2017.10.25
Azken hamabi urteetan Ander Mujika gitarristarekin osatu duen Napoka Iria taldea desegin ondoren, bakarkako ibilbideari ekin dio Miren Narbaizak. MICE izen artistikoa hartu du horretarako, eta lehen diskoa prest dauka jada. Lan horretako “Buelteri eusten” abestia entzun dezakezu hemen.
Berako Atala estudioan grabatu du MICEk diskoa, hirukote formatuan, Joseba Baleztena (gitarrak, teklatuak, baxua, perkusioak…) eta Ilargi Agirrerekin (bateria, perkusioa). Joseba Baleztena bera arduratu da ekoizpen artistikoaz.
Diskoaren lehen zuzeneko aurkezpena datorren ostiralean, hilak 27, Tolosako Bonberenea gaztetxean egingo du MICEk, eta hilaren 31n Gasteizko Jimmy Jazz aretoan joko du. Bi kontzertuotan Libek ere lan berria aurkeztuko du, Ilargia erori da. Aurrerago, azaroaren 23an, Bartzelonako EH Sona jaialdian parte hartuko du MICEk. Zuzenekoetan boskote formatuan ariko da, Baleztena eta Agirrez gain, Lutxo Neira eta Ibai Gogortza ere ondoan izango baititu Miren Narbaizak.