KONTZERTUAK

Kalakan eta Euskadiko Orkestra

Data
2021.10.22
Ordutegia
19:30
Udalerria
Bilbo
Lekua
Arriaga antzokia
Prezioa
Taldea

Euskadiko Orkestrak eta Kalakanek bat egingo dute euskal musika tradizionala bildu eta zabaltzea helburu duen proiektu batean, bi hanka nagusi izango dituena: batetik, hamabi kanta barne hartuko dituen eta Elkar diskoetxeak udazkenean argitaratuko duen disko baten grabazioa; eta, bestetik, disko horretan jasotako kantak aurkezteko urri eta azaroan Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Donibane-Lohizune eta Donostian antolatu den zuzeneko kontzertu-sorta. Jagoba Astiazaranek egin ditu kantu horien orkestrarako moldaketak eta Juanjo Ocón da musika zuzendaria.

KlasikAT ekimenaren baitan kokatzen den proiektu berri honetan, Kalakan eta Euskadiko Orkestraren arteko elkarlan honen muina euskal musika tradizionala izango da. Urte luzeetan Kalakan taldeak euskal folklorea berritzen egin duen saiakera mundu klasikoarekin uztartzea da proiektuaren helburu nagusia.

Hirukoteak argitaratu dituen hainbat kanta orkestraren mintzairara ekarri ditu Jagoba Astiazaran konpositoreak, tartean, euskal kantagintzan aski ezagun diren “Iruten ari nuzu” edo “Kantuz”. Kalakan taldeak erabili ohi dituen hainbat instrumentu tradizionalek ere presentzia nabarmena izango dute, txalaparta, txirula edo alboka esaterako, zeintzuk beste instrumentuekin batera orkestran txertatu diren.

Horretaz guztiaz gain, Xalbador bertsolariaren hainbat hitz jasoko dira, propio proiektu honetarako sortu diren piezetan, baita Mikel Laboa eta Joxean Artzeren Txoria txori kantaren bertsio guztiz ezberdin bat ere.

Modu honetan, Euskadiko Orkestra euskal kantagintza eta instrumentu tradizionalen bozgorailu bihurtuko da, eta ahots eta perkusio soilei merezi duten oihartzun eta hedapena ematen lagunduko du.