BADOK BLOGA

Juan Gorostidi

2014.10.22

Juan Gorostidi

Julen Axiari, ‘bengalifere’ hori

Joan den mendera arte Europako bidaiariek Afrikara, Asiara edo Ameriketara egiten zituzten bidaietatik, ohikoa zuten ordura arte inork ikusi gabeko animalien kontakizunekin itzultzea. “Bestiarioak” osatzen zituzten behinola han edo hemen entzundako animalia fantastiko horien inguruko istorio harrigarriekin, Borgesen El libro de los Seres Imaginarios liburuan (“Irudimenezko Izakien liburua”) jasotako ehundik gora deskribapenak, kasurako. Hegaztiak dira asko, edo arrainak, baina harrigarrienek handik eta hemendik daukate: narrasti hegalariak dira, edo itsasotik ateratzen diren zaldiak. Esan gabe doa haien ahalak inor txunditzeko modukoak direla eta, behin baino gehiagotan, oihu edo garrasi, kantu edo txilio xarmagarriz edo jasangaitzez betetzen dutela mundua; mundu hori gure baitako haluzinazioaz sortutakoa ote den edo inguru osoa betetzen ote duen hauteman ezinean uzten gaituzte. Bengalifere du izena animalia horietako batek, Chevalier Bruce-ek Abisinian ikusitakoak, eta Willughby-k Ekialdeko Indietan: basakatu hegalaria, haien arrek kantu eder baten jabe omen.

4563576

Eta Bengalifère izendatu du bere burua hiruko musikari talde gazteak: Matthieu Lebrun saxofoietan, Jordi Cassange kontrabaxuan eta Julen Axiari perkusioetan eta kantuan, eta izenaren hautu horretan, animalia fantastikoek sorrarazten diguten harriduraz entzuten ahalegintzeko gonbitea dago, ziurrenik.

Zaila baita –are musikaren produkzioan– ezer berria aurkitzea ia egunero berrikuntzaren bat eskaintzen zaigunean; zaila, errepikapen etengabe horren saturazioan, zerbait benetan berri datorrenean horretaz jabetzea. Zaila berebat pastoralean ikusi eta entzun dugun kantaria Kongoko perkusio jotzaile gisa aurkitzea lehen edo gero, hango dantzari eta musikariekin bat eginda eta, finean, aspaldian amaitu ziren elezaharretako kez eta alkoholez blaitutako bizimodu txarreko gau-klubetan deabrututako beltz batzuek sortu omen zuten jazz musika hura jaso eta ganbara musika garaikidea sortzeko gai direnekin aurkitzea. Non kokatuko dute halako kantari bat gure diskoetxeetako marketin buruek edo etiketa ezinbesteko duten gainontzeko taxonomistek? Animalia fantastikoen bestiarioetan beharko nonbait.

argazki1

Julen Axiari eta Mathieu Mendizabal ‘Gerezien denbora’ pastoralean, Itsasun. (Cristian Martinez)

argazki2

Julen Axiari Kongoko ngoma danborra jotzen Mobembo taldean aurtengo Xiru festibalean.

Julen Axiari dugu bengalifere hori, hiruko horretan perkusio musikaz gainera kantatzen ari dena. Beñat Axiariren semea izanda –eta haren eskolakoa–, zer esan honen ahotsaz, kantaeraz? Oso bestelakoa dela entzun nahi duenarentzat: aitaren potentziaren eta etengabe eutsi beharreko gehiegikeriarako joeratik urruti, Julenen jarioa iturri delikatu batetik sortzen da, zalutasun kromatiko harrigarriak erdietsiz. Diskoaren lehen konpasetik aurkezten zaigu haren ahotsa, Petit Bengale deviendra grand izeneko piezan, Lebrunen saxo hots bizkorrari, Cassangeren baxuari eta haren perkusioari atxikita, baina desagertu egingo da gero, noiz itzuliko den jakin gabe:

Berragertze hori guztiz beste giro batekoan suertatuko da, hirugarren tokia hartzen duen Red Cloud-en:

Aurrenekoan hiru musikarien joko harmoniko eta erritmikoak nabarmentzen badira –eta hori da Lebrunek izenpetutako disko honetako lau piezen ezaugarri nagusia–, Cassangeren honetan, melodiaren kolorea da nagusi, Julenen ahotsa baxuak eskaintzen dizkion oinarrietan bermatuta bezala herrestan doalarik.

Esan bezala, zaila da musikari gazte hauen lana etiketatzea, labainkorra baita planteamendutik beretik: jazza esango diogu, baina adiera horrek ezer gutxi adierazten du aspaldi honetan, oinarri soil batzuetatik inprobisaziora daraman espazio zabalak arakatzeko egiten den zerbait, bai, baina molde guztiz higatuetan barrena mugitzen da maiz. Hirukote honen kasuan, ganbara-jazz askea dela esango nuke, intimitatean behin eta berriz entzutekoa egiten zaidalako, eta jazz musikari berritzaileenetatik hainbatek (Ornette Coleman-etik Daunik Lazro-ra) “musika garaikidea” izendatzen den mugarik gabeko esparruan egiten den etengabeko bilaketan parte hartzen duelako. Hogeita hainbat urteko musikariok heldutasun aparta erakusten dute, eta bere eskaintzan bospasei minutu irauten duenak hogei edo hogeita hamar iraun zezakeen, zuzeneko trantzeetan mota honetako musikariekin gertatu ohi bezala, entzulea sortzaileen bidaian sartzeko gai denean.

Baina –entzuten dut zurrumurrua– euskal kantuaz ari al gara, euskal musikaz, bederen? Nahiko nuke Julen Axiarik eta Matthieu Lebrunek Kongotik etorritako lagun birekin osaturiko Iturengo arotza-ren bertsioaren antzeko gehiagorik sortuko balira gurean.

ETIKETAK:Julen Axiari