BADOK BLOGA

Zuriñe Hidalgo

2014.05.29

Zuriñe Hidalgo

Musika eta letra. Letra eta musika

Hurrengo lerroetan idatziko ditudan hitzek helaraziko dizuen mezua edo ikuspuntua, musikarekiko sentsazio pertsonal bat besterik ez da, azkenaldian nire buruan bueltaka dabilen gaia, eta gai horretatik sortutako hausnarketa pertsonala, besterik ez.

Letrarik gabeko kantak daude. Musika bere osotasunean protagonista den unea da hori, eta hauei, oro har, kantu instrumentalak deritzegu; bertan, instrumentuek soilik hartzen baitute parte. Beste hainbatetan, ordea, ez dago instrumentuen beharrik izaten musika sortzeko; naturak berak, hala nola, musika sortzeko gaitasuna baitauka. Amalurrak melodia ederrak eskaintzen dizkigu. Kasu hauetan, musikaren doinuak hitz egiten digu, oihu egiten digu edo besterik gabe, belarrira goxo-goxo xuxurlatzen gaitu. Toki ezezagunetara eramaten gaitu, aurretik inoiz bisitatu ez ditugun lekuetara hurbilduz, eta askotan, gure gorputzarentzat berriak diren sentsazioak deskubritzen eta bizitzen ditugu. Musikak inspiratzen gaitu, haserretzen gaitu, maitemintzen gaitu…. bat-batean, masailetik behera malko bat irristatzen ari dela ohartzen gara, zergaitia zein den jakin gabe; bestetan, nahi gabe, irribarre bat pizten zaigu; bestetan…

Niri halakoak ia egunero gertatzen zaizkit, edo hori behintzat nahiko nuke nik, esperientzia zoragarria baita. Adibidez, eta oso urrutira joan gabe, Sorotan Bele taldeko “Amodioaren eza” kantu instrumentala entzuten dudan aldiro, begiak ixten zaizkit, barruko dena uzkurtzen zait, hunkitzen naiz, eta jarraian, negargura pizten zait. Orduan, begietatik malkoak ateratzen zaizkit, saihestezina da, automatikoa. Ondoren, dantza egiteko gogoak izaten ditut. Ballet-a dantzatzen imajinatzen dut neure burua, areto ilun eta handi batean, besoak eta hankak luzatuz, toki batetik bestera salto eginez… eta nik, sekula ez dut ballet-a dantzatu. Sekula ez dut lehenago nire burua ballet-a dantzatzen irudikatu. Harrigarria. Bitxia da oso.

Musikak, izaki bakoitzari, mezu ezberdin bat bidaltzen dio, eta guk, modu batean ala bestean jasotzen dugu, modu batean edo bestean interpretatzen dugu, eta askotan, mezua zein den ez dakigu, ez dugu ulertzen… bakarrik sentitu egiten dugu.

Edo ez. Hau sentipen bat besterik ez da, musikarekiko esperientzia bat. Baliteke aurretik esandako guztiak ez edukitzea ez buru ez hankarik. Batzuk hala usteko duzue, letrarik gabeko kantu batek ezin duela mezurik transmititu, ezin dugula horren gaineko irakurketarik egin, ezin garela gehiegi emozionatu… laburbilduz, horrek ez daukala logika handirik, letrarik gabe, mezurik ez dagoelako eta beraz, interpretazioak ez daukala lekurik kantu hauetan.

Niri hitz hauek ezagunak eta aldi berean, kuriosoak egiten zaizkit, izan ere, nik ere sentsazio hau askotan izaten dut, eta beraz, identifikatuta sentitzen naiz. Baina hau, bestelako egoera batzuetan gertatzen zait. Musikak beti zeozer transmititzen didan moduan (ona, txarra edota axolagabekeria izan), askotan, musikari letra jartzen diogunean gauza alda daiteke. Musikari letra gehitzean eta letra horrek inongo funtziorik ez duenean, niretzat kantua apurtzen da, hondamena kantuaz jabetzen da. Egoera honek, aipatu berri dudan sentsazioa bizitzera narama: entzuten ari naizen letrak ez dauka zentzurik, guztiz zentzugabea baita eta ez da ezer esaten ari… zer demontre ari naiz entzuten?! eta oraindik okerrago… parranda botatzen ari naiz, horrelako kantu bat jarri dute eta, ai! konturatu gabe hura abesten hasi naiz edo buruz dakidala ohartu naiz. Noski, musika “pegadizoa” denez eta letra oso “sinplea”, erraz sartzen zaigu belarritik…

Gaur egungo kantu gehienek, musikaren konpainian, letra daramate. Letrek zerbait kontatzen digute, azken finean, mezuak dira, eta edozein mezuk zerbait esaten digu, edo behintzat, esaten saiatzen da. Mezu zuzenak izan daitezke, zeharkakoak, metaforez josiak… azken hauek dira nire gogokoenak. Hauetan, letra poesia bihurtzen da. Esaldiek magia puntu bat daukate eta metaforez jantzitako esaldi bakar batek interpretazio ezberdin asko sor ditzake. Musikarekin gertatzen den bezala, halako hitz jokoek mezu ezberdinak transmititu ahal dizkigute, edo hobe esanda, entzule bakoitzak esaldi horiek modu ezberdinetan uler ditzake. Bakoitzarentzat esanahi bat izango du. Hortxe topatzen dugu letren magia eta edertasuna.

