BADOK BLOGA

Zuriñe Hidalgo

2014.11.04

Zuriñe Hidalgo

Joan eta etorriak

Musika talde baten barruan formazio aldaketak ematen direnean, inoiz ez da kontu erraza izaten, eta kasu honetan, ez naiz taldearen kanpo ikuspegi edo itxurari erreferentzia egiten ari (nahiz eta honek ere eragina izan). Ni barne mailan zentratzen ari naiz, taldekideen artean geratzen den horren inguruan.

Baliteke ni oso sentibera izatea, maitakorra, pertsonekin modu errazean eta neurri batean, nahiko azkar, lotura afektiboak eratzen dituen pertsona horietako bat, eta beraz, egoera hauek ez ditut batere ongi eramaten.

16 urterekin hasi nintzen musika talde baten partaide izaten. Nere lehenengo taldea, Jeimon Turk Band izenekoa.

Osotara, bederatzi lagun ginen. Musika egiteko, kantuak sortzeko, esperimentatzeko… hau da, gustatzen zitzaiguna egiteko elkartzen ginen, baina kontua ez zen hor gelditzen. Kuadrilla bat ginen, bere afariak, parrandak… egiten zituen kuadrilla. Dena primeran zihoan, ekipo bat ginen, musika kontuetan, beti elkarrekin. Baina taldekide batek taldea utzi behar zuela aitortu zigunean (kasu honetan, niretzat taldean pisu handiko laguna zena, eta nerekin batera kantu gehienak konposatzen zituen taldekidea), neri mundua gainean erori zitzaidan. Momentu horretan, lehen bizipen horretan, eskemak guztiz hausten zaizkizu eta ez dakizu nora jo. Galduta zaude. Oraindik ere, momentu hori bergogoratzean, sentsazio hori barrenean senti dezaket… nere lehenengo “kolpea” izan zen.

Hala ere, aurrera egiten duzu. Urteak pasatzen dira eta aldaketa gehiago etortzen direla ikusten duzu. Taldekide batzuk beste lehentasun edo beste proiektu batzuk dituzte esku artean, eta beraz, alde egitearen erabakia hartzen dute.

Bai, aurrera egiten duzu, baina hasieran, lur jota gelditzen zara, abandono sentsazioarekin. Hurrengo egunetan, entseguetan, kontzertuetan… pertsona hori edo horiek ezin dituzu guztiz ahaztu, hor jarraitzen dute, faltan botatzen dituzu, eta zeure barrenean, sentimendu arraro bat, sentimendu garratz bat somatzen duzu.

Baina tira! bizitza bera halakoa da ezta? batzuk joaten diren moduan, beste batzuk etortzen dira, eta zuk, aurrera egin beharra daukazu, zure proiektuarengatik borrokatzen jarraitzen duzu.

Egia esan, askotan, kontu honekin “trauma” txiki bat ez ote dudan hartu galdetzen diot neure buruari.

Nere lehenengo taldean, aldaketa dexente izan ziren… eta negar pila egin nuen. Horrelakoa naiz, ezin nuen (ezin dut) ekidin.

Denborarekin, arrazoi ezberdinek eraman ninduten “nirea” sentitzen nuen proiektu hura uztera. Oso gogorra egin zitzaidan, mila eta mila buruhauste… baina iritsi zen eguna zeinetan erabakia hartu nuen, nere bizitzako erabaki konplikatuenetariko bat, asko kostatu zitzaidana, baina bestetik, ongi ari nintzela sentitzen nuen. Oso gaizki pasa nuen. Asteak, hilabeteak, urteak… pasa behar ziren; hala ere, egun, sentimendu horren zatitxo batek barruan jarraitzen du. Ez duzu guztiz ahazten.

Hesian taldean sartzean, kuadrilla berri bat sortu zen. Kuadrilla bat, denborarekin, familia bihurtu zena.

Gogoak, ilusioa… berriz ere, mundua jateko nahiaren sentsazioa. Zoriontsu nintzen! Hutsik zegoen hutsune hori, berriz ere bete zen. Bete baino, hutsune horrek poztasunez gainezka egin zuen! Orduan,  %100 ez, nere %150 emateko prest nengoen!

Zortzi ginen, harreman oso estua geneukan gure artean, mundu honetan gehien maite genuena egiteko elkartzen ginen… ez nuen gehiagorik nahi! Egoera hau luzerako izatea besterik ez… bai, oso inuxentea nintzen.

Aldaketak hasi ziren, taldekideen alde egiteak. Momentu bat iritsi zen non haserrea sentitu nuen. “Malko asko bota ditut dagoeneko, ez dut negar gehiagorik egingo. Pertsona bakoitzak bere erabakiak hartzen ditu, eta horrela bada, ez dago zer esanik eta zer eginik. Harri bihurtuko naiz, ez dut gehiago gaizki pasako…”  nere burua teoria horrekin konbentzitu nahiean, baina ezin. Alferrik. Sentsazio hori errepikatzen da, ezinezkoa da sahiestea.

Urte hauetan guztietan zehar gauza asko ikasi ditut eta testu honetan orain arte aipaturiko guztiak kutsu tristea edo dramatikoa dutela ematen duen arren (niretzat gai zaila da, eta gainera, askotan, nahiko drama-shower naiz…) ez ditut gauza onak ahaztu nahi, asko dira eta.

Pertsona bat joaten da, beste ibilbide bat hartzea erabaki duelako, baina joate horrekin, etorrera bat dago, eta etorrera horiei esker, pertsona berriak ezagutzen dituzu. Pertsona izugarriak, asko emateko dutenak.

Familia aldatzen da, bai, baina familia izaten jarraitzen du. Lagun, bizipen, ekarpen… berriak. Taldea eboluzionatzen dihoa, taldekide bakoitzak, taldeari bere ukitu eta xarma ipintzen diolarik. Berriz diot, pertsona izugarriak ezagutzen dituzu, musikari bezain pertsona onak direnak. Pozik zaude hauek ezagutu izanaz.

Denborarekin, “ikasten” duzu; aldaketen kontua, bizitzako eta kasu honetan, taldeetan gertatzen den gauza normala dela ikusten duzu eta asimilatzen saiatzen zara. Baina, guztiz ohitu? Sekula.

Behin hor egon diren pertsona horiek ez dituzu inoiz ahaztuko, markatuta geratzen zaizkizu, onerako, edo txarrerako. Hor egoten jarraitzen dute, eta hor egoten jarraituko dute.

Bakoitzak bere bidea egin behar du, ez beste inorena. Bakoitzak bere erabakiak hartu, eta gainerakoek horiekin aurrera egin. Gutxi batzuk datoz betirako geratzeko asmoarekin. Bizitza horrelakoa da, ziklo bat da, eta ziklo horretatik pertsona asko igarotzen dira. Goazen ba bakoitzaren gauza onenekin gelditzera, ikasitako guztiarekin, oroitzapen on guztiein, atzera begiratu gabe eta uneoro, momentu horretan ondoan duzunarekin topera biziz, aurrera eginez!

Muxu bat bidali nahi diet, lehenago edo beranduago, denbora luzez edo motzez, toki batean edo bestean, nere bizitza musikaleko zatitxo bat zuekin konpartitzen utzi didazuen guztiei… zuekin ere, asko ikasi dudalako, mila esker!