Musika

Ahopekoak, boz gora

36KO_GERRA._OROITERIA._GERRA_BERTSO_ETA_OLERKIAK

“Gertu/ nahi zenukeena urrunen,/ bila joan gabe da hemen./ Deus ez da nahi duzunean erortzen,/ ez duzu aise entzungo erortzen:/ oroimena da fruitu bat”. Harkaitz Canoren Oroimenaren fruitu poemaren hitzak dira; Mintzak ahoz goran diskoaren liburuxkan irakur daitezke. 36ko gerrari buruz BERRIAk iaz aurkeztutako Oroiteria plazan, berriz, hitzok Amoranteren (Iban Urizar) ahotik entzun daitezke, bertara sartu orduko. Ez da hori Oroiteria eta Mintzak ahoz goran diskoa lotzen dituen hari bakarra, webgunetik sortutako adarra baita diskoa. Besteak beste, 36ko gerrari eta gerra ondokoei buruzko bertso eta olerkiek ere tokia dutelako Oroiteria-n, Ganbaratik atalean, helbide honetan: www.berria.eus/oroiteria/ganbaratik.

Bilketa eta hautaketa lanak izan ziren horretarako lehen urratsa: garai hartako prentsa, Auspoa bildumako liburuak, Euskadiko Artxibo Historikoko agiritegia —bertan gordetzen dira, besteak beste, Euzko-Deya egunkariak 1937tik 1940ra bitartean jasotako bertso eta artikuluak eta ArmiarmaLiburuklikDokuklik eta Bertsozale webguneak. Behin bilduma eginda, Mintzak saila osatu zen, hamasei ale hautatuta. Beste hamahiru pieza, berriz, Ahoz gora sailerako apartatu ziren. Asmoa hau izan zen: garai batean erdi ezkutuan esanak, irakurriak eta kantatuak a capella grabatzea, etxe barruan, boza jarri ahal izateko orduko min hitzei. Hala abiatu zen grabazio soka, Joseba Tapia musikari eta abeslaria lagun. Gerraren gaia asko interesatzen zaio, izan ere, Tapiari. Agur Intxorta maite (2001, Gaztelupeko Hotsak) eta Tximela kapitainaren izarrak (2013, Zakurraren biolina) diskoak interes horretatik sortu zituen. Lehendabizikoan, Bilbo 1937ko ekainaren 19an erori arteko kantuak bildu zituen. «Kanpoan gelditu ziren kartzelaldiak eta erbestekoak. Tximela-ren diskoarekin kartzelaldia landu genuen, baina erbestealdia zain dago oraindik».

Frontetik erbesteraino
Mintzak ahoz goran diskoan badira Bilbo erori arteko, kartzelaldiko eta erbesteko piezak. Nafarroatik zetozen kolpistei aurre egin zien Irungo (Gipuzkoa) borrokak, Joxemari Lopetegiren bertsoen bitartez ageri dira. Frontera abiatutako gudariei idatzi zien Salbatore Mitxelenak; Gernika suntsituari Santi Onaindiaren eta Telesforo Monzonen olerkiek. Joxe Zapirainek preso sartutako eta hildako semeei eskaini zien bertso sorta latza, eta Sebastian Salaberriak frontearen alde banatik elkarri tiroka aritu ziren anaien istorioa. Pepe Bolunburuk, berriz, fronteko eta presoaldiko ibilerak bertsokatu zituen.

Luis Rezola Arana Tximela-ren Duesoko espetxealdiko pieza bat ere entzun daiteke diskoan. Eta Iñaki Eizmendi Basarri-k langile batailoietako bere ibilerei jarritakoak. Eta I-ko Bakartiya ezizenez sinatzen zuenaren erbesteko ametsak. Eta kartzelatik bueltan zutik ozta-ozta baina burua tente heldu zen Benantzio Iñurrietarenak. Diskoan da Piarres Larzabalek idatzi eta Mixel Labegeriek ezagun egin zuen “Haurtxo haurtxoa” sehaska kanta ere.

1997ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaleko bertso batzuekin bukatzen da diskoa, Jexux Mari Irazuk gudari beteranoaren rolean «gerrako zauriei begira» kantatutakoekin.

