Musika

badok

2020.09.18

badok

Astea laburrean #10

MIKEL URDANGARIN disko berria grabatzen hasi da aste honetan. Bi hilabete eman ditu diskoaren aurreprodukzioa lantzen Koldo Uriarte teklatu jolearekin. Uriarte bera arduratuko da diskoaren ekoizpenaz, eta hark esan duenez, “ausarta” izango da Urdangarinen lan berria. Izan ere, lehen aldiz pianoarekin konposatu ditu abesti berriak, eta ez gitarrarrekin, orain arte bezala. Zuzenean ere pianoarekin bakarka aritu da Urdangarin azken hilabeteetan —pandemiak hainbat kontzertu bertan behera utzi aurretik— eta halaxe arituko da urriaren 18an, Loraldia jaialdiaren barruan, Bilboko Euskalduna jauregian.

Urdangarin eta Uriarte

Mikel Urdangarin eta Koldo Uriarte.

LORALDIA jaialdia bertan behera utzi behar izan zuten martxoan, koronabirusaren ondorioz, baina zazpi hilabete geroago egitarau osoa berreskuratu eta aurrera eramatea lortu dute. Irailaren 26tik urriaren 22ra bitartean egingo da Bilbon kultura disziplina ugari biltzen dituen jaialdia. Musikari dagokionez, Petti, Mikel Urdangarin, Thierry Biscary eta Muga taldearen kontzertuak eskainiko ditu. Baina horrez gain, Esperientzia Digitala ekimena martxan jarri dute eta horren barruan hiru ekitaldi jarraitu ahal izango dira Internet bidez: Kanta batek mundua eralda dezake? solasaldia eta emanaldi laburra (Harkaitz Cano, Petti eta Ana Galarragarekin), urriaren 4an; Alos Quartet-en 20. urtemugako kontzertua, urriaren 8an; eta Gure herriaren soinu banda solasaldi eta emanaldi laburra (Mikel Urdangarin eta Ilaski Serranorekin), urriaren 18an. Egitarau osoa www.loraldia.eus gunean.

Loraldia 2020 udagoiena

Loraldia jaialdiaren aurtengo afixa.

ZAPOREAK elkartearen aldeko emanaldi bat eskainiko dute hainbat sortzaileak larunbatean, irailak 19, Donostiako Antigua auzoko frontoian, 12:00etatik aurrera. Musikariak (Anari, Mursego, Ruper Ordorika, Juantxo Arakama, Ibon RG, J Martina, Gorka Urbizu…), idazleak (Harkaitz Cano, Jose Luis Otamendi) eta bertsolariak (Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi) bilduko ditu ekitaldiak, eta azaldu dutenez, emanaldi «xumea eta mimo handikoa» izango da. Lehentasuna hitzak izango du, eta sortzaile bakoitzak eskainiko du ekitaldirako prestaturiko pieza, bertso edo sorkuntza txikia. Erreserbak aurrez eskuratzeko bi bide egon dira: on line (agortu dira), eta Hontza liburudendara gerturatuta. Aforoa 300 lagun ingurukoa izango da.

Zaporeak ekitaldia

13 sortzailek hartuko dute parte emanaldi berezi honetan.

JON MIRANDE idazlearen poesiaren inguruan batu dira Elena Setien, Grande Days eta Xabier Erkizia. Miranderen hainbat poema musikatu dituzte elkarlanaren eta emaitza zuzenean entzun ahal izango da urriaren 4an, Donostiako Antzoki Zaharrean. Hurrengo egunean diskoa argitaratuko du, binilo formatuan, Forbidden Colours zigiluak. Donostiako kontzerturako sarrerak dagoeneko salgai daude.

Mirande_Portada_digital_02

Miranderi eskainitako diskoaren azala.

NØGEN taldeak hurrengo diskoaren izenburua ezagutzera eman du. Under Alt deituko da Donostiako taldearen bigarren lan luzea —Liv til døden argitaratu zuen 2018an—, eta abenduaren 4an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian aurkeztuko dute. Aurretik, irailaren 26an, Bilboko BBK aretoaren 10. urteurreneko ospakizun kontzertua eskainiko du, Los Punsetes taldearekin batera.

Nogen 2020 1

Nøgen taldeko kideek prest dute bigarren diskoa.

MARACA DIABLO, Ina Iriondoren bakarkako proiektua, talde bilakatu da eta udan grabatutako abesti bat plazaratu du aurkezpen gisa. Itoiz taldearen lehen diskoko “Astelehen urdin batean” moldatu du hirukoteak —Rafa Furnier (bateria), Josu Iriondo (baxua) eta Ina Iriondo (ahotsa, gitarra eta programazioak)—, rock distortsionatu eta atmosferikoaren eremura eramanez. Hirukotea errepertorioa lantzen ari da lokalean, ahal duenean kontzertuak ematen hasteko.

G.A.Z LIMBO taldeak Deathorkizuna lan berria kaleratu du. Lekeitioko trap taldeak aurten argitaratzen duen bosgarren lana, aurretik lau EP plazaratu baititu, horietako bat Dumb Boys taldearekin partekatuta.

Deathorkizuna

G.A.Z Limboren bigarren lan luzea da ‘Deathorkizuna’.

TENPORA taldeak hirugarren diskoa kaleratu du, Berriro asma nazazu. Aitor Etxebarria arduratu da ekoizpenaz eta horrek boskotearen soinuaren “azala berritzea” eskarri du. “Musikaren estilo eta kolore aldetik garapen bat dago eta hala izatea nahi dugu, ez zaigulako errepikakorrak izatea gustatzen; musikariak bide berriak jarraitu behar ditu eta arriskuak hartu», azaldu du Juantxo Zeberio taldekideak. Harkaitz Cano, Karlos Linazasoro eta Leire Bilbao idazleen hitzak musikatu dituzte oraingoan. Urriaren 9an Tolosako Leidor antzokian aurkeztuko dute lan berria, eta urriaren 16an Zarauzko Modelo aretoan.

DENA hirukoteak “Ezer sentitzeko” lehen diskoaren bigarren aurrerapen abestia zabaldu du. Oraingoan ere bideokliparen formatua aukeratu du “Atseden eske” ezagutzera emateko, eta aurrekoan bezala, Josu Eizagirre eta Angel Aldarondoren esku egon da grabazioa eta zuzendaritza artistikoa, hurrenez hurren.

HAXOTZ taldeak Lore hilak disko berria argitaratuko du urki, eta aurrerapen gisa “Higiduraren lehen legea” abestiaren bideoklipa zabaldu du, plano sekuentzia bakarrean grabatua.

ETIKETAK:Astea laburreanDenaG.A.Z LimboHaxotzItoizJon MirandeLoraldiaMaraca DiabloMikel UrdangarinNogenTenporaZaporeak