Musika

badok

2017.06.21

badok

Arkupehotsak sortu dute, sortzaile berriak laguntzeko

Talde eta bakarlari hasiberriei edota martxan dauden musika proiektuei plaza bat eskaintzeko eta haien lanaren zabalkundean laguntzeko asmoz Arkupehotsak egitasmoa sortu dute Azpeitian (Gipuzkoa). Kulturaz kooperatibak martxan jarritako egitasmoak kontzertuak emateko eta diskoa edo bideoklipa grabatzeko aukera emango die taldeei.  Horretarako, urtean bi deialdi egingo ditu, eta horietako bakoitzean 10-12 talde aukeratuko ditu. Talde horiek zuzenean aritzeko aukera izango dute Arkupea izeneko oholtzan —Sanagustin kulturgunearen aldamenean—, eta horietatik erdiak Sanagustin kulturguneko eszenatokian jo ahal izango dute talde ezagun baten aurretik. Lehen deialdia dagoeneko zabalik dago, uztailaren 16ra arte. BADOK ataria egitasmoaren laguntzailea da.

arkupehotsak

Joan den astean aurkeztu zuten egitasmoa Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.

Hauek dira Arkupehotsak egitasmoaren inguruan jakin beharrekoak:

HELBURUAK ETA EZAUGARRIAK

  • Musika sortzaile berriei nahiz garatze bidean dauden musika proiektu berriei plaza duin bat eskaintzea.
  • Herriko, eskualdeko eta oro har Euskal Herriko sortzaileen dinamika aktibatzea.
  • Euskarazko sorkuntzarako baliabideak  jarri eta euskal musikari hedapena ematea.
  • Musika sortzaile berrien erreferentzia puntu bat izatea.
  • Inguruan ditugun sortzaileak balioan jarri eta euren jardunerako tresnak eskaintzea.

PARTE HARTZEKO MODUA

  • Deialdia. Funtzionatzeko modua deialdi bidezkoa izango da. Urtean bi deialdi izango dira, bata gaur bertan zabalduko duguna eta bestea azaro-abenduan. Deialdi bakoitzean 10-12 musika talde aukeratuko dira eta hauekin osatuko da ondorengo sei hilabeteetan Arkupean izango diren kontzertuen programazioa.
  • Parte hartzeko modua. Izena emateko www.kulturaz.eus webgunean jarriko dugun izen-emate orria bete beharko da.
  • Maiztasuna. Guztira urtean 10-12 kontzertu egingo dira, gutxi gorabehera hilabeteko maiztasunaz. Kontzertu bakoitzean bi taldek joko dute, beraz, guztira 20-24 talderi emango zaio aukera urte osoan zehar.
  • Kontzertuak. Asteburutan izango dira (ostiral, larunbat, igande) eta doako sarrerarekin.
  • Zabala. Euskal Herri osoko taldeen plaza izango da.
  • Euskara. Abesten den hizkuntza edozein izanik ere euskarak lehentasuna izango du aukeratzerakoan.
  • Ez da lehiaketa, sormena bultzatzeko aukera/laguntza baizik.
  • Kontuan izango dira. Gazteen proposamenak, proposamen berritzaileak, musika adierazpen anitzak, parekidetasun irizpideak, besteak beste.

BALDINTZAK 

Arkupe hotsak egitasmoan parte hartzeko ez da ezer berezirik behar. Aukeraketa bat egingo dugu deialdien epeen barruan aurkeztutako taldeen artean. Guk eskainiko dugu:

  • Aukeratuak izango diren taldeei kontzertua emateko abagunea, ekipamendu osoa, afaria eta promozioa.
  • Gainera, aukeratutako taldeen artean honako laguntzak emango ditugu:
    • Talde bati disko bat grabatu eta 500 kopia argitaratuko dizkiogu (taldeak disko berria badu bideoklip bat bitarteko profesionalekin grabatzeko aukera izango du).
    • Aukeratutako taldeek (gehienez 5 taldek) eszenatoki handian talde ezagun baten aurretik jotzeko aukera izango du.
  • Aukeratutako talde edo bakarlari horien proposamenen hedapena egingo du euskarri desberdinetan (kartelak, elkarrizketak, sare sozialak, prentsa…).
ETIKETAK:ArkupehotsakAzpeitiaKulturazSanagustin kulturgunea