Musika

badok

2020.07.17

badok

Astea laburrean #7

— MARMOKA taldeak 2019ko Amua jaialdian eskainitako kontzertuaren grabazioa argitaratu du euskarri digitalean. Hondarribiako (Gipuzkoa) Itsas Etxea auditorioan eskainitako errepertorioa bi zatitan banatu zute: lehenengoan, laukoteak bakarka jo zuen, formatu akustikoan, eta ondoren Scooby Band gazte orkestrak lagunduta aritu zen. Hamar abestien artean, Itoiz (“Hegal egiten”) eta Beti Mugan (“Denbora geldian”) taldeen bertsio bana daude. Diskoa osorik entzun dezakezu hemen.

Marmoka Amua live

— PANTX RECORDS reggae eta ska doinuetan espezializaturiko zigiluak binilozko single berria argitaratu du. Suaia eta Ama Rebel taldea aukeratu du oraingoan Bilboko kolektiboak bere zazpigarren erreferentzia osatzeko. Bi abesti biltzen ditu singleak: A aldean, “Selfie ala hil” dago, “egungo gizarteak daraman bizimodu ero eta azkarra ardatz harturik, itxurakeria zorrotz kritikatzen” duen abestia. B aldeak berriz, “Subgrabe artean” abestiaren bertsio berri bat jasotzen du. Ohi bezala, singlearen 300 ale baino ez ditu argitaratu Pantx Recordsek.

MIKEL INUNTZIAGA ‘INUN’ bakarlariak “Nana nana” abestia plazaratu du aste honetan. Hondartza giroa gogora ekartzen duen kantu freskagarri eta itsaskorra egin du oraingoan musikari bizkaitarrak. Abesti hori eta orain arte argitaratutako hiru diskoetako hainbat Bilboko Euskalduna jauregian eskainiko ditu Inun-ek uztailaren 31n. Kontzertu horretarako sarrerak hemen salgai.

HILOTZ taldeak irailaren 15ean argitaratuko du Aske, bere bigarren diskoa, Maldito Records diskoetxearen eskutik. Duela aste batzuk lehen aurrerapen abestia ezagutu genuen, “Pertsona, terrorista”, eta orain bigarren singlea aurkeztu du black-metal hirukoteak, “Sinisten dut”.

BERRI TXARRAK Vianako Printzea saria jasotzeko hiru hautagaietako bat zen, baina epaimahaiak saria Carlos Canovas argazkilariari ematea erabaki du. Aralar Udal Musika Eskolak, Larraungo Udalak eta Lekunberriko Udalak taldearen hautagaitza aurkeztu zuten, eta Nafarroako kultura, komunikabide eta kirol munduko hainbat eragilek babesa eman diote aste honetan bideo baten bidez. Bertan, Berri Txarrak-en balioak azaleratu dituzte, besteak bestee, izpiritu kritikoa, lan egiteko gaitasuna, euskararekiko konpromisoa eta sortutako ondarea. Jaime Ignacio del Burgo legelari eta politikaria zen beste hautagaia.

— ESANEZIN proiektua ezagutu dugu aste honetan. Ianire Aranzabek eta Oriol Floresek osatzen dute eta oraingoz bi abesti baino ez dituzte grabatu, datorren urtean kaleratu nahi duten diskoaren aurrerapen gisa. “Esan ezin” abestian Leire Berasaluzek kolaboratu du.

BROKEN BROTHERS BRASS BAND disko berriaren grabazioa amaitzen ari da Lanabe estudioan. Metal tresnez osaturiko New Orleanseko taldeen eredua Euskal Herrira ekarri duen kolektiboaren laugarren diskoa izango da. Larunbat honetan, 19:30etatik aurrera, Arrasateko kaleetan zehar ariko dira giroa alaitzen Arrasate Blues jaialdiaren barruan.

ETIKETAK:Berri TxarrakEsanezinHilotzInunMarmokaPantx RecordsSuaia eta Ama Rebel