Antton Valverdek, 80 urte betetzear dituela, Gaua, ausentziaren itzala disko bikaina argitaratu du. Lan horrek agerian uzten du haren bertuterik onena: euskal poeta handiak dotoreziaz musikatzeko gaitasuna. Poeta horien artean bi bizkaitar daude, musikariak ibilbide osoan lagun izan dituenak: Bitoriano Gandiaga eta, batez ere, Lauaxeta. Azken horren lanekin disko oso bat kaleratu zuen 1978an, eta beti egon da bere errepertorioan. Valverdek jarduera artistiko jarraitu eta lasaiari eusten dio, berezko duen dotoretasunaz, eta disko berri honetan berritasun harrigarriak eskaintzen dizkigu. Diskoari izena eman dion Harkaitz Canoren Gaua poema, adibidez. Gaztelerara eta ingelesera itzulita, olerki beraren hiru bertsio sortu dira.
Zuzeneko emanaldian, egitura klasikoko abestien moldaketa zainduak eskainiko dizkigu Antton Valverdek. Proposamen fina dakar, ahots goxoari eta pianoa jotzean duen sentsibilitateari hirukotea (biolina/biola – txeloa – akordeoia) batuta. Arriaga antzokiko kontzertua aukera paregabea izango da euskal kulturak eman duen musika-erreferenterik garrantzitsuenetako bat txalotu eta goraipatzeko.
Antton Valverde (ahotsa eta pianoa), Jurdana Otxoa (biolina), Iván Carmona (biolontxeloa), Joxan Goikoetxea (akordeoia)