2020.11.06
⊕ ROCKEIN lehiaketako finalistak ezagutu ditugu aste honetan. Kategoria nagusian, Airu, Cecilia Payne eta Wicked Wizzard dira aukeratutako taldeak. Tokiko taldeen atalean berriz, Koiu, La Tokokera eta La Ultima Bala. Sei taldeok Basauriko antzokian joko dute azaroaren 20an, eta orduan erabakiko dira atal bakoitzeko irabazleak, baita euskarazko artista onenaren eta publikoaren sariak ere.
⊕ PLEURA talde nafarrak bere lehen diskoa kaleratu du, Bakarrilketa (Maldito Records). Duela urtebete inguru grabatu zuen Josu Erbitiren Drum Groove estudioan, baina pandemiaren eraginez ezin izan du orain arte argitaratu. Katez, Estu & Larri, Natali, Lamia eta beste zenbait taldetan aritutako musikariek osatzen dute Pleura, eta gitarren eta ahotsen arteko etengabeko elkarrizketen bilaketan oinarritutako rocka egiten dute, metal eta blues ukituekin.
⊕ JABIER MUGURUZA haurrentzako kantuen konposiziora itzuli da disko berrian. Oker (txakurra da) izenburua du eta Iñaki Irazu idazlearekin elkarlanean ondu du Irungo musikariak. Diskoari hasiera ematen dion abestia estreinatu dugu aste honetan. Hemen entzun dezakezu.
⊕ ALOS QUARTET hari laukoteak zuzenean grabaturiko diskoa argitaratuko du azaroaren 24an. Hogeigarren urtemuga ospatzeko Gasteizen, Donostian, Tolosan eta Bilbon eskainitako kontzertuetako zatiak bilduko ditu diskoak, musikari gonbidatu askoren parte-hartzearekin: Oreka TX, Izaro, Aitor Etxebarria, Josu Zabala, Gari, Natxo de Felipe, Bixente Martinez eta Anton Latxa… Diskoa aurresalmentan dago jada taldearen web orrian. Alos Quartetek Berrizko kultur etxean joko du abenduaren 2an.
⊕ NIÑA COYOTE ETA CHICO TORNADO bikoteak single bat argitaratu du binilo formatuan. Garate estudioan (Andoain, Gipuzkoa) Kaki Arkarazorekin grabaturiko bi bertsio jasotzen ditu: “Superstition” (Stevie Wonder) —Hardcore Hits Cancer. A Benefit Compilation Vol. 5 bilduman argitaratutakoa— eta “White Room” (Cream). Singlea azaroaren 13an iritsiko da dendetara, baina dagoeneko eros daiteke hemen.
⊕ AITZINA FOLK jaialdiaren egitaraua aurkeztu dute. Azaroaren 27tik urtarrilaren 2a bitartean egingo dute Gasteizen, eta besteak beste, Oreka TX, Korrontzi & Xabier Amuriza, Khami, La Musgaña eta Iñaki Plaza musikarien kontzertuak eskainiko ditu. Egitarau osoa ikusteko sakatu hemen.
⊕ MIKEL MARKEZ abeslariak Esti alabarekin grabaturiko diskoaren bigarren aurrerapen abestia plazaratu dute. “Bila nazazu” izeneko kantak Toti Martinez de Lezearen hitzak ditu eta musika Mikel Markezena da. Diskoa azaroaren 20an argitaratuko dute Azalberritzen izenburuarekin.
⊕ ZETAK taldeak single berria kaleratuko du azaroaren 13an. “Hitzeman” du izenburu eta Kataluniako Oques Grasses taldearekin ondu du Pello Reparazek gidatzen duen pop elektronikoko proiektuak.
⊕ MILA MODU taldeak lehen diskoa plazaratu du, Absurdoaren paradisua (Elkar). Sei kantu biltzen ditu Oñatiko hirukotearen lanak. Xabier Yaniz Hor Konpon taldeko kide ohiaren proiektu berria da Mila Modu, 20 urtez agertokietatik urrun egon ondoren kezka musikal eta intelektualak azaleratzeko sortu duen zirrikitua. Andoni Campos (baxua) eta Oskar Arlanzon (bateria) dira taldeko beste bi kideak, eta zuzenekoetan Roberto Ferreiro (Malenkonia) gitarristak lagunduko die.
⊕ SILICIES GRIZZLIES taldeak “Orein” abestiaren bideoklipa plazaratu du. Donostia, Zumaia eta Getariako bost gaztek osatzen dute Silicies Grizzlies, eta laster lehen maketa kaleratuko dute, Beñat Antxustegik grabatua. Taldearen estiloa rockaren eta funkaren artean dago, baina metal, stoner, psychedelic eta punk eraginak ere antzeman daitezke abestietan.