2017.09.07
Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibak sortutako Arkupehotsak egitasmoaren lehen deialdian aukeratutako 10 taldeak ezagutzera eman dituzte. Guztira 23 talde edo bakarlarik eman dute izena, eta horien artean hauek aukeratu dituzte: Hartz (Azpeitia), Kvalvika (Eibar), Mikel Uraken (Bilbo), Zoo (Beskoitze), Ni (Mungia), Bullets of Misery (Gernika), Falta (Hazparne), Delient (Azpeitia), Autumn (Donostia) eta Nau (Donostia). Taldeen aukeraketan, Kultura kooperatibako, Musikazuzenean eta BADOK atarietako kideek hartu dute parte.
Sormenaren erakusleiho berri eta garrantzitsu bat izateko desiraz sortu dute Arkupehotsak. Aukeratutako hamar talde horiek Azpeitiko Sanagustin aretoko arkupeetan jotzeko aukera izango dute datozen hilabeteetan. Hartz taldeak eta Mikel Uraken bakarlariek osatuko dute lehen emanaldia, irailaren 16an. Hurrengo kontzertuak urriaren 29an (Falta eta Nau taldeek joko dute), azaroaren 17an, abenduaren 22an eta urtarrilaren 12an izango dira. Egun bakoitzean arituko diren taldeak aurrerago iragarriko dituzte antolatzaileek. Hauen arabera, bere baitan musika estilo ugari hartzen dituen zerrenda osatu da, popa, rocka, rapa, elektronika, metal gogorra eta folka dituztelako lantzen aukeratutako taldeek. Aniztasun hori izan da epaimahaiak kontuan hartu dituen irizpideetako bat, proposamenen berritasuna, parekidetasuna eta hizkuntzarekin batera, besteak beste. Hautatuak izan ez diren 13 taldeak azaroan zabalduko den bigarren deialdian sartuko dituzte antolatzaileek eta aurkezten diren gainontzeko taldeen artean bigarren aukera bat izango dute.
Aipatutako kontzertuez gain, Arkupehotsak egitasmoak talde bati aukera emango dio disko bat grabatzeko eta 500 ale argitaratzeko —taldeak disko berri bat badu, bideoklip bat bitarteko profesionalekin grabatzeko aukera izango du—, eta bost taldek Sanagustin kulturguneko eszenatoki handian aritzeko aukera izango dute, izen ezagun baten aurretik.