Musika

badok

2020.07.24

badok

Astea laburrean #8

— ASSATA taldeak “Egologista” abestiaren bideoklipa plazaratu du. Iaz argitaratutako Dantzatu, madarikatuok! diskoan jasotako kantu horretan “gizon zuri famatu aseezinaren” kritika egiten du Arrasateko boskoteak, funk doinu dantzagarri batean bilduta. Oihan Zubizarretak egin ditu aktore lanak bideoklipean, eta taldeak berak ekoitzi du.

— A.MAIAH gitarrista gasteiztarrak Psychedelic Populism Vol.1 lana kaleratu du. Bertan, folk psikodeliko minimalistako bost pieza instrumental jaso ditu Viva Bazooka taldeko kide ohiak. Hemen entzun dezakezu osorik.

AMAIAH AZALA

— CABARET JAIALDIA egitekoa zen Gasteizen abuztuaren 1etik 12ra bitartean, baina bertan behera utzi behar izan dute antolatzaileek, koronabirusaren agerraldi gehiago gertatzeko arriskua dela medio. Besteak beste, Gatibu, Huntza, Zea Mays eta Izaroren kontzertuak iragarrita zeuden, Espainiako hainbat artistarekin batera osaturiko egitarauaren barruan.

— BEÑARANKS reggae abeslariak eta Zestoako Argizulo Dub Station ekoizle bikoteak elkarlanean grabaturiko diskoa kaleratu dute. Argizulo etxe okupatuan grabatu dute Ganbaratik, eta hemen entzun dezakezu osorik.

Ganbaratik

NIÑA COYOTE ETA CHICO TORNADO errepidera itzuliko da datozen asteetan. Abuztutik azarora bitartean sei kontzertu emango ditu Donostiako bikoteak, horietatik bakarra Euskal Herrian: Orozko Rock jaialdian izango da, urriaren 31n. Taldeak iragarritako kontzertuen artean Gijongo Tsunami jaialdian eman beharrekoa zegoen, baina festibala bertan behera geratu dela azaldu berri dute antolatzaileek. Ondo bidean, Logroñon, Gironan, Las Palmasen, Malagan eta Lugon joko du Niña Coyote eta Chico Tornadok bira honen barruan. Bitartean, Cream taldearen “White room” abestiaren bertsioa zabaldu du aste honetan, Garate estudioan Kaki Arkarazorekin grabatua.

— GARAROCK jaialdia bertan behera geratu da. Irailean egitekoa zen bostgarren urtez Mendaron (Gipuzkoa) eta aurtengo egitaraua “sona handiko taldeen eta talentu berrien arteko konbinazio perfektua zen”, antolatzaileen arabera. Aldiz, Udalarekin adostu dute jaialdia ez egitea. “COVID 19 testuingurua eta hortik ondorioztatzen diren osasun neurriak ez dira bateragarriak gurea bezalako jaialdi batekin. Edukiera mugatzea, kontrolatzea, jendea eserita eta bereizita dagoen formatu bat ez da Gararock. Bestalde, Udalaren ahalegin ekonomikoa eta boluntarioen lan eskerga gehiegizkoa izango lirateke 100 pertsona inguruko edukiera izango lukeen ekitaldi baterako”.

— INDIOROCK egun bakarreko jaialdia egingo dute Errenterian, abuztuaren 8an. Egungo egoera dela eta, jaialdiak orain arte zuen eredua moldatu behar izan dute eta proposamen berria egin dute antolatzaileek. Horrela, bi txandatan egingo dira kontzertuak, denak leku berean, Miguel Irastortza plazan. Lehen txandan, arratsaldeko 5etan, Jon Gurrutxaga & Urbil Artola eta Verde Prato ariko dira, eta gaueko 9etatik aurrera, Lumi eta Ekhi Lambert. Sarrerak aldez aurretik erreserbatu egin behar dira indiorock.ore@gmail.com helbidean.

KYXO taldeak hirugarren singlea argitaratu du. “Gora behera” Eclectic Studiosen grabatu dute Gartxo Unsain teknikari zutela, eta bideoklip baten bidez eman dute ezagutzera. Urnietan (Gipuzkoa) sortutakoa da Kyxo eta bere burua “chill-pop” talde gisa definitzen du.

ETIKETAK:A.MaiahArgizulo Dub StationAssataBeñaranksGararockIndiorockKyxoNiña Coyote eta Chico Tornado