2020.10.23
⊕ NIÑA COYOTE ETA CHICO TORNADO saritua izan da Espainiako MIN sarietan. Zehazki, euskarazko disko onenaren Etxepare saria jaso du Donostiako bikoteak, iaz argitaratutako AitzStar diskoarengatik. Niña Coyote eta Chico Tornadoren lanarekin batera, Maketoen iraultza (Doctor Deseo), Atera (Zea Mays), Zetak (Zetak) eta Hezurren azpian (Maite Larburu) zeuden izendatuta. Bigarren aldiz jaso du Niña Coyote eta Chico Tornadok sari hau, 2016an Eate diskoarengatik eman baitzioten.
⊕ AitzStar grabatu zen estudio berean, Gironako La Casamuradan, ari da GATIBU disko berria grabatzen, Jordi Mora soinu teknikari eta Ricky Falkner ekoizlearekin. Durangoko Azokarako kalean izango da Gernikako laukotearen lan berria. Horren aurretik, azaroaren 7an bi kontzertu emango ditu Bilboko Euskalduna jauregian, eta abenduan beste bi emanaldi iragarri ditu: 12an Iruñeko Zentral aretoan (Ana Tijoux kantariarekin) eta 28an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
⊕ ‘AMILDEGIAK, SORKUNTZA ETA ARRISKUA’ jardunaldiak antolatu dituzte Bilboko BIRA gunean azaro eta abenduan. Hainbat arlotako sortzaileek (musikariak, idazleak, aktoreak…) sormen prozesuaz hitz egingo dute solasaldia eta emanaldia batuko dituzten saioetan, horien artean Pello Reparaz, Anari, Willis Drummond, Xatiro eta Inun musikariak. Saioetara joateko beharrezkoa da izena ematea programazioabira@gmail.com helbidea. Edukiera mugatua da.
⊕ TXILLY rap abeslariak bideoklip berria zabaldu du, “Banoa” abestiarena.
⊕ ESTITXU KANTATUZ jaialdia ospatuko dute larunbatean eta igandean Baigorrin (Behe Nafarroa). Aldudarrak elkarteak antolatutako ekitaldian hainbat abeslari eta musikarik hartu dute parte Beskoitzeko kantariaren obra gogoratzeko. Besteak beste, Jon Itzaina, Kattalin Indaburu, Thierry Biscary, Maddi Zubeldia, Mattin Lerissa, Aire Ahizpak, Amaia Riouspeyrous, Xendarineko Ahizpak… Larunbateko emanaldia 18:00etan hasiko da Baigorriko elizan, eta igandekoa 16:00etan, leku berean.
⊕ ASIER SUBERBIOLA musikariak irabazi du Irungo Udalak antolatutako lehen Iñigo Muguruza Beka. Kortatu, Negu Gorriak, Joxe Ripiau eta beste zenbait taldetan aritutako musikariak sortutako kantuetatik abiatuta musika eskoletarako material pedagogikoa sortzea da Suberbiolak aurkeztutako proiektuaren funtsa. Pedagogian lizentziatua da Suberbiola, biolin irakaslea da Bartzelonan, eta musika modernoan, jazzean eta inprobisazioan aditua da. Lau proiektu aurkeztu dira bekaren lehen deialdira, eta horien artean Suberbiolarena aukeratu du epaimahaiak. Iñigo Muguruza iazko irailaren 5ean zendu zen.
⊕ ASIER LI pianista, abeslari eta konpositoreak Horrela bizitzeko egitasmoaren hirugarren diskoa argitaratu du: Organo-narrazioak. Ale honek audio-liburu, irrati-antzerki eta “text-sound” lanen ildoa jorratzen du, eta ahotsa eta organoa baino ez ditu osagai. Zazpi minutu inguruko pieza bakar baten pasarte eta aldaera tinbrikoetan oinarritzen da. Ana Belen Garcia organo jotzaileak kolaboratu du diskoan.
