Musika

badok

2017.01.16

badok

Bere itzulera iragarri du Pi.L.T.-ek

Azken asteetan zabaldutako zurrumurrua baieztatu du Pi.L.T. taldeak: eszenatokietara itzultzea erabaki du. Taldeko partaide izandako guztiak elkartuko dira aro berri honetan, alegia, Jose Manuel Sampedro Xanpe, Rafa Rueda, Aitor Abio, Txarli Solano eta David Gonzalez. “Emanaldi gutxi batzuk” eskainiko dituztela azaldu du taldeak, baina ez du zehaztu non eta noiz izango diren kontzertu horiek.

PILT 2017

Xanpe + David Gonzalez + Rafa Rueda + Aitor Abio + Txarli Solano = Pi.L.T. (2017)

Hauxe da PI.L.T.-ek Facebook-en zabaldu duen oharra:

Hamarkada baino gehiago pasatu da gure azken emanalditik. Musikak bizi gaitu, eta taldearen gelditzeak proiektu ezberdinetarako ateak zabaldu zizkigun taldeko partaide guztiei. Horietan darraigun arren, une egokia iritzi diogu gure bideak berriz gurutzatzeko.

“Zergatik?” izango da gehienok buruan izango duzuen galdera eta, egia esan, ez dago zergati berezirik. Galdera honi eman diezaiokegun erantzunik zintzoena “Zergatik ez?” da.

Lerro hauen bidez, PILT taldearenganako estimua erakutsi eta sarritan bueltatzeko eskatu digun jende guztiari eskerrak eman nahi dizkiogu. Bereziki, Mungiako Ibilaldiaren antolakuntzari, aspalditik buruan bueltaka generabilena gauzatzeko eman digun
azken akuilukadagatik.

Honetarako, taldeko partaide guztiak elkartzea erabaki dugu. Hau da, Rafa Rueda, Aitor Abio, Xanpe, Txarlie Solano eta David González izango dira taula gainean, ohiko laukotea boskotea bihurturik. Imajinatuko duzuenez, ez da erraza izan gure agendek bat egitea baina ahaleginak mereziko duelakoan gaude.

Rocka kirol arriskutsua izanik eta adinean gora goazela kontuan harturik, goi mailako kirolariek nola, beharrezko azterketa medikuak gainditu eta zuekin zuzenekoetan bat egiteko prest gaude. Emanaldi gutxi batzuk baino izango ez diren arren, gogotsu gaude emozioz beteriko une hauek zuekin konpartitzeko. Hortaz, laster iragarriko ditugun datetan elkar ikustea espero dugu.

Osasuna!
PILT

ETIKETAK:Pi.L.T.Rafa Rueda