2017.07.13
Betagarrik agur esatea erabaki du. Hatortxu Rock jaialdian eskainiko duen kontzertua izango da Gasteizko ska-rock taldearen azkena. Hala iragarri du Facebooken zabaldutako ohar labur baten bidez. Taldea desegiteko arrazoiei buruzko aipamenik ez du egiten oharrak. Betagarrik uztailaren 28an joko du Hatortxu Rocken, 21:15ean hasiko da haren kontzertua, eta gonbidatu gisa Obrint Pas taldeko Xavi Sarrià eta Miquel Gironès izango dituzte gasteiztarrek.
Hauxe dio Betagarrik atzo zabaldutako oharrak:
“Kaixo lagunok,
Laster HTX 20 ospatuko da, eta bertan, hilabete askoren ostean, berriz elkar ikusteko aukera izango dugu. Lakuntzakoa Betagarriren azken kontzertua izango dela iragarri nahi dizuegu, eta aldi berean, gure alboan hainbeste urtetan egoteagatik eskerrak emateko profitatu. Beraz, disfrutatu topera HTX 20 eta beti arte”.
Betagarrik 10 disko argitaratu ditu 24 urteko ibilbidean, horietako bi zuzenean grabatutakoak: Zuzenena (Metak, 2004) eta 20 urte zuzenean (Maldito Records, 2014). Taldeak Mil A Gritos diskoetxearekin kaleratu zituen lehen diskoak, eta ondoren Esan Ozenki, Metak eta Oihuka diskoetxeekin ere lagun egin zuen. Betagarriren diskorik arrakastatsuenetako bat 80/00 (Esan Ozenki, 1999) da, Euskal Herriko 80ko hamarkadako hainbat talderen kantuen bertsioez osatua.