The Stone Roses, Oasis…». Taldea musikalki «helduagoa» dela eta bere soinua aurkitu duela uste dute: «Lehen diskoan Abbey Roadera joan ginen buruan genuen indie britainiar soinuaren bila. Oraingoan, estudioko lanari esker, lortu dugu gure helburua».

Bederatzi kantuk osatzen dute diskoa. Horietan, eguneroko gaiak jorratu dituzte. «Ez gara sartu gai transzendentaletan», esan du Uberetagoenak. Horretaz gain, “Lehentasunak” abestia teknika binauralarekin grabatu dute. «Entzungailuekin aditzerakoan, mugimenduak daudela dirudi; ez dela estereo estatikoa».

Euskaraz kantatzea
Taldea sortu zutenetik egindako ibilbidearekin pozik daude Baobabs Will Destroy Your Planeteko kideak. Urte hauetan kontzertu ugari egin dituzte, eta, kopurua baino gehiago, horien «kalitatea» nabarmendu dute: «Oso toki interesgarrietan jotzeko parada izan dugu». Euskara hutsean abesten duen talde bat izanik, zailtasunak handiagoak direla ere aipatu dute: «Badakigu guk egiten dugun musikarekin zaila dela euskal rockaren eszenan sartzea». Hala ere, ziurtatu dute harrera ona izan dutela, eta beren tokia egiten ari direla euskal musikaren panoraman.

ETIKETAK:Amaia ZalbideBaobabs Will Destroy Your PlanetEneko ReketibateEymard UberetagoenaIñaki LlarenaLeire ArangurenTxemi Losada