2017.06.16
Donostian eskaini zuen azken kontzertua udalaren aginduz eraitsitako Kortxoenea gaztetxearen defentsan izan zen, 2015eko irailean. Bad Sound System, Sorkun, Xabi Solano, La Basu eta beste zenbait lagun izan zituen alboan. “Egun zoragarria izan zen, indar eta ilusio handikoa”. Datorren asteazkenean berriz hirian joko du Fermin Muguruzak, lehen aldiz Viktoria Eugenia antzokian (20:00). Autogestioaren ikur den musikariak Adarra saria jasoko du Eneko Goia alkatearen eskuetatik, eta ondoren bere ibilbide osoko kantuak eskainiko ditu ekitaldi honetarako propio osatutako Micaela Chalmeta Big Bandarekin.
Bi aldeek hala adostuta, Muguruzak 54 urte betetzen zituen egun berean iragarri zuen Donostiako Udalak aurtengo saria Irungo musikariari emateko erabakia. Muguruzari sariak eragiten dion ilusioaren seinale da detaile hori. “Sariek orokorrean nahiko epel uzten naute. Musikariok harreman zuzena dugu gure publikoarekin, hori da beste arte diziplinetako sortzaileen aldean dugun abantailarik handiena, eta ez ditugu horrenbeste behar sariak. Beste sari bat balitz agian esango nien bakean uzteko”. Haatik, sariaren izaerak eta aurretik berau jasotako izenen pisuak eragina izan zuten onartzeko erabakian. 2014an sortu zuen Donostiako Udalak Adarra saria, euskal musikan nabarmendutako sortzaileen ibilbideari aitortza egiteko. Mikel Laboari eman zioten lehen urtean, eta hurrengo aldietan Ruper Ordorika eta Benito Lertxundi aukeratu zituen epaimahaiak. “Nire ustez, bizirik zela Mikel Laboari esker ona adierazi ez izanagatik sentitutako lotsa gainditzeko sortu zuten Adarra saria. Behin horretaz konturatuta, zenbait jenderi hil baino lehenago egin behar zaiola bere lanaren aitortza, eta Ruper Ordorika eta Benito Lertxundi izanik beste saridunak, berehala pentsatu nuen baiezkoa eman behar nuela. Nolabait haien hurrengo katebegikoa naiz”.
Baina Adarra saria onartzeak berekin dakar nahitaezko baldintza bat: kontzertua ematea ekainaren 21ean, Musikaren Egunean, eta zuzenean aritzea ez zegoen Muguruzaren aurtengo aurreikuspenetan. “Nik ez dut funtzionatzen musikari askok bezala, talde bat dutela antolatuta. Azken urteetan egin dudana da proiektu bat sortu eta kontzertu gutxi batzuk eman. Hala egin nuen iaz, esaterako, New Orleanseko musikariekin. Hortaz, barne gatazka sortu zidan izendapenak: batetik, nahi nuen saria onartu, baina kontzertua emateko konpromisoa hartzea zaila egiten zitzaidan. Hortaz, baiezkoa eman aurretik, eskatu nuen egun batzuk uzteko zer egin nezakeen pentsatzeko”.
Horrela sortu zen Micaela Chalmeta Big Banda eratzeko ideia. Martxoaren hasieran Bartzelonara joan zen Muguruza, hiru hilabete eta erdiko egonaldi baterako. Zehazki, Sant Andreu auzora. “Auzoa da, baina hangoek herritzat dute, Bartzelonak bortxaz anexionatu zuelako duela ehun urte”. Han ditu lokalak Taller de Músics goi mailako musika eskolak eta Donostiako kontzertua bertako ikasleekin ematea bururatu zitzaion Muguruzarekin. 20 musikari biltzen dituen big band-a sortu du, eta horietarik 18 emakumeak dira. “Emakumeek presentzia izatea nahi nuen, ahal bazen gizonen parekoa, eta emakumeez bakarrik osatutakoa izateko aukera zegoela esan zidaten. Eta horrela egin dugu. Urteak daramatzat emakumeen ikusgarritasuna bultzatzen, espazioak uztea aldarrikatzen…”. Horren haritik, David Fernandezek, CUPeko kideak, proposatu zuen big band-ari Micaela Chalmetaren izena jartzea, XX. mende hasierako kooperatibista eta feminista katalanaren oroimenez.
Micaela Chalmeta XX. mende hasierako kooperatibista eta feministaren izena jarri diote Taller de Músics-eko ikasleek osatutako big bandari
18 kantuz osatutako errepertorioa moldatu dute big band formatura. Kortaturen, Negu Gorriaken eta Muguruzaren bakarkako diskoetako abestiak dira gehienak, baina izango dira bertsioak ere. Eta gonbidatuak: Iñigo Muguruza, Kaki Arkarazo, Sorkun, Mikel Abrego, Oskar Benas, Niña Coyote eta Chico Tornado… Eta bi kanturen artean, La Basu eta Odei Barroso (2zio) rap kantariak taularatuko dira, saio bat a capella eskaintzeko. “Euskarazko hip hop eszena behingoz astintzen eta sendotzen hasi da eta oso pozik nago horrekin. Horregatik gonbidatu ditut La Basu eta Odei, eszena hori ere ikuskizunaren parte izan dadin”. Donostiako emanaldia Bartzelonan ere egingo dute, uztailaren 15ean, Grec jaialdian.
