Hesia urraturik – Xabier Lete in memoriam
Arriaga Antzokian egin zuen Xabier Lete poetak bere azken agerraldi publikoetako bat. 2010ean izan zen, Egunsentiaren esku izoztuak liburua aurkezteko biraren amaierako ekitaldi gisa, Joxan Goikoetxea musikaria lagun zuela. Orain, Leteren heriotzaren 10. urteurrena dela eta, HESIA URRATURIK estreinatu eta argitaratu du Goikoetxeak. Alegoria moduko oratorio sinfoniko-korala da, Leteren zenbait testu eta melodiaren hautaketa berezia.
Hamahiru zati ditu oratorioak, 65 bat minutu irauten du, eta honetara bultzatzen gaitu: bere kezkak eta zalantza existentzialistak hain sakonki adierazten asmatu zuen artista handi haren pentsaera eta imajinario filosofiko-estetikoa gogoratzera eta aztertzera (grina, fedea, aberria, nostalgia, maitasuna, elkartasuna, berradiskidetzea, erredentzioa, itxaropena…).
Oraingoan ganbera-formatuan, «Literatura eta musika euskaraz» ziklora itzuli zaigu Goikoetxea, obraren egokitzapen berezi hau eskaintzera. Ziklo haren barruan egin zen, hain zuzen ere, Arriagako errezitaldi historiko hura. Ibilbide luzea eta bikaina duen eta proiektu hau gauzatzeko funtsezkoa izan den Landarbaso Abesbatza —Iñaki Tolaretxipiren zuzendaritzapean— izango du lagun Goikoetxeak. Beñat Egiarte tenor solistak, Klara Mendizabal sopranoak eta Xabier de Felipe biolin-jotzaileak osatzen dute bertsio berria interpretatuko duen talde aparta.