Musika

badok

2016.11.16

badok

Bi kantu berri dakartza Lau Behi-ren ‘Onenak’ bildumak

Lau Behi taldeak Onenak bilduma argitaratuko du datorren astelehenean, hilak 21. Taldearen diskoak gaur egun deskatalogatuta daudenez, 90eko hamarkadan egindako ibilbidearen testigantza utzi nahi izan du Donostiako laukoteak. Hamalau abesti jasotzen ditu bildumak, eta horietako bi aurten grabatutako kantu berriak dira: “Positiboan” eta “Hogei urte”. Mikel Azpiroz taldekidearen Mamusik zigiluak argitaratu du diskoa eta Durangoko Azokan eskuratu ahal izango da. Diskoa aurkezteko kontzertu bakarra eskainiko du Lau Behik, 2017ko otsailaren 5ean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

DSC_6308

Alberto Bosch + Juanra Etxaburua + Txenan Calvo + Mikel Azpiroz = Lau Behi 2016.

Lau Behi 1994ko udan sortu zuten Mikel Azpiroz (gitarra, Hammond organoa eta ahotsa), Alberto Bosch (baxua), Juanra Etxaburua (bateria) eta Txenan Calvok (gitarra). Donostiako pop eta blues taldeetan aritutakoak ziren horietako batzuk, Blues Stop, Los Patos eta Speed taldeetan esaterako, eta gisa horretako doinuak jorratzeko osatu zuten talde berria.  Urte berean argitaratu zuten lehen grabazioa, Lau Bei autoekoitzitako lana, eta berehala iritsi zen lehen disko ofiziala, Lau behi (IZ, 1995). Hammond organoa, pianoa eta gitarra elektrikoaren gainean eraikitako rock&roll eta rhythm&blues kutsuko kantuak aurkezten zituen laukoteak estreinako lan hartan. Daniel Lazerus soinu hartzaile estatubatuarrak (Joe Cocker, Violent Femmes, Mike Oldfield…) grabatu zuen diskoa. 

Bigarren diskoari heldu aurretik, Txakun taldearekin partekatutako EP bat grabatu zuen, Merke & ona (IZ, 1996). Bigarren disko luzea, Bi (IZ, 1996), aurrekoa baino gitarreroagoa gertatu zen; kantuak landuagoak eta jantziagoak ziren, rhythm&blues musikaren eraginari eusten zioten, baina funk eta country ukitu koloretsuak ere erakusten zituen taldeak. Kontzertuz kontzertu, ahoz aho, pixkanaka-pixkanaka taldearen izena hedatuz joan zen, Euskal Herrian garai hartan gehien entzuten ziren musiken estiloetatik kanpo egon arren.

Lau Behi 1996

Lau Behi taldeko kideak, 1996ko argazki batean.

Taldeak kontzertuetan etenaldia egin zuen 1998an, hurrengo lana prestatzeko. Tarte horretan Txenan Calvok taldea utzi zuen, ez baitzuen oso gustuko estilistikoki hartzen ari zen bide berria. Izan ere, power-pop aldera jotzen zuten Lau Behiren kantu berriek, indarra melodietan jarriz. Oihuka diskoetxeak argitaratu zuen Lau Behiren hirugarren eta azken lana: Emakume interesgarriak (2000).

Lau Behiko taldekideetatik Mike Azpirozek egin du ibilbiderik oparoena musikan. Estudioan zein zuzenean hainbat talde eta bakarlarirentzat lan egiteaz gain, Elkano Browning Cream taldeko partaide eta konpositorea da, eta bakarkako bi disko argitaratu ditu, Gaua (Mamusik, 2013) eta Zuri (Mamusik, 2016). Halaber, Jabier Muguruzaren kolaboratzaile estua da. Alberto Bosch Parafünk-eko kidea izan zen, eta gaur egun Hotel eta Triz3ps taldeetan ari da. Juan Ramon Etxaburuak The Window Ventanas taldean jo zuen, eta harekin Naizitenjan diskoa grabatu zuen (Canton Records, 1997).

ETIKETAK:Alberto BoschIZJabier MuguruzaJuanra EtxaburuaLau BehiMamusikMikel AzpirozOihukaTxakunTxenan Calvo