Joseba Tapia: “Disko hau garai bateko kantaera berreskuratzeko bidea izan zitekeen, baina ordukoa gaurtik kantatu du jendeak”

Hitzei ahotsa jartzera, musikari profesionalak zein amateurrak prestatu dira: Mentxu Alkorta, Xabi Bandini (Anticontinente), Leire Bilbao, Jon EnbeitaMixel Etxekopar, Jexux Mari Irazu, La Basu, Maite Larburu (Neighbor), Xabier MontoiaMursegoMiren Narbaiza, Mertxe Oliden eta Joseba Tapia. Hamahiruotako seik, Bandinik, La Basuk, Larburuk, Montoiak, Mursegok eta Narbaizak, ahotsa emateaz gain, diskoko beren piezarako doinua sortu dute propio. Lara Madinabeitiak egin ditu grabazio guztiak, Bandinirena eta La Basurena izan ezik. Askotan, Joseba Tapia ondoan zuela. «Hasiera batean, a capella grabazioak izatean, disko hau garai bateko kantaera berreskuratzeko bidea izan zitekeela pentsatu nuen, baina ordukoa gaurtik kantatu du jendeak azkenean. Horregatik, oso gauza diferenteak aurkituko ditu bertan entzuleak», musikariaren esanetan.

Oroimen zatiak
Grabazioak egiteko kantarien etxez etxe egindako bisitak oroimen zatiak biltzeko bide ere izan dira. Hala, Xabier Montoia idazle eta musikariak isiltasuna hartu zuen hizpide: «Gure etxean ez zen hitz egiten ez gerraz, ez politikaz. Eta norbait saiatzen bazen, berehala isilarazten zuten. Nik oso gerora jakin nuen aitaren aita CNTkoa zela, eta haren bila joan zirela, gauez, hiltzera ateratzeko. Duela oso gutxi jakin dut hori».

Miren Narbaiza musikariak, berriz, ordukoaz mintzo zen amama eta askoz isilagoa zen aitaita aipatu zituen. Eta Mixel Etxekoparrek, 1914ko Gerla Handian zauritu eta Bigarren Mundu Gerra etxe atarian ikustean bere buruaz beste egin zuen aitona: «Aitañi Lehen Gerlaren biktima izan zen, Bigarrenean. Gerla batek anitzez berantago biktimak eragin ditzakeela, horri esker ikasia dugu etxean».

‘MINTZAK AHOZ GORAN’ DISKOA

“Galdu gerra bat eta galera hitzez hitz biluzi. Bildu min hitzak eta ale batzuk bereizi. Deitu hamahiru pertsona eta galtzaileen mintzak kantatzea eskaini. A capella eta etxe barruko babesean. Ahopeka jarriak ahoz gora zabaltzeko». Horixe Mintzak ahoz goran diskoaren plazarainoko ibilbidearen laburpena.

1.- “Ekaitza”
… aberatsaren merioz dator
hemengo nahaste osua
oinpean beti iruki nahiak
langile edo behartsua…

Hitzak: Joxe Mari Lopetegi (Irun, Gipuzkoa, 1875 — Arrueta-Sarrikota, Nafarroa Beherea, 1942).
Doinua: Joseba Tapia (Lasarte Oria, Gipuzkoa, 1964).
Ahotsa: Leire Bilbao (Ondarroa, Bizkaia, 1978).

2.- “Maritxo!”
Irten adi leiora
Maritxo! Lenbaillen;
gudariak gudara,
gudariak gudara
bertan baigoazten…

Hitzak: Salbatore Mitxelena (Zarautz, Gipuzkoa, 1919 — La Chaux-de-Fonds, Suitza, 1965)
Doinua: Maite Larburu (Hernani, Gipuzkoa, 1979).
Ahotsa: Maite Larburu (Hernani, Gipuzkoa, 1979).

3.- “Euria ta uria”
… Zabor, arri, zirpil, ondarrez
[kalea,
Aizetan eriotz dabil arramaka…
ta, umea besoan, zelako irudia!,
garrasi bizitan, nora oa, neska?… 

Hitzak: Santi Onaindia (Amoroto, Bizkaia, 1909 — Gasteiz, Araba, 1996).
Doinua: Maite Arroitajauregi Mursego (Eibar, Gipuzkoa, 1977).
Ahotsa: Maite Arroitajauregi Mursego (Eibar, Gipuzkoa, 1977).

4.- “Gernika’ko uso txuriarena”
Gernika’ko sugarrak
ortzia gorritu,
il baño lenago naian,
biotzak, nonbait, argitu.
Su-txinparta gaiñetan,
egazka uso txuri…
Bere yun-etorrietan,
zoratu dala dirudi…

Hitzak: Telesforo Monzon (Bergara, Gipuzkoa, 1904 — Baiona, Lapurdi, 1981).
Doinua: Miren Narbaiza (Eibar, Gipuzkoa, 1986).
Hitzak: Miren Narbaiza (Eibar, Gipuzkoa, 1986).

5.- “Len amar lagun giñan etxean”
… Bi seme illak, beste bi preso,
beste bi non dan jakiñ ez,
nere biotza tristuran dago
ezin sendaturik miñez…
Hitzak: Joxe Zapirain (Errenteria, Gipuzkoa, 1873 — 1957).
Doinua: Joseba Tapia (Lasarte Oria, Gipuzkoa, 1964).
Ahotsa: Mertxe Oliden (Orio, Gipuzkoa, 1945). 