Eta ez al zaizue inoiz gertatu kantu bat entzutea eta letrak ezer ez transmititzea? Hau entzun eta letra horrek ezer ez esatea? Mezu hutsak jasotzen arituko bagina bezala. Zein da bada, kantu horren funtzioa? Guztiz hanka motz gelditzen da. Zerbait idatzi da, bai, baina argi islatzen da zeozer idazteagatik izan dela. Letra sartzeko “beharra” ikusi da eta edozein gauza sartu da. Betiko bost hitz klabeak tartekatu, eta aurrera! Letra bukatuta. Modu horretan, oso erraza da letrak idaztea, edonork egin ditzake!

Badakit zaila dela baloratzen letra bat ona den ala ez, bakoitzak bere iritzia izango duelako, baina ziur nago pertsona orok izan dugula sentsazio hori. Ni, horrelako kanta batekin topatzen naizen aldiro, pena eta amorru izugarria sentitzen dut, eta gehien arduratzen nauena da ikustea, nola halako letrak idazten dituzten talde batzuk kristoren arrakasta lortzen duten. Hitz horiek jendearen ahoetan entzutea, musika itsaskorraren laguntzari esker barruraino sartu zaizkigulako.

Halako kasuetan, agian hoberena izango litzateke obra horretako pertsonai bakarra musika izatea; musikari hitz egiten uztea, letraren presentziarik gabe. Esaera batek esaten duen moduan, “hitz egitera zoazenean, zure hitzak isiltasuna baino hobeak izan daitezela” edo, “ez baduzu ezer esateko, ez esan ezer”. Horixe aldarrikatuko nuke nik.

Berriz diot, badakit letren kontua oso gai subjektiboa dela, baina… edozein idazlek edo kantagilek bere gain hartu beharreko ardura dela uste dut, bestela, daramagun erritmo honi esker, laister edozeini deitu ahal izango diogu “idazle” edo “kantagile”, edonork jarriko baitio “edozer” musikari. Momentu hau iristsiko balitz (eta tamalez, uste dut jada iritsi dela), artisten sormena eta benetako lana lurrera botatzen arituko ginateke.

Neure kasuan, abeslaria eta letren egilea naizen aldetik, esan dezaket, eta uste dut argi adierazi dudala, letrek kriston garrantzia daukatela. Nik, azken finean, letren eta hauei jartzen diedan melodien bidez sortzen dut kantuaren zati garrantzitsu bat, eta horrek, konpromezu itzela eskatzen dit. Ez dut instrumenturik jotzen, beraz, nire sortzeko era burua/buruhausteen, inspirazioaren, hitzen, paperaren eta arkatzaren laguntzarekin lortzen dut, eta emaitza hori, musikarekin bat egiten dut.

Hitzak, esaldiak… kantu oso bat. Hau da nire adierazteko era, nire terapia askatzailea, barruko dena hustutzeko modua… kantu bat osatzeko modua, musikari laguntzaile bat emateko modua. Normalean, kantu bat ez dut egun batetik bestera amaitzen, nahikotxo jaten baitut burua, askotan, akaso, honi buelta gehiegi ematen dizkiot.

Inoiz ez nuke idazteagatik idatziko, eta letra bat sortzen dudan bakoitzean, bi helburu nagusi izaten ditut: neurea propioa dena eta entzuleena. Neure helburu propioa gehienetan lortzen dut: esan nahi dudana, esan nahi dudan moduan gorpuztu dut. Askatu dut. Bigarren helburua, ordea, zailagoa da eta ez dakit lortzen dudan edo ez. Hau da, ez dakit zein punturaino entzuleei nire mezuak iristen zaizkien ala ez, baina ahalegindu naizen sentsazioarekin gelditzen naiz, eta beraz, ase.

Musika eta letra, letra eta musika; biak batera edo bakoitza bere aldetik. Artea, azken finean, gaur egun, gutxi baloratzen dena eta kriston garrantzia daukana. Egunen batean akaso, gai honen inguruan kantu bat idatziko dut, hemen eta orain idatzitako buruhausteak norbaitek ulertu ez baditu, ea kantu baten letrari esker mezua hobe eta sakonago iristen zaion.

ETIKETAK:HesianliteraturamusikasorkuntzaZuriñe Hidalgo