⊕ BERRI TXARRAK saritua izan da Lisboako Iberian Festival Awards-etan, iaz Viveiroko (Lugo, Galizia) Resurrection Fest jaialdian emandako kontzertuarengatik. Zuzenekorik onenaren saria jaso du hirukoteak.
⊕ PLEURA taldeak azaroaren 3an kaleratuko du bere lehen diskoa, Bakarrilketa. Maldito Records diskoetxeak argitaratuko da Baztango laukotearen lana, eta aste honetan diskoaren beste aurrerapen kantu bat ezagutu dugu, “Errainua solte”.
⊕ ORDIZIARROCK jaialdia asteburu honetan egitekoa zen Ordizian (Gipuzkoa), baina azken orduan atzeratua izan da. Viva Belgrado, Sua, Zea Mays, Dupla eta Kokein ziren parte hartzekoak festibalean. Antolatzaileek laster jakinaraziko dute data berria.
⊕ KALEKO URDANGAK taldeak Nortasuna diskoan (Tough Ain’t Enough, 2018) jasotako “Santa Ageda” abestiaren bideoklipa zabaldu du.
⊕ MUSIKA BULEGOAK, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzarekin elkarlanean, zuzeneko arteen zirkuitu berezi bat antolatu du. Pandemiak zuzeneko arteen sektorean eragin dituen ondorioak “bereziki kezkagarriak” direla kontuan hartuta, musikaren eta arte eszenikoen sektoreko sormen-sareari eusten laguntzeko eta haren jarraipena eta jarduera bermatzeko ekimena jarri du martxan. Zirkuitua antolatu aurretik, EAEko Zuzeneko Arteen Zirkuitu Bereziaren Katalogoan sartzeko proposamenak jasotzeko epea ireki du urriaren 25a arte. Informazio gehiago hemen.
⊕ BLANQUITA CARRAQUELA, Asier Beramendi donostiarraren proiektu berria, udan ezagutu genuen. Izen horren pean aro berri bat ireki zuen Eraul taldeko buru ohiak. “Bourgogne” abestiarekin aurkeztu zuen bere burua Blanquita Carraquelak, eta aste honetan bigarren singlea plazaratu du: “Azalak”. Iñigo Astiz poetak idatzi ditu agur kantu honen hitzak eta elektropop gazigozoaren jantzia eman die Beramendik.
⊕EZPALAK taldeak Kolpatu topatu disko berriaren bigarren aurrerapen kantua aurkeztu du, “Tristura”. Duelok ekoitzi, zuzendu eta editatu du abestiaren bideoklipa. Oraindik ez dago diskoaren argitalpenerako data ofizialik, baina aurrekoan bezala, Zestoako (Gipuzkoa) Gaztain estudioan grabatu dute Eñaut Gaztañaga taldekidearekin.
⊕ ENDIKA LAHAINE & HAWAIIANO KID bikotearen diskoa, XamanaK, azaroaren 17an kaleratuko du Taupaka elkarteak. Diskoaren ildoa rapa izan arren, ez diote bide berriak jorratzeari uko egin, eta hori oso presente dago aurrerapen gisa kaleratu duten abestian, “Sputnik outro”, zeinean David Nanclares perkusio joleak kolaboratzen duen. Itziar Rodriguezek egin du bideoklipa, plano bakarrean.
⊕ NØGEN taldeak Under alt diskoa kaleratuko du urte bukaeran eta aste honetan bigarren singlea plazaratu du, “Zeri begira hartu nahi duzu lo?”, Aiora Poncek zuzendutako bideoklip baten bidez. Airaka zigiluak azaldu duenez, Donostiako boskotearen lan berriak “ez du aurrekoarekin erabateko hausturarik ekarriko, baina ez da jarraipen soil bat izango. Jarraipenaren eta hausturaren arteko oreka da”. Abenduaren 4ean eta 5ean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian aurkeztuko du.