6.- “Neronek tirako nizkin”
… An bi anayak alkarren kontra
giñala guk ez genekin,
inkurriorik gabe alkarri
tiroka fusillarekin;
urrena berriz ospitalian
bildu giñan alkarrekin…

Hitzak: Sebastian Salaberria (Oiartzun, Gipuzkoa, 1915 — Donostia, Gipuzkoa, 2003).
Doinua: Xabi Bandini (Iruñea, Nafarroa, 1983).
Ahotsa: Xabi Bandini (Iruñea, Nafarroa, 1983).

7.- “Gerrako gure ibilerak”
… Egin genduan bizimodu bat
guztiz ikaragarria:
denbora dana pasatu degu
hegazkinen ihesian,
purga beharrik ez degu izan
gerra denbora guztian…

Hitzak: Pepe Bolunburu (Eibar, Gipuzkoa).
Doinua: La Basu (Bilbo, Bizkaia, 1983).
Ahotsa: La Basu (Bilbo, Bizkaia, 1983).

8.- “Espetxeko kontuak”
… Baña kaiol txar au
ain dago itxirik
eta dana ixilik…
Bakar nago,
oso bakarti,
beti bildurti…

Hitzak: Luis Rezola Arana Tximela (Tolosa, Gipuzkoa, 1914 — Amasa-Villabona, Gipuzkoa, 1993).
Doinua: Joseba Tapia (Lasarte Oria, Gipuzkoa, 1964).
Ahotsa: Joseba Tapia (Lasarte Oria, Gipuzkoa, 1964).

9.- “Zutik ozta-ozta nator”
Zutik ozta-ozta nator
ni kartzelatikan
hezurrak agerian
da indarrik barikan
Ez uste horregatik
ni aldatzerikan… 

Hitzak: Benantzio Iñurrieta (Soraluze, Gipuzkoa, 1894 — Lekeitio, Bizkaia, 1964)
Doinua: Xabier Montoia (Gasteiz, Araba, 1955).
Ahotsa: Xabier Montoia (Gasteiz, Araba, 1955).

10.- “Nork egin du gure galde?”
Nork egin du gure galde?
Aiako Arritan gaude,
baña beti bezin trebe…
lanean gogoz aritzen gera
soldatarik jaso gabe,
berreun nagusi badaude
gure artaldeân jabe…

Hitzak: Iñaki Eizmendi Basarri (Errezil, Gipuzkoa, 1913 — Donostia, Gipuzkoa, 1999).
Doinua: Herrikoia.
Ahotsa: Jon Enbeita (Muxika, Bizkaia, 1950).

11.- “Erbesteko ametsak”
… Sarri naiz ametsetan nere
[etxian sartu
ta an utzi nitubanak ekartzeko
[artu;
orduban esnatzen naiz atzerri
[lurrian:
gelako orma bakarrik begiyen
[aurrian…

Hitzak: I.-ko Bakartiya.
Doinua: Herrikoia.
Ahotsa: Mentxu Alkorta (Donostia, Gipuzkoa, 1947).

12.- “Haurtxo haurtxoa”
… Izu egin lo,
aita preso da
zu bihar libro izaiteko.
Egun batian
etorriko da
gu biokin egoiteko…

Hitzak: Piarres Larzabal (Azkaine, Lapurdi, 1915 — Ziburu, Lapurdi, 1988).
Doinua: Mixel Labegerie (Uztaritze, Lapurdi, 1921 — Tolosa, Okzitania, 1980).
Ahotsa: Mixel Etxekopar (Gotaine-Iribarne, Zuberoa, 1963). 

13.- “Gerrako zauriei begira”
… Begiak itxita goxo
etorkizunai begira,
nere zauriak, badakit,
lurpean itxiko dira,
ojala herriarenak
han itxiko ez balira!

Hitzak: Jexux Mari Irazu (Larraul, Gipuzkoa, 1972).
Doinua: Xabier Lete (Oiartzun, Gipuzkoa, 1944 — Donostia, Gipuzkoa, 2010).
Ahotsa: Jexux Mari Irazu (Larraul, Gipuzkoa, 1972).

(Berria egunkarian, 2017ko ekainaren 11n argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:AmoranteAnticontinenteHarkaitz CanoJexux Mari IrazuJon EnbeitaJoseba TapiaLa BasuLeire BilbaoMaite LarburuMentxu AlkortaMertxe OlidenMiren NarbaizaMixel EtxekoparMixel LabegerieMursegoNeighborOroiteriaXabi BandiniXabier Montoia