Musika

badok

2020.03.31

badok

Asier LIren lan berriaren aurrerapena estreinatu dugu

Asier LI abesti egile eta konpositoreak (Beasain, Gipuzkoa, 1979) sei lanez osaturiko proiektua argitaratuko du datozen hilabeteetan. Horrela bizitzeko du izenburu eta “saiakera musikal fikzionatu” gisa definitu du egileak. Bildumaren lehen alea apirilaren amaieran plazaratuko du —hurrengoak bi hilabeteko tartearekin argitaratuko ditu— eta gaur aurrerapen abestiaren bideoklipa estreinatu dugu, “Hau ez da”, Hodei Ezeiza Zalduak egindakoa. Asier LIren konposizioetan ohikoa denez, ahotsaren eta sintetizadorearen arteko uztartze berezia da abesti berriaren ezaugarria.

Horrela bizitzeko proiektuko ale bakoitza autonomoa da eta disko baten bereizgarritasun eta osotasuna dauka, baina bildumak “batasun narratibo bat” gordetzen duela adierazi du egileak. Hain zuzen, genero eta sexu-nortasuna, subjektuaren eraikuntza eta gizakiaren naturarekiko harremana dira Asier LIk Horrela bizitzeko-n plazaratzen dituen hausnarketa-gai nagusiak. Musikaz ez ezik, lehen alearekin batera liburu bat argitaratuko du, zeinean disko guztietako testuak bilduko dituen. “Entzuleak lehen aleari dagozkion testuen bila arakatu beharko du liburua. Eta prozesu bera egin beharko du musika ale bakoitzarekin”, azaldu du musikariak. Horrela, sei aleak argitaratzen direnean lau ordu inguruko entzun-irakurraldia egin ahal izango da.

HORRELA BIZITZEKO-AZALA

Esti Urresolak egin du lanaren azala.

Aurretik hiru disko argitaratu ditu Asier LIk: Errotik (2012), Entelekia (2013) eta Oro bat (2016). Hemen duzu azken lan horri buruz egin genion elkarrizketa.

ETIKETAK:Asier LIEsti UrresolaHodei Ezeiza Zaldua