‘Black is Beltza’ filma, 2018rako
Hiru hilabetez, martxotik ekainera bitartean, Sant Andreuko beste biztanle bat izan da Fermin Muguruza. “Auzoen defendatzaile sutsua naiz, eta nire bigarren auzo egin dut Sant Andreu”. Katalana ikasteko baliatu du egonaldia. “Gogora ekarri dit euskara ikasten ari nintzenean zeinen gogorra izan zen jende askorekin hizkuntza ohiturak aldatzea. Katalanarekin berdin gertatu zait, jendeak gaztelaniara jotzen zuen baina nik katalanez egiten nien, temati, eta orain moldatzen naiz”. Iaz, Black is Beltza komikiaren harira antolatutako erakusketa zela medio, hilabetez egon zen Muguruza Bartzelonako Santa Monica arte zentroan —han sortu zuen Black is Beltza ASM Sessions diskoa Chalart58 musikariarekin—, eta Bilboko Azkuna zentroan bezala, hainbat ekitaldi paralelo eratu zituen erakusketak iraun bitartean. Horien artean, uztailaren 7an, Gora Black Fermin antolatu zuten. Iruñeko Katakrak liburu-dendako jendearen laguntzarekin, Bartzelonako brass band batzuk gonbidatu zituzten eta Muguruzaren diskoan parte hartu zuten New Orleanseko musikariekin batera Rambletatik desfilatu zuten. “Turistek inbaditutako espazio publikoa berreskuratzea izan zen”. Horren ondoren jaso zuen Muguruzak Sant Andreuko Fabra i Coats espazioan egonaldia egiteko kultur teknikari baten gonbidapena, helburu bikoitzarekin: alde batetik, sorkuntza lan bat garatzea, eta bestetik lan tekniko bat egitea. “Ekipamendu kulturalak ireki eta auzoarekin konektatu nahi zituzten. Eskatu zidaten auzoa nola ikusten nuen azaltzea, indarguneak eta ahulguneak detektatzea eta zer egin zitekeen proposatzea”.
Auzoan “oso harrena ona” egin zioten eta egun gutxitan bere lagun taldetxoa egina zuen Muguruzak. Auzokideen iritziak entzunez, kritika orokor bat jaso zuen: auzoari bizkarra ematen zion Fabra i Coatseko sortzaileen jardunak. Bizilagunek elitistatzat zuten arte espazioa, arrotza zitzaien. Ondorioz, ate irekien jardunaldiak antolatu zituzten: “sortzaileak auzoari erakutsi behar zion bere lana, sortze prozesuaren momentu bakar eta zehatz hori azaldu. Sortzaileak zerbait eman behar dio bueltan auzoari. Hori da komunitatea sortzea”. Ate irekien jardunaldi horietako batean, une honetan esku artean duen proiektua aurkeztu zuen Muguruzak.
Black is Beltza animazioko filmerako musika sortzeko eta grabatzeko baliatu du Bartzelonako egonaldia. Raül Fernandez Refree izan du lagun zeregin horretan. Azken bi urteetan Guerra ikuskizunean aritu dira elkarrekin bi musikariak, eta bitarte horretan filmerako nahi zuen musikaren nondik norakoak azaldu dizkio batak besteari. Sona handia hartu du Fernandezek azken aldian, Silvia Perez Cruz, Rosalía, Kiko Veneno, Los Enemigos edota Rocío Marquezentzat egindako ekoizpenak medio. Sonic Youth taldeko kide ohi Lee Ranaldoren disko berrian ere lan egin du —irailean argitaratuko da—. “Sekulako intuizioa daukan musikaria da, musika izerditzen du”, dio Muguruzak. Bien artean sortu dituzte soinu bandako kantu gehienak. “Musika inzidentala sortu dugu, baina aldi berean pieza asko daude. Natural Born Killers, Ghost Dog edota Tarantinoren filmak izan dira nolabait nire ereduak”. Manu Chao, Ana Tijoux, Iseo, Rosalía, Maika Makovski, Anari edota Amel Zen dira kantuak abestu dituztenetako batzuk.
‘Black is Beltza’ animazioko filmerako musika sortu eta grabatu du jada Muguruzak. Raül Fernandez izan du lagun zeregin horretan
Filma hurrengo urtean estreinatu nahi du Muguruzak, eta, ahal bada, Donostiako Zinemaldian. “Hori da gure helburua”. Proiektua Bartzelonan antolatutako 360 Cartoon ekitaldian aurkeztu zuten maiatzan, Europako banatzaileen, jaialdietako antolatzaileen eta telebistetako ordezkarien aurrean. Oraingoz animatika, storyboard-a eta musika baino ez dituzte eginda. Harkaitz Cano eta Jorge Aldereterekin ondutako komikiaren estetika ezberdina izango du filmak, eta Muguruzarekin batera Beñat Beitia zuzendari artistikoa, Iñigo Berasategi animazio zuzendaria, Iñaki Holgado eta Josep Homs marrazkilariak —azken horrek Millenium pelikularen komikirako egokitzapena egin zuen—, Dibulitoon eta Argentinako animazio estudio bat ari dira lanean, besteak beste.
Inoiz egin duen proiekturik “zailena eta osatuena” da Black is Beltza. “Proiektu batetik bestera jauzi bat egiten dut beti. Black is Beltza horrela ikusten nuen hasieratik, proiektu mardul gisa, bere adarrekin: kontzertuak, erakusketak, diskoak… Pelikula aurkeztu ondoren ildo beretik jarraitzea da asmoa”. Filma estreinatu bitartean beste proiekturik ez du hasiko Muguruzak, baina ez du baztertzen urtea amaitu aurretik “sorpresaren bat” ematea. “Sant Andreun egin ditut beste gauza batzuk, eta batek daki…”.