2016.10.24
Herri kontserbadorea da Euskal Herria. Halaxe ondorioztatu zuen Mikel Peruarena Ansa kazetari eta idazleak 2015ean Euskal Herri osoan izan genituen hauteskundeen emaitzak jakin ostean. Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoan UMPk jaso zituen bozka gehien, Nafarroan UPNk eta baskongadetan PNVk. Alderdi kontserbadoreen proposamenak nagusi euskal herritarren gehiengoa kontserbadorea delako, euskal herritarren gehiengoa eskuindarra delako. Baina zer ezaugarri ditu kontserbadore batek? Soziologoek zein analista politikoek kontserbadoreak dagoena dagoenean mantendu gura dutenak direla diote, aldaketari beldurra dioten herritartzat dituzte, ezezagunaren aurrean mesfidati direnak, erabakiak norberak barik beste baten esku uztea gurago dutenak.
Gure lagun batek dio kontserbadoreak oroz gain kakatiak direla, koldarrak, berekoiak, bekaiztiak, indibidualistak, ametsen zikiratzaileak, burgesak, klasistak, elitistak. Gure lagunak dio kontserbadoreen herri batek ez duela egundo benetako garapenik izanen ordekan ere galgak erabiliko dituelako, larregizko abiadura hartzearen beldur. Gure lagunak dio herri kontserbadorean kultur sortzaileak alfertzat hartuko gaituztela beti, mesfidantza hedatuko dutela gurekiko, baztertu egingo gaituztela erabakiguneetatik ezbada beraien sokari tiratzeko. Gure lagunak dio kontserbadoreak nagusi diren herria herri hitsa dela, monokromatikoa, aspergarria, bizipozik bakoa, pose bat, larritasuneraino perfumaturiko arimez osatutako familia argazki bat, lur sail idortua.
Eta zein da orduan aterabidea? Ez soziologoek, ez analista politikoek, hain gutxi alderdietako politikari profesional noranahikoek ez badakarkigute ilunetarako kinkelik?
Kanta zerrenda bat bidali dit arrapostu lagunak.
— Horra zuen berbakeran, playlist-a, EP bat, single singlea, horra zeri egin behar zionagun aurre.
“IHIA”
Anari, Irla izan (Bidehuts, 2009)
(…) Eta beldurra gose denean, libre dabilenean,
edozer jaten du: ametsak, gorputzak, begiak
gezurrak edo egiak,
orain ni, gero zu.
Eskerrak ahulak garen
erantzi eta jaten uzten garen,
bestela, bakoitza bere desertuan,
bere harkaitzaren barruan zain,
denborak laztan nazan, harea egin dezan,
etab. Etab.
“BIGARREN ITZALA”
Berri Txarrak, Denbora da poligrafo bakarra (Only in Dreams, 2014)
(…) hemen da
bigarren itzal bat bezain leial
hemen da: indiferentzia
garaile isila
mundua saretik zaintzen
galdera‐ikurrak dira gehiegi
betiko lau akordeen atzean
galdera ikur gehiegi eta nahikorik ez
denontzako nahikorik ez
beroki heze baten antzera
azalera temati itsasten
beroki busti baten antzera
ekaitzari ekaitza eransten
“HAIZE EZA”
Dut, At (Esan Ozenki, 1996)
Konbikzio handirik gabe ari naiz, oihukatzeak ala entzuteak, zerk egiten gaituen libre, katu beltza bezala zakurren jangelan, ezin eguzkia piztu: izozkiak gara beraien ahotan. Sistemaren neoizko orratzak zainak zuritzen dizkigula, sinboloen semantika tristea morroien bular txukunetan. Harroegi ulertzeko, harroegi onartzeko askatasun desiratuak ez gaituela askatuko. Bandera trapu bat da haizerik ez badabil.
“LILIAN”
Bide Ertzean, Grisa (Gaztelupeko Hotsak, 2000)
ongizatearen gizartea
ikusia zuen telebistan
bertan hezi nahi zuen umea
ustezko paradisu zurian
ikustezin izan nahi zuen
ilgoran, ilbetean, ilbeheran
paseatu lehen munduan
oharkabean gure antzera
aske izan jende artean
ikustezin gu bezala
lilian, lilian, lilian
bere azala, bere hizkera
susmagarriak ziren argitan
horregatik itsasoratu zen
lur berrira gauaren erdian
baina ez zen iritsi inoiz
nigeriatik guganaino
ito egin zen, ito egin zen lilian
lilian, lilian, lilian
“METAFOREN GERRATEA”
Gu ta Gutarrak, Bertso berriak eta lagun zaharrak (Lanku, 2007)
Izan fikzio konpartitu bat da errealitatea
baina gutxitan aipatzen dugu metaforen gerratea
Berben jabe izatea da arma fulminantea…
Zer da adibidez Gehiengoaren Nahia ta Borondatea?
Ez da ba izango gutxiengoak nahigabean irautea? Zer ote dira zezenbidea eta Ongiesatea? Ta objetibitankea?
Baserritarrak ba ote dauka hiritargoan lekurik?
Modernoak ez ote dauzkagu aspaldi zaharkiturik?
Ta denborak, aurrezturik ba al du dibidendurik?
Aurrerabide deitzen duguna nora doa eta nundik? Zergatik gauzka iraganari lotzeak hain izuturik?
Ingurukoei begiratuta gehiago ikusten ditut nik geroak harrapaturik
Karratu samar gertatzen zaizkit berba borobilegiak;
arruntagoak askoz gurago ditu nire hiztegiak:
behetik gorako egiak eta arrazoi erdiak
Bat eta bera dira niretzat txanponaren alde biak
Duintasunak badu, bai, lana; ta usai txarra izerdiak!
Zintzoa banaiz nik ez dakit zer eskatzen duen herriak… notiziak ala berriak? Hitzek gu baino ez ote dugu hitzak pentsatzea hobe
Geu izan beste inoren berben oihartzun bihurtu orde;
mundu ta pentsamolde ezberdinen traduktore
Hitzak itzuli, hitzak itzartu… Hitzalpeetan ez gorde
Hankak zeruan burua bero bizi gaitezen gero ere
ta eguzkiak argitzen badu beltz ta etsipen kolore,
eman dezagun umore…
— Esan gura didan sortzaileok baztertzen gaituen herri kontserbadore honen gaitzak bost kanta horietan laburbildu daitezkeela?
— Horixe bera.
— Ederto, bazekinagu zeri aurre egin. Baina zelan?
— Hori ez dun ez idazlearen ezta musikagilearen egitekoa.
— Norena dun, ba, orduan?