Musika

badok

2020.09.25

badok

Astean laburrean #11

⊕ MUSIKA BULEGOA SARIAK banatzeko ekitaldia datorren asteazkenean, irailaren 30ean, egingo dute Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, arratsaldeko 19:00etan hasita. Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak urtero antolatzen dituen sariak martxoan ziren banatzekoak Gasteizko Europa Kongresu Jauregian, baina koronabirusaren ondorioz atzeratu behar izan zuten ekitaldia. Data aldatzearekin batera ekitaldia hartuko duen egoitza ere aldatu dute antolatzaileek, eta  Jimmy Jazz aretoa aukeratu dute Euskal Herriko musika aretoei babesa azaltzeko eta kultura segurua dela adierazteko. Ehun talde edo musikari baino gehiago aurkeztu dira aurtengo sarietara, Musika Bulegoak azaldu duenez, eta horietatik zortzik jasoko dute epaimahaiaren aitortza. Horrez gain, EHMBk sari berezi bat emango dio “prestakuntzan, sentsibilizazioan, hedapenean, ekoizpenean… egitasmo azpimarragarria gauzatu duen eta Euskal Herriko musika jarduerarekin erlazionatuta dagoen pertsona edo erakundeari”, eta Etxepare Institutuak euskal musika nazioartean zabaltzeko eta ezagutarazteko egindako lana sarituko du.

⊕ RAFA RUEDA disko berria grabatzen ari da eta udazkenean argitaratuko du Zart zigiluaren bidez. Duela hiru urte kaleratu zuen Ruedak bere orain arteko azken lana, Hiri kristalezkoa (Elkar).

⊕ AMORANTEk lehen disko luzea argitaratu du, Bat edo hiru (Forbidden Colours). Bilboko La Mala estudioan Aitor Etxebarria musikari eta ekoizlearekin grabaturiko zazpi kanta biltzen ditu, horien artean, Mikel Laboa eta Joxan Artzeren “Ama hil zaigu” abestiaren moldaketa. Aitor Etxebarriaz gain, Mariano Hurtadok (kontrabaxua) eta Joseba Irazokik (gitarra elektrikoa) kolaboratu dute diskoan, eta Uxue Alberdik “Juliana” abestiaren hitzak idatzi ditu.Diskoaren lehen zuzeneko aurkezpena Bilboko Bira aretoan egingo du Amorantek, irailaren 30ean. Urriaren 8an Ordiziako Herri Antzokian izango da, eta azaroaren 6an Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.

 MAIALEN ERROTABEHERE abeslari behenafarrak bere lan berria finantzatzeko crowdfunding kanpaina ireki du Kisskissbankbank plataforman eta dagoeneko lortu du aurrez jarritako helburua. Animus Anima izenburua eramango du diskoak eta galdera baten inguruan —zer da maskulinoa eta zer da femeninoa?— hainbat lagunek –horien artean, Itxaro Borda, Aguxtin Alkhat, Maddi Zubeldia, Txuma Murugarren, Odei Barroso eta Xabaltx– idatzitako testuekin osaturiko soul eta blues aireko abestiak bilduko ditu. Patrice Tetevuide (gitarra), Remy Gachis (gitarra), Iban Larreburu (bateria) eta Thomas Labarbe (baxua) musikariek lagunduko diote Maialeni bere laugarren diskoa osatzen.

Patric Tetevuide, Maialen Errotabehere, Remy Gachis

Patric Tetevuide, Maialen Errotabehere eta Remy Gachis.

⊕ HAXOTZ taldeak bere bosgarren diskoa kaleratu. Lore hilak du izenburu eta Bilboko boskotearen “lanik ausartena” da, taldekideen hitzetan. Hirugarren aldiz Urtzi Izak egin ditu ekoizle lanak eta aurreko lanekiko aldaketa bat egon da taldekideen artean, Unai Luzuriagak (Raust!) ordezkatu baitu taldearen jatorrizko bateria jolea, Unai Castañeda. Lore hilak-en berri emateko Haxotzek zabaldutako testuak dioenez, “senezko ardcore melodikotik hasita, stonerraren, bigarren olatuko emoaren edota Washingtoneko post-hardcore eszenaren eraginak” aurkituko ditu entzuleak diskoko bederatzi abestietan. “Egurra eta popo estribiloak neurri berean”, azaldu du taldeak.Diskoaren izenburuari dagokionez,  “lore hilen sorta baten forma hartzen du diskoak, abesti bakoitza zimeldu den ezeren ikur izanik: adiskidetasun ozpindu bat, kapitalaren indar korrosiboa, norbera berrasmatzeko promesen hutsalkeria ala maskulinitate toxikoa”. Ondorioz, “apokalipsiaren ertzean bizi garela dirudien garaian, egoera honi soinu banda” jarri dio Haxotzek. Kantuak koronabirusaren pandemiak ezarritako itxialdiaren aurreko hilabeteetan sortu zituen, baina udan grabatu ditu Urtzi Izaren estudioan.

Iñaki del Olmo taldekideak egin du ‘Lore hilak’ diskoaren azala.

⊕ KUARTZ taldeak aste honetan zabaldu du plataforma digitaletan bere bigarren diskoa, II. Uda aurretik argitaratu zuen Bastidako (Nafarroa Beherea) bikoteak — Oihan Delavigne (bateria) eta Ibes Moganbure (gitarra eta ahotsa)—, baina orain arte ez da sarean entzuteko aukerarik egon.

Kuartz II azala

Kuartzen bigarren diskoaren azala.

⊕ BROKEN BROTHERS BRASS BAND-EK egin du aurtengo Euskaraldiaren abestia. Euskararen erabilera sustatzeko ekimena azaroaren 2tik abenduaren 4ra bitartean. Ion Celestinok sortu du musika eta The Black Birds hirukoteak jarri die ahotsa Sustrai Colinak idatzitako hitzei. Euskaraldia amaitzen denean ere abesten eta dantzatzen jarraituko dugun abestia egin du Iruñeko brass band-ak.

⊕ MAPA GALDUAK jaialdia lehen aldiz egitekoa zen azaroan, baina koronabirusaren ondorioz urtebetez atzeratu dute antolatzaileek. Izan ere, pandemiak eragin du aurreikusitako egitaraua ezin gauzatzea bere osotasunean eta horren aurrean jaialdia ez egitea erabaki dute. Dena ondo bidean, 2021eko azaroaren 19, 20 eta 21ean egingo da UsoPop elkarteak antolaturiko jaialdi berria. Sarrera erosia zutenek bi aukera dituzte: hurrengo urterako gordetzea edo dirua itzultzeko eskatzea info@usopop.com helbidera idatziz.

Mapa Galduak

Mapa Galduak jaialdiaren aurtengo egitaraua.

⊕ IZARO-K Limones en invierno diskoan jasotako “Hainbeste” abestiaren bideoklipa plazaratu du. Mikel Blascok zuzendu du ikus-entzunezkoa, Mexikon hartutako irudiekin. Datozen asteetan Bilbon (urriaren 16an, Euskalduna jauregian), Donostian (Kursaalen, urriaren 25etik 28ra), Iruñean (Baluarten, azaroaren 13an) eta Azpeitian (Sanagustin kulturgunean, azaroaren 21ean) aurkeztuko du Izarok disko berria.

ETIKETAK:AmoranteBroken Brothers Brass BandHaxotzIzaroKuartzMaialenMaialen ErrotabehereMapa GalduakMusika BulegoaRafa Rueda