HISTORIA

Kantaldien garaia

2761

Txanpinoien aroa deitu izan zaio 70eko hamarkadan Euskal Herrian gertaturiko kantarien ugaltzeari. Mixel Labegeriek ireki eta Ez Dok Amairu taldeko kideek zabaldutako kantagintzaren bidera izen berri asko agertu ziren. Horren arrazoietako bat Larrun aldizkariaren 1985. urteko zenbaki batean aurkitu dugu: «Ez Dok Amairuk artista, kantaria, desmitifikatu, dignifikatu, gizakiagotu eta herrikoitu duen heinean eta entzule eta kantariaren arteko urruntasuna gutxiagotu duenean, gaztea berez ausarta delarik eta parte hartzeko aukera izaten duenez, gogo biziz joaten da kitarra hartuta ikusten duen eszenatokira berea egitera». Hala idatzi zuten Markox Iraolak eta Xalbardinek, Euskal kantagintzaren aldaketak ulertu nahiz izenburudun artikuluan (1).

70eko hamarkadaren erdialdetik aurrera Ez Dok Amairukoekin euskal kantagintzan protagonismoa bereganatu zuten kantariak urte batzuk lehenago hasi ziren abestiak sortzen eta lehen kontzertuak ematen: Etxamendi eta Larralde 1967an, Imanol Larzabal eta Pantxoa eta Peio 1969an, Hibai Rekondo 1970an, Gorka Knorr 1971n, Urko eta Gontzal Mendibil 1974an… Jon Enbeita, Jon Bergaretxe, Edu Iriondo… eta beste kantari asko sortu ziren garai berean. Egoera politikoa arras aldatu zen 1973an, ETAk Luis Carrero Blanco Espainiako gobernuburu eta militarra hil ondoren. Francoren diktadura azkenetan zegoen, ETAren hedapen ideologiko eta kulturala gero eta handiagoa zen, errepresioak askatasun egarria areagotu besterik ez zuen egiten, eta aldarrikapen politikoen bozgorailu bilakatu ziren jaialdiak. «Jendeak esperantza dauka. Garai ilun eta triste bat amaitzear sentitzen du, eta kantariek abestu dituzten egunsenti argitsuak, injustiziaren amaiera, herriaren askatasuna, esperantzari eskainitako himno guztiak gauzatzeko, egiztatzeko, errealitate bihurtzeko sasoiaren zain dago, eta sasoi hori hurbil sentitzen da», idatzi zuen Pako Aristik (2).

Kantariak bihurtu ziren esperantza eta amets guztien bozeramaile, politikarien ordez. Eta herriak jarraitu zien. Kantaldiak ugaritu egin ziren, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian, herrietako frontoiak eta plazak milaka lagunez eta ikurrinez betetzen hasi ziren, eta ordura arteko kantu jaialdietan ezagutzen ez zen osagai berri bat agertu zen: entzuleen parte-hartzea. Emozioa, herriaren ilusioekiko lotura eta bultzatzen ari diren aldaketetan parte izateko sentimendua azaleratuko dituzte kantaldiok. Fenomeno horretan bada mugarri bat: 1976ko martxoaren 27an Herri Irratiak Donostiako Anoeta belodromoan antolaturiko 24 orduak euskaraz jaialdia. Artze anaiak, Jean Mixel Bedaxagar, Lourdes Iriondo, Gorka Knorr, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Lupe, Gontzal Mendibil eta beste hainbatek hartu zuten parte ekitaldi gogoangarri hartan. «Hortik aurrera beste neurri bat, beste itxura bat hartu zuten jaialdiek. Hor zerbait piztu zen, eta gero, nik uste, toki askotan Anoetan bizi izan genuen giro hori sortu nahi izan zela, eta batzuetan pixka bat artifizialki. Han gertatu zena esplosio bezalako bat izan zen, inork ez zekien aurretik zer gertatuko zen», azaldu zuen Peio Ospitalek (2). Beste jaialdi garrantzitsu bat Bai euskarari kanpainaren amaierakoa izan zen. Bilbon, lepo betetako San Mames futbol zelaian ospatu zen, 1978ko ekainaren 17an, eta hainbat kantari, bertsolari eta idazle bildu zituen: Lourdes Iriondo, Jean-Louis Davant, Gorka Knorr, Mikel Laboa, Lupe, Xabier Amuriza, Urko, Antton Valverde, Gontzal Mendibil, Xabier Lete, Oskorri, Pantxoa eta Peio… Kantaldia grabatu egin zuten, eta zuzeneko disko bikoitz batean argitaratu.

Kantaldien gorakadak isla zuzena izan zuen diskoen ekoizpenean eta salmentan. Diskoetxe berriak agertzearekin batera (IZ, Elkar…) kantuak grabatzeko eta argitaratzeko inoiz baino aukera gehiago izan zuten kantariek, eta disko batzuek ezohiko salmenta kopuruak erdietsi zituzten. Pantxoa eta Peioren lehen disko luzea eta Urkoren Sakonki dira bi adibide. Ez da harritzekoa, beraz, Espainiako zenbait diskoetxe handik (CBS, Movieplay, Zafiro…) euskarazko diskoak salgarriak zirela ikusita, hemengo kantariengana jotzea: Oskorri, Urko, Niko Etxart, Gorka Knorr, Iñaki Eizmendi, Miren Aranburu, Lupe… Are gehiago, gaztelaniaz abesten zuten zenbait kantarik euskaraz disko bat grabatzea erabaki zuten: Patxi Andion (Joxe Maria Iparragirre Patxi Andion’en erara), Mocedades (Kantaldia)… Urte batzuk geroago, gauza bera egingo zuen Mocedades taldeko abeslari Amaia Urangak ere (Lilura urdinak).

Sukarrak 1978ra arte iraun zuen, ordutik aurrera kantaldiek behera egin zuten. Kantari batzuk nekatu egin ziren kontzertuak mezu politikoetarako baliatzeaz, eta erretiratu egin ziren, apur bat desengainaturik; beste batzuk bestelako bide musikalak eta estetikoak jorratzen hasi ziren, eta politikoei utzi zieten aldarrikapenen zeregina… Iraola eta Xalbardinen arabera, «euskal kantagintza berria deitu den horretako partaideak, lehen emozio politikoekin oso, eta baita gehiegi ere, lotutako jendea politikagintzari uko egiten hasten da. ‘Politikoek erabili egin gaituzte, politika egiteko beste bideak badira’ leloa gero eta gehiago entzuten da, eta ‘artistak jan egin behar du’ eta ‘kantariak egin behar duena da bere lana kalitatez egitea’ esaldiekin batera, artista inportante sentitzen hasten da. Protagonista berria artista da, edo sentitu nahi du, eta herri osoaren (edo kantaldietara zihoan zatiaren) sentsazioen partaide kualifikatu bat izatetik berak zentro izatera pasa nahi du» (1).

80ko hamarkadarekin batera, kantautoreak bigarren plano batera pasa ziren, salbuespenak salbu. Lehen folk eta rock taldeak (Errobi, Itoiz, Izukaitz, Haizea, Oskorri…) hasi ziren haien lekua hartzen, eta Rock Radical Vascoaren agerpenak erabateko etena ekarri zuen.

Testua: Jon Eskisabel

  • (1) Larrun, 5. zenbakia, 1985eko abendua
  • (2) Euskal kantagintza berria. 1961-1985 (Pako Aristi, Erein)
2014